Microsoft
Microsoft (Microcomputer Software) Estatu Batuetako informatika-enpresa bat da, Bill Gates eta Paul Allenek sortua, munduko garrantzitsuena konputagailuen software-merkatuan. Bi sortzaileek oraindik ere akziodun nagusiak izaten jarraitzen dute. Besteak beste, oso erabiliak diren DOS eta Windows sistema eragileak sortu ditu.
2009an Espainiako Errealitate Eleaniztunaren Sustapen Saria jaso zuen.
Europako Batzordeak enpresa teknologiko erraldoiekin 2023an osatu duen zerrendan sartu zuen (Alphabet, Amazon, Apple, ByteDance, Meta eta Microsoft). Enpresa horiek merkataritza elektronikoari buruzko 2022an ezarritako arau berriak bete beharko zituzten Europan. Bruselak «atezain digital» gisa identifikatu ditu enpresa horiek, uste baitu nahikoa indar badutela merkatuaren oreka baldintzatzeko.[1]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]William H. Gates III.ak eta Paul Allenek sortu zuten 1975ean. Gates eta Allenek eskolan ezagutu zuten elkar; programatzeko zaletasunak elkartu zituen. 1975ean BASIC programazio-lengoaiaren lehenengo bertsioa prestatzen aritu ziren, lehenengo konputagailu pertsonalarentzat, (MITS-en Altair). Lan horrek Microsoften sorrera bultzatu zuen, Alburquerquen (Mexiko Berria), urte hartan bertan. 1979an, Redmondera (Washington) aldatu zuten konpainia. 1983an Allenek dimisioa eman zuen, osasun-arazoengatik, baina, geroago, Zuzendaritza Batzordean sartu zen atzera. 1987an 15 langile eta 500.000 dolarreko fakturazioa izatetik, 1997an 22.000 langile eta 11.400 milioi dolarreko fakturazioa izatera igaro zen konpainia. 1981ean, Microsoftek, programazio-lengoaien merkatua zabaltzeko lehen urratsa eginez, MS-DOS sortu zuen, IBMren lehen ordenagailu edo konputagailu pertsonalarentzat. Orduan, tresna informatikoen beste fabrikatzaile batzuk konbentzitu zituen MS-DOS banatzeko, eta MS-DOS, berez, ordenagailu-mota horietako software estandar bihurtu zen. 1980ko hamarraldian, Microsoften eta IBMren arteko elkarlanak informatika-industriaren lehen merkaturatze masiboa ekarri zuen, MS-DOS sistema eragileari eta mikroprozesagailuei esker. MS-DOSek software estandar gisa izan zuen onarpen zabalak egun dagoen lekura eraman zuen Microsoft konpainia. 1991n Microsoftek eta IBMk zeinek bere bidetik segitzea erabaki zuten, hamar urteko elkarlana amaitutzat eman ondoren. IBMk Microsoftekin batera gauzatzeko asmoa zuen proiektu bati heldu zion (OS/E sistema eragilea), eta Microsoftek, aldiz, Windows sistema eragile grafikoa lantzea erabaki zuen. 1990ean Microsoftek Windows 3.0 jarri zuen salgai, eta 1992an Windows 3.1. 1993an Windows NT kaleratu zuen, enpresentzat diseinaturiko sistema eragilea. 1995ean, Windows 95 merkaturatu zen; salgai jarri zenetik bi hilabeteko tartean zazpi milioi kopia inguru saldu ziren. 1990eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, sareetara eta Interneten mundura hurbildu zen. 1995ean MSN(Microsoft Service Network)sareko zerbitzua abiarazi zuen. Eta Explorer nabigatzailea ere merkaturatu zuen. 2001eko urriak Windows XP sistema eragilea merkaturatu zuen, eta, urte berean, Xbox merkaturatu zuen video-jokoen kontsolen merkatuan sartzeko. 2007an Windows Vista sistema eragilea atera zuen, eta Windows 7 2009an.
Microsoften jardueraren beste alderdi aipagarri bat aplikazioen softwarea izan da. 1984an Apple Macintosh ekipoentzat aplikazioak egiten zituen konpainia bakarrenetako bat zen. Macintoshen ingurune grafikoarentzat aplikazioak prestatzen lortutako esperientziari esker, arrakasta handia izan zuen Windows ingurunearentzat prestatutako aplikazioetan: Excel kalkulu orriarekin eta Word testu-prozesatzailearekin, besteak beste. Gaur egun, aplikazio horiek berdin erabil daitezke Windowsen eta Macintoshen. Microsoften beste produktu batzuen artean, konputagailuak eta hardware-osagaiak elkarrekin lotzen dituzten sare-sistemak aipa daitezke. Microsoftek, bestalde, datu-baseetarako softwarea (Access) eta multimedia-aplikazioak sortzen ditu, haurrentzako produktuetatik hasi eta kontsulta-obretaraino. Hain azkar zabaldu den informatika-produktuen merkatu honetan, Microsoft monopolioa bereganatzeaz akusatu dute. 1990ean, Estatu Batuetako Merkataritzaren Batzorde Federalak konkurrentzia librearen kontrako ustezko jarduerez akusatu zuen, baina azkenean, erabaki bat hartu ezinik, auzia bertan behera geratu zen. Estatu Batuetako Justizia Sailak ikerlanetan jarraitu zuen, eta hitzarmen bat egin zuen Microsoftekin, konputagailu-fabrikatzaileei sistema eragileak saltzeko eta baimenak emateko modua alda zezan. Hala ere, 1995eko otsailean, Estatu Batuetako epaile batek atzera bota zuen hitzarmena. Urte hartan bertan, Microsoft eta DreamWorks SKG-ek bat egin zuten aisia-programa berriak merkaturatzeko. Halaber, Microsoftek The Microsoft Network merkaturatu zuen, Interneterako sarbidea eta informazio mota desberdin asko eskaintzen dituen zerbitzua, eta NBC telebista katearekin bat eginda, MSNBC sortu zuen, kable bidezko telebista, 24 orduz aritzen dena, albisteak, elkarrizketak, informazio orokorra eta Internet zerbitzua eskaintzen.
Produktu esanguratsuenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]"Atezain digitala"
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2022an Europako Batzordeak merkataritza elektronikoa arautzeko bi lege onartu zituen zehazki Interneteko atari handiek merkatuan duten abusuzko praktikak murrizteko eta lehia orekatzeko: Zerbitzu Digitalen Araua (ZDA) eta Merkatu Digitalen Araua (MDA). Lege horiek aukera ematen diote batzordeari isunak jartzeko, uste badu enpresa batek merkatuaren lehia askea oztopatzen duela. Monopolio jarduna duela berretsiko lukeen ikerketa txostenik gabe zigortzeko ahalmena ematen dio, gainera.[2]
Europako Batzordeak irizpide batzuk ezarri ditu enpresa bat «atezain digitala» den edo ez ebazteko. Esaterako, azken hiru urteetan 7.500 milioi euroko fakturazioa izatea Europako Batasuneko herrialdeetan, edo gutxienez 45 milioi erabiltzaile aktibo izatea, eta 10.000 enpresa erabiltzaile. Sei betetzen dituzte baldintza horiek guztiak: Alphabet, Amazon, Apple, ByteDance, Meta eta Microsoft.[2]
Merkataritza elektronikoaren arauak debekatu egiten die enpresei beren zerbitzuen bidez eskuratutako datuak beste zerbitzuekin lortutakoekin bateratzea. Alegia, Metak ezingo du Facebook bidez eta Whatsapp bidez lortutakoa bateratu. Era berean, ezingo dituzte erabiltzaileak behartu konpainiaren aplikazio jakin batzuk beren gailuetan instalatuta izatera. Eta finantza erakundeek ordainketa zerbitzu alternatiboak eskaini ahal izango dituzte, halaber. Araua urratuz gero, urteko sarreren %20rainoko isunak jaso ditzakete enpresek.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Biain, Aitor. (2023-09-08). «Bruselak baldintza digital zorrotzagoak ezarri dizkie sei erraldoi teknologikori» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-09-08).
- ↑ a b Biain, Aitor. (2023-09-08). «Bruselak baldintza digital zorrotzagoak ezarri dizkie sei erraldoi teknologikori» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-09-08).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Webgune ofiziala