Edukira joan

Kaliforniak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Espainia Berria XIX. mendearen hasieran[1]
Artikulu hau Ipar Amerikako lurraldeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kalifornia (argipena)».

Kaliforniak edo Kalifornietako probintzia (gaztelaniaz: Las Californias) Ipar Amerikako kontinenteko hego-mendebaleko lurraldea da. Geografiari dagokionez bi partetan banatzen da:

Mexikoren konkistaren ondoren, Hernán Cortések talde batzuk bidali zituen Ozeano Barearen kostaldea esploratzera. Haietako batek, Diego Becerra de Mendozak gidatzen zuenak, Kaliforniako ekialdeko kostaldea aurkitu zuen, eta uhartea zela uste izan zuen.

1539an Francisco de Ulloak mendebaldeko kostaldea eta kontinentearekiko lotura aurkitu zituen. Lurraldea idorra zen, oso pobrea, eta indiarren zibilizazio maila oso apala; horregatik irrizko izena eman zioten (California), Las sergas de Esplandián zalduneria liburuko alegiazko herrialdearen izenetik hartua. 1542an Pedro de Alvaradoren espedizioak, Juan Rodríguez Cabrilloren agindupean, Kalifornia Garaia aurkitu zuen. 1596an Sebastián Vizcaínok penintsulako aurreneko kolonia sortu zuen, perla arrantzarako, eta 1602an Monterreyko badia aurkitu zuen. Bidaia horietatik sortu zen Kaliforniako aberastasunen ospea.

XVII. mendean zehar zenbait bidaia egin ziren Kalifornia Beherea kolonizatzeko eta kristautzeko helburuarekin, baina ez zuten onik izan jesuita batzuek, Salvatierra, Juan de Ugarte eta Piccolok lehen misioa (Loreto) eraiki zuten arte. XVIII. mendearen hasieran Juan de Ugarte nekazaritza irakasten hasi zitzaien indiarrei, eta 1721ean golkoa aztertu zuen. 1743an Keller eta Sildermayr jesuitek Colorado ibaia esploratu zuten. Jesuitak kolono zuriak eramatearen aurkako ziren, baina 1768an handik egotzi zituztenean militarrek misioak hartu zituzten.

Kalifornia Garaia frantziskotarrek kolonizatu zuten, Junípero Serraren gidaritzapean. 1769an San Diegoko misioa eraiki zuten eta 1770ean San Carlosekoa, militarrentzako gotorlekuekin batera. 1776an sortu zen San Franciscoko misioa, hiriaren jatorri izan zena, eta 1781ean Los Angelesko herria. Frantziskotarrek eraman zituzten hara Mediterraneoko landareak, Kaliforniako nekazaritzako gaur egungo aberastasunaren oinarri direnak. 1819an Estatu Batuekin egin zen itunak Kaliforniaren iparraldeko muga finkatu zuen, 42°-tan. Mexikok burujabetza lortu ondoren Kaliforniak Espainiako koroari leial jarraitu zuen 1822 arte. 1834an Mexikoko errepublikak koloniak suntsitu zituen, eta geroago emigrante anglo-saxoiek geratzen ziren indiarrak hil zituzten. 1846an Mexikok Estatu Batuei eman zien Kalifornia Garaia.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. García Cubas, Antonio. (1857). Atlas geográfico, estadístico e histórico de la República Mexicana. J. M. Fernández de Lara.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]