Kakemono


Kakemono (japonieraz: 掛物 , hitzez hitz, "gauza esekia") edo kakejiku (japonieraz: 掛軸 , "paper-biribilki esekia") japoniar margolan kaligrafiko bat da, kiribildutako zeta edo paper gainean egiten dena eta paretan bertikalki zintzilikatu ohi dena. Bi muturretan zilindro finko batzuk daude, jiku izenekoak, gainazal leuna eta laua mantentzen laguntzen dutenak, eta, aldi berean, artelana biltzea ahalbidetzen dutenak.
Makimono ez bezala, alboko noranzkoan zabaltzen dena, kakemono bertikalean zabaltzen da, gela baten barruko dekorazioaren zati gisa. Tradizioz, tokonoma baten barruan kokatzen dira. Chashitsu batean aurkezten denean, tearen zeremonia egiten den gela batean, kakemono eta ikebana motaren aukeraketak zeremoniaren girotze espirituala ezartzen laguntzen du. Shohekiga edo bionboa ez bezala, kakemonoa erraz eta azkar alda daiteke urtarora edo egoera berezietara egokitzeko.
Izenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Japonierazko kakemono| (掛物), kake(ru) (掛け/る) "eseki" eta mono (物) "gauza" arteko hitz elkarketa da, baina beste hainbat hitz ere erabiltzen dira[1]:
- kakejiku (掛軸)
- kakefuku (掛幅)
- jikumono (軸物)
- jiku (軸)
- fuku (幅)
- kake-e (掛絵) antzinako izena
- kakeji (掛字) antzinako izena
Zentzu hertsian, kakejiku hitza da egokiena margolan edo kaligrafia hauek izendatzeko, mutur batean ezartzen den haga (jiku) adierazten baitu esekita (kakeru) dagoenean. Japonierazko beste hitz batek, makimono, bilkari horizontala izendatzeko erabiltzen da, hau da, esekia ez degoena eta hortaz nahi adina luza ahal dena.
Horretaz gain, kakemono diptiko bat sōfuku izendatzen da eta triptiko bat sampukutsui.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kakemonoaren jatorria Txina da, Tang dinastiaren garaian (VII-IX. mendeak). Artelanak aurkezteko modu hau, seguru asko, sutra budistak erakusteko modutik dator[1], antzeko egituretan muntatuak. Horma irudien gurtzak, Tang dinastiara Tibetetik etorria, eragina izan zuen prozesu horretan, formatu horrek horma-irudien kopiak eramateko errazagoak egiten baitzituen. Ondoren, Japonian sartu zen Heian aroan, budismo esoterikoaren bidez. Hasieran, kakemonoak irudikapen budistak izaten zituen bere gurtzarako, edo kaligrafia edo poesia erakusteko. Kamakura aroan ohikoagoa bihurtu zen eta Muromachi arotik aurrera, zen budismoaren eragina zela eta, kakemonoa tearen zeremoniari lotuta egon zen. Errepresentazio gai ohikoenak paisaiak, loreak eta txoriak izan ziren, baita erretratuak eta poesia ere. Denborarekin, kakemonoa estimatuagoa bihurtu zen artelan bezala, gurtza-irudi bezala baino.
Hasieran, kakemono baten kokalekua finkatua zegoen: tenplu baten areto nagusian (butsuden), santutegi budista baten eraikin nagusian (hondou) edo horma nagusiaren erdian esekitzen zen. Kakemonoak butsudeneko beste gela batzuetako hormetan ere kokatzen ziren, eta, gerora, nobleen edo jende aberatsaren bizilekuetan ere bai. Shoin arkitekturako jauregi-eredua ezarri zenean, kakemonoak behin betiko kokapena aurkitu zuen tokonoma deritzon gelan.
Tearen zeremonia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tearen zeremoniarako, gela nagusia (chashitsu) apaintzen duen kakemonoa aukeratzeak garrantzia handia du, eta urtaroarekin harmonian aukeratzen da. Batzuetan, lau urtaroak adierazten duten lau panelez osatutako multzoak ere aurki daitezke. Txinan ez bezala, urtaroen gaia funtsezkoa da Japoniako poesia klasikoan, espiritualtasun budistak bultzatzen duen orainari eta iraunezintasunari emandako arretak indartuta.
Kakemonoko edukiak (irudia edo kaligrafia) zerikusia izan dezake zeremoniako gonbidatuekin, eta hausnartu beharreko esakun moral budista bat adieraz dezake.
Publizitatean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hedaduraz, publizitate munduko hiztegian, batez ere publizitate komertzialean, kakemono bat euskarri malgu eta plastifikatu batean inprimatutako afixa edo panel bat da, zabalgarria izan daitekeena, egitura arin batean ezarria.