Edukira joan

Julian Gaiarre

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Julian Gaiarre

(1881)
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakSebastián Julián Gayarre Garjón
JaiotzaErronkari1844ko urtarrilaren 9a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaMadril1890eko urtarrilaren 2a (45 urte)
Hezkuntza
HeziketaMadrilgo Goi Mailako Errege-Musika Kontserbatorioa
Hizkuntzakgaztelania
Erronkariera
Jarduerak
Jarduerakopera abeslaria eta antzerki aktorea
Ahots motatenorra
Musika instrumentuaahotsa

Find a Grave: 23355810 Edit the value on Wikidata

Sebastian Julian Gaiarre Garjón (Julian Gaiarreren jaiotetxea, Erronkari, Nafarroa Garaia, 1844ko urtarrilaren 9a - Madril, Espainia, 1890eko urtarrilaren 2a) opera abeslaria eta tenorra izan zen.

Gaur egun bere jaioterrian Julian Gaiarre museo-etxea dago.

Haurtzaro eta gaztaroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Julian Gaiarre Erronkari herrian jaio zen 1844an, laborari familia batean. Herriko eskolan oinarrizko ikasketak egin ostean, hamahiru urterekin eskola utzi behar izan zuen (nahiz eta maisuak gurasoekin hitz egin, umearen adimena zela eta), etxean lagundu ahal izateko, eta artzain hasi zen herrian bertan.

15 urterekin aitak Iruñera bidali zuen dendari. Anedkotak dio bertan ezagutu zuela musika: banda bat denda aurretik pasa eta horri segika joan omen zen, denda utzirik. Honegatik lanetik bota omen zuten, eta Erronkarira itzuli zen.

Horren ostean, errementari hasi zen Irunberriko forja batean, eta 18 urte zituela hura utzi eta Iruñera itzuli zen, bertan ere errementari jarduteko.

Musika ikasketak eta ibilbide musikalaren hasiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako hiriburuan forjan lan egin bitartean abesten omen zuen eta bere lagun batek, ahotsa entzunik, Orfeón Pamplonés abesbatza sortu berrian izena ematea proposatu zion eta han tenor gisa kantatzen hasi zen. Joakin Maia izan zen bere lehen musika irakaslea, baina honen bitartez Hilarion Eslava irakaslearengana jo zuen, eta harekin Madrilen jarraitu zuen, hango kontserbatorioan, 1865. urtean eskuraturiko beka batez. 1868an, kontserbatorioan antolatzen zen kantu lehiaketan bigarren saria lortu zuen, 24 urterekin.

Orduan hasi zen hara eta hona, zarzuelak eta operak abesten, korista bezala. Hala ere, 1868an Espainian Seiurteko Demokratikoa hasi zen eta beka guztiak kendu zituzten. Gaiarre dirurik gabe geratu zen, eta porrot egin zuen halaber saiatu zenean Joaquín Gaztanbide zuzendari nafarrarekin Ameriketara bira liriko baten joaten, ez baitzuten taldean onartu.

Iruñera itzuli zen orduan, eta dirua bildu zuen berriro, kontzertu batzuen bidez eta Nafarroako Diputazioaren diru-laguntza batn bidez, Milanen jarraitzeko bere karrerarekin, eta halaxe, hiri hartara heldu zen 1869. urtean.

Ibilbide profesionala eta ospea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Milanen zazpi hilabetez ahotsa lantzen aritu ondoren, jendaurrean kantatzeko aukera izan zuen Varesen lehenengoz (Giuseppe Verdiren I Lombardi opera). Zazpi urtez Europako antzoki ospetsuenetan kantatu ondoren, Milango Scala ospetsura itzuli zen Donizettiren La Favorita, bere obra gogokoena, kantatzera. Saioa guztiz arrakastatsua izan zen eta Scalako zuzendariek I Puritani (Bellini) eta La Gioconda (Ponchielli) obrak kantatzeko kontratua luzatu zioten.

Milango denboraldia amaitutakoan Buenos Airesa joan zen, eta arrakasta handia izan zuen bertan. 1877. urtean Londresko Covent Garden antzeztokian lanean hasi eta zazpi urtez egon zen bertan. Urte berean Madrilen kantatu zuen lehen aldiz (La Favorita, La Africana, O Paradisso, Higanoteak, Lucia de Lamemoor). Bilbon eta Iruñean kantatu zuen 1882. urtean. Osasun ahulekoa zen Gaiarre gaixotu, eta bere jaioterrira itzuli zen osatzeko.

1884. urtean Parisen egin zuen debuta Lucrecia Borgia obrarekin, eta ondoren Turin, Bartzelona, Valentzia, Sevilla eta Parisen bertan kantatu zuen. Handik urtebetera Parisko Opera Nagusian abestu zuen La Africana obrarekin eta, arrakastaz beti, Madrilera itzuli zen. 1889. urtean Madrilen hasi zen berriro, baina Bizeten Les pêcheurs de perles jokatzen ari zela, ezin izan zuen obra amaitu. 1890. urteko urtarrilaren 1ean hil zen.

XIX. mende bukaerako tenor onenetako bat izateaz gainera, oso pertsona maitatua izan zen. Bere garaiko idazle, musikari eta artistekin harremanak izan zituen: Mariano Benlliure, Sarah Bernhardt, Arturo Campión, Iparragirre. Omenaldi ugari eskaini zizkioten, bai bizirik zela, bai hil ondoren.

Gaiarreren euskara

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gaiarrek izebari euskaraz idatzitako gutunaren detailea

Julian Gaiarre euskalduna zen eta Madril, Bartzelona, Paris eta Italiako zenbait hiritako funtzioen amaiera gisa Gernikako Arbola kantatu ohi zuen.

Gainera, haren euskarazko gutun bat gorde da. Isidoro Fagoagak Erronkarira 1950ean egindako bidaia batean, Gaiarreren senitarteko batzuen etxean aurkitu zuen gutun hura, 1884ko abenduan Bartzelonatik bidalia bere izebari.[1]

Egungo hizkuntzalarientzat erronkariko euskara zenaren lekukotasun garrantzitsua da eskuizkribu hori. Honela transkribatu da gutuna:[2]

« Barcelona, 19 diciembre 1884

Ene tia Juana maitia: Eugenio sin da arro[nt] onqui. Quemen gaude anisco onqui guziac, eta ori, nola dago? Nai dia sin cona ichasoaren ecustra? Anisco andi da, tia Juana; nai badu nic dud anisco deuri orrentaco, vidagearen pagataco eta quemenco ostatiaren pagataco. Eztu eguiten quemen ozic batrere. Chaten dugu quemen anisco onqui eta guero artan dugu iror nescasci postretaco, eta gazte eta pollit.

Ha! Cer vizia! Tia Juana maitia, amar urte chiquiago bagunu...! Gorainzi guzientaco eta piyco bat nescachi pollit Erroncarico guziat.

Julian

»

Erronkariko euskararen zenbait ezaugarri nabarmentzen dira testu horretan.[3] Esaterako:

  • Fonetikan ageri dira herskari ahoskabeak sudurkari ostean (onqui, quemenco); kontsonante belar ozena ere bai hitz hasieran (cona, quemen); bada sinkopa edo kontsonante arteko bokal galerarik  (ecustra)...
  • Izenaren morfologian: -tako atzizkia zerabilen destinatiborako (Norentzat) zein prolatiborako (Nortzat): guzientaco (=guztientzat), postretaco (=postretzat)
  • Aditz morfologian, amaierako herskari ozena duen dud forma, bagunu adizkia… interesgarria da idazkia berorikaren lekuko gisa ere.
  • Sintaxian: genitibo objektiboaz baliatzea (ichasoaren ecustra, ostatiaren pagataco), galde-perpausetako aditz osteko –a (¿naidia sin cona…?)
  • Lexikoan: sin (etorri); chiqui (gutxi); deuri (diru)...

Gaiarreri buruzko biografia liburuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aunitz dira nafar abeslariaz idatzi diren biografia liburuak. Berriena 2015ean argitaratu zen, Julián Gayarre. La voz del paraíso izenburuarekin, eta Oscar Salvoch nafar musikari eta idazleak egina da; ia 1000 orrialdeko liburua. Huraxe da biografiarik zabal eta sakonena, gaur egun arte.[4]

Monumentua, antzokia eta museoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1902an Iruñean Gaiarre antzokia inauguratu zuten abeslariaren omenez. Haren omenezkoak dira halaber:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Gayarre Garjon, Sebastian Julian» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2018-02-03).
  2. Orueta, Koldo Ulibarri. (2016). «Julian Gaiarreren euskal gutuna: edizioa eta azterketa» Fontes linguae vasconum: Studia et documenta 48 (122): 409–432. ISSN 0046-435X. (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
  3. (Ingelesez) «Euskararen lekukoak: ERRONKARI - LINGUA NAVARRORUM» LINGUA NAVARRORUM 2014-04-13 (Noiz kontsultatua: 2018-02-03).
  4. (Gaztelaniaz) de Carlos, Idoia de Carlos. «Óscar Salvoch escritor, autor de biografías sobre Julián Gayarre: “Tenemos endiosado a Gayarre, pero era un tío campechano, de pueblo”» Noticias de Navarra 2015-05-31 (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]