Edukira joan

Josselingo zaunkatzaileak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zaunkarien sendatzea Notre-Dame-du-Roncier basilikako beirate batean.

Josselingo zaunkatzaileak (frantsesez: Aboyeuses de Josselin) erlijio oinarriak zituen histeria fenomenoa zen. Mendekosteetan eta Josselingo Notre-Dame du Roncierreko basilikan egiten zen erromerian trantze batean sartzen ziren emakumeak ziren. Trantzean sartzen zirenean zaunka-itxurako soinuak egiten omen zuten eta hortik dator izena. Fenomeno hau, batzuetan masen histeriaren mugimendu gisa ikusia, lekukotasun ugariek baieztatu zuten, 1728tik 1953ra.[1]

Kondairaren arabera, Notre-Dame du Roncier eliza 808an jazotako gertakari batetik sortu zen. Nekazari bat Oust ertzean lanean ari zen, harekin zihoan alabak, itsu arren, sasi batean (roncier) argi bat ikusi zuela oihukatu zuen. Baserritarrak bere igitaiarekin zuhaixka garbituko zuen eta Ama Birjina irudikatzen eta argia igortzen zuen zurezko irudi bat aurkitu zuen. Baserritarrak hartu egin zuen eta bere alabaren begietatik hurbil eduki zuen; neskak berehala berreskuratu zuen ikusmena. Mirari horren ondoren beste asko etorri omen ziren. Ondorioz, bertan eliza bat altxatu zuten. Eliza hori izango litzateke egungo basilikaren jatorria, baina baita Josselin herriarena ere.[2]

Frantziako Iraultzan, Notre-Dame du Roncierren egurrezko irudia soldadu errepublikarrek lapurtu eta erre zuten. Eliztar batek, ordea, estatuaren zati bat berreskuratzea lortu zuen, egun estatua berri batean jasota dagoena.[1]

Notre-Dame du Roncierreko erromesaldia hainbat mendetan egin da. 1666an, horrela, Aita Isaac de Jésus-Mariek jakinarazi zuen urtero hamarnaka mila fededun erakartzen zituela Mendekosteetan. 1868an Notre-Dame du Roncier koroatzearekin batera erromesaldirako data aldaketa bat izan zen. Handik aurrera, irailean izango zen. Data aldaketa hori gorabehera, zaunkatzaileen fenomenoak Mendekosteetan gertatzen jarraitu zuen, aldatu gabe. Bernard Riok testigantza baten berri ematen du, zeinaren arabera azken zaunkatzailea 1953an ikusi zen.

Zaunkatzaileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Josselingo zaunkatzaile bat.

Josselingo parrokiako artxiboak oraindik gordetzen du 1728ko txosten bat, zehaztasun handiz deskribatzen zuen barkamen prozesioan gertatutako sendaketa miragarri bat. Aurreko urtean, Camors parrokiako hiru haur, sei eta hamabi urte bitarteko bi neska eta mutil bat, familia berekoak, portaera anormalean hasi ziren, egunean hainbat aldiz krisialdietan erortzen ziren soinu arraroak sortzen. Notre-Dame-du-Roncier iturriko ura edan behar izan zutenean lasaitu ziren, baina hurrengo egunetan berriro hasi ziren erasoak. 1728ko Mendekosteetan Josselinera eraman zuten, han erromeria egiten zen, eta sendatu egin ziren. Sendabide miragarri honek "zaunkatzaileen barkamena"ren hasiera markatu zuen.

XIX. mendearen erdialdeko “zaunkarien barkamena” deskribatu dute hainbat autorek: Charles Jeannel filosofoa, Hippolyte Violeau, Louis Hamon, etab. Lekuko hauen arabera, zaunkariak ez ziren inoiz Josselingoak izan, ondoko edo urruneko parrokiaetatik zetozen baizik. Haien kopurua apala zen: urtero, emakume gutxi batzuek baino ez zituzten erakusten krisiaren ezaugarri bereizgarriak. Seinale hauek Josselin herrira edo elizako atean sartzen zirenean agertzen ziren: konbultsioak, erorketak, mugimendu kontrolaezinak, "zaunkak", uluak... Hainbat gizonek zaunkaria hartu behar izaten zuten Andre Mariaren estatuaraino eramateko, hari musu emateko. Emakumearen ezpainek Ama Birjina ukitu zutenean, krisia eten zen. Ondoren, iturrira eramaten zuten bertako ura edatera.

H. de Kernouabek honela deskribatu zituen zaunkariak, 1888an: “Zunkatzaile izena, nolabaiteko asaldura nerbio baten eraginez, txakur baten garrasiaren antzeko samarrak egiten dituzten emakumeak izendatzeko erabiltzen da”. XX mendearen hasieran, oraindik, herri tradizioak konbultsio edo jokabide arraro horretara kondenatutako emakumeen berri ematen zuen; fenomeno hori emakume horiek izango zituzten jarrera txarrei egozten zieten.[3]

Kondaira batek zaunkarien jatorria azaltzen du. Berak dio emakume batzuk latsagian zeudela arropa zaharrez jantzitako atso bat heldu eta limosna eskatu ziela. Emakumeek orduan uxatu zuten txakurrak askatuz. Orduan, emakume eskaleak Ama Birjina zela agerian utzi zuen eta emakume hauek madarikatu zituen txakurrak bezala zaunka egitera kondenatuz. Madarikazio beren ondorengoei transmititu zen.[4]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Yves-Marie Bercé, Esprits et démons. Histoire des phénomènes d'hystérie collective, Librairie Vuibert, 2018 (ISBN 9782311101645)
  2. Père Isaac de Jésus-Maria, Le lys fleurissant au milieu des épines, ou Notre-Dame du Roncier triomphant dans la ville de Josselin, 1666, 1868an berrargitaratuta.
  3. http://www.histoiredelafolie.fr/psychiatrie-neurologie/les-aboyeuses-de-josselin-josselin-et-ses-environs-par-h-de-kernouab-1888
  4. Charles Jeannel, Les aboyeuses de Josselin, 1855, 2019 berrargitaratuta, Stéphane Batigne Éditeur (ISBN 9791090887671)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]