Edukira joan

Gospel

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Gospel musika» orritik birbideratua)

Gospel
SorreraXVIII. mendea
SorlekuaAEB
HedapenaMundu osoan.
Instrumentuakpianoa, organoa, bateria, gitarra eta ahotsa.
Azpigeneroak
Gospel garaikidea, hegoaldeko gospel

Gospela (ingelesetik: godspell, “berri ona”) kristau musika mota bat da, Estatu Batuetako eliza afroamerikarretan jatorria duena.[1] Ahotsa da instrumentu nagusia, gehienetan harmoniari garrantzi handia emanez; hitzak, berriz, mezu kristaua izaten du. XVIII. mendean sortua, entzute handia erdietsi zuen 1930eko hamarkadan. Nabaria da jazz klasikoan eta modernoan izan duen eragina.[2]

Gospel tradizionala Estatu Batuetako eliza protestante afroamerikarretan garatutakoa da. Normalean koru batek interpretatzen du, bakarlari bat edo gehiago izan dezakeena. Erritmo bizkorrak eta alaiak ditu ezaugarri; Hammond organo baten laguntza garrantzitsua izaten da. Bizitzako eguneroko arazoez hitz egiten du musika mota horrek, eta horiei nola erantzuten dien Jainkoak. Beharbada, estilo horretako abestirik ezagunenetako bat "Oh Happy Day" da.[3]

Denborarekin gospelak hautsi zituen generoaren eskema kontserbadoreenak, eta tradizioa beste estilo batzuekin nahasi zuen, hala nola funk, rock eta bluesarekin.[3]

Gospelaren aurrekari nagusia espiritual beltza da, kotoi sail handietako lanaren erritmoa islatzen zuena. Izan ere, esklaboak kantatzera behartuak izaten ziren lanean ari ziren bitartean, hitz egin ez zezaten eta matxinatu eta zitezen. Espiritualak kadentzia motela, indartsua eta malenkoniatsua du. Itun Zaharreko gaietan oinarriturik zeuden hitzetan, berriz, beren fedea, beren pentsamenduak eta beren aldartea nahasten zituzten, eta baita ihesaldi eta matxinaden mezu zifratuak. XVIII. eta XIX. mendeetako estatubatuar beltzentzat, gehienak esklaboak eta analfabetoak baiziren, kolektiboki sortutako abesti horiek baliabide paregabea ziren beren kulturaren memoria atxikitzeko eta berreskuratzeko.[3]

Garai gartan, eliza afroamerikarrak ziren esklaboen babesleku bakarra. 1730 aldean, Isaac Watts artzain britainiarraren ereserki erlijiosoen bilduma hartu zuten beren musika propioa garatzeko. 1861-1865 bitarteko Sezesio Gerraren ondoren, esklabotasunaren ezeztatze prozesua azkartu zenean, Jaungoikoaren gurtze erritualak finkatu ziren: inprobisazio handiko sermoiak, eta artzainaren eta fededunen arteko elkarrizketa etengabea, deiaren (ahots bakarlaria) eta erantzunaren (korua) eredua erabiliz. 1920ko hamarkadan, gospela tenpluetatik atera zen.[3] Sister Rosetta Tharperen grabazioek arrakasta handia izan zuten 1930eko eta 1940ko hamarkadetan.

Thomas Dorsey, Reverend Gary Davis, Sallie Martin, Mahalia Jackson, Marion Williams eta Bessie Griffin bakarlariak, eta The Caravans, The Staple Singers, Golden Gate Quartet, Spirit of Memphis Quartet, Blind Boys of Alabama, The Jordanaires eta The Oak Ridge Boys izan ziren XX. mendeko interpretatzaile ezagunenetako batzuk.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Gospel. .
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. a b c d Historia del Gospel. gospelenargentina.com.ar (Noiz kontsultatua: 2019-10-22).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Musika Artikulu hau musikari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.