Genero gramatikal
- Artikulu hau gramatika-generoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Genero».
Genero gramatikala izenak zenbait motatan sailkatzen dituen gramatika-kategoria da, sexu-bereizketan edo bestelako nolakotasunetan oinarritua.
Genero motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sexua eta generoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europako hizkuntza askotan generoak sexuarekin (bizidunen generoarekin, hertsiki) zerikusia badu ere, gramatika-generoa maiz arbitrarioa da. Hau da, genero neutrorik ez duen baina maskulino/femeninoa dituen hizkuntza batean, marka maskulino edo femeninoak ematen zaizkie sexurik gabeko objektu arruntei edo baita animaliei ere. Adibide batzuk gaztelaniaz: la ballena ("balea", fem., arra ala emea izan), la puerta ("atea", fem.), el puente ("zubia", mask.). Frantsesez, herrialdeen izenek artikulua daramate eta, horren ondorioz, genero maskulinoa edo femeninoa dute, banaketa arbitrario samarrean: le Japon maskulinoa ("Japonia"), baina la Chine femeninoa ("Txina").
Europako hizkuntzen artean, sexua normalean generoaren bereizgarri agertzen dela jakinik, ñabardurok daude:
- bi genero, bereizketa argiki maskulinoa eta femeninoa, gaztelaniaz eta frantsesez bezala,
- hiru genero: maskulinoa, femeninoa eta neutroa (adibidez, txekieraz, alemanaez, errusieraz...)
- bi genero: batetik, komuna (maskulinoa eta femeninoa) eta, bestetik, neutroa (danieraz, suedieraz, norvegieraz...).
Izen-klaseak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkuntza batzuek —Afrikako zenbaitek: adibidez, bantuak— sei generotatik gora dituzte, sexuarekin zerikusirik ez dutenak, eta kasu horietan, izen-klase kontzeptua maizago erabiltzen da, generoarena baino.
Generoaren markak eta komunztadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izenen sailkapenerako kategoriak dira generoak, eta agerpen morfemikoa batzuetan izenetan har dezakete, baina ez beti.
Gaztelaniaz, izenen generoa bukaeran agertzen da normalean. Ipar Amerikako kathlamet hizkuntzan, berriz, aurrizki gisa, baina bi kasuetan nahiko parekagarriak dira kasuak:
- gaztelaniaz: perro, perra ("txakur arra", "txakur emea"); muchacho, muchacha ("mutila", "neska"), eta
- klathlamet: ikʔútkʔut, akʔútkʔut ("txakur arra", "txakur emea"); ikásqax, akásqax ("mutila", "neska").
Izenetan markarik ez den genero-sailkapenik ere bada, baina nolabait, kasu horietan, komunztaduran agertu beharko da genero-bereizgarritasuna.
Generoaren komunztadura beste morfema batzuekin gerta daiteke: determinatzaileak, izenlagunak, numeralak, aditzak... Gaztelaniaz, komunztadura gertatzen den izenlagun edo adjektiboen amaierarekin eta artikuluekin:
- Gato ("katar"), el gato ("katarra"), el gato negro ("katar beltza"), los gatos negros ("katar beltzak"), eta
- Gata ("kateme"), la gata ("katemea"), la gata negra ("kateme beltza"), las gatas negras ("kateme beltzak").
Galesez, komunztadura zein izen-eraldaketa parametro bitxietan gertatzen da, hitz hasierako kontsonantea aldatuz:
Izena | Artikulu zehaztuarekin | Izenlagunarekin | ||||
---|---|---|---|---|---|---|
Maskulino singularra | mab | "seme" | y mab | "semea" | y mab mawr | "seme handia" |
Femenimo singularra | merch | "neskato" | y ferch | "neskatoa" | y ferch fawr | "neskato handia" |
Generoa eta euskara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaraz, oro har, izenak generoa adierazten ez badu ere, aditzen, jokatuen zein laguntzaileen, singularrezko bigarren pertsonak (hik / hiri) maskulinoa eta femeninoa bereizten ditu maiz, marka desberdinak baitituzte (hik ikusi duk / hik ikusi dun, baina hik ikusi huen bi generoekin erabiltzen da; hiri eman diat / hiri eman dinat). Gainera, forma alokutiboak erabiltzean ere, genero-markak beste pertsonetan ere agertzen dira (haiek etorri dituk / haiek etorri ditun; ez zagok eskubiderik / ez zagon eskubiderik; bazakiat / bazakinat).
Lexikoan ere generoa (eta sexua) bereizteko erarik bada (gizon / emakume, zaldi / behor...).
Izen bakarra duten animaliak bereizteko ar eta eme hitzak erantsiz egiten du gehienetan ("txakur-arra" eta "txakur-emea"). Hala ere, gutxitan hitz ezberdinak erabiltzen dira arrak eta emeak bereizteko, eta oso kasu arraro batean, kumeentzat: txahala (urrixa (eme), idiskoa (arra))
Familia | Arra | Emea |
---|---|---|
Erleak | erlea, erle-arra | erlama / erle erregina |
Erlamandoak | erlamandoa | erle langilea |
Zaldiak | zaldia, garañoa | behorra, behoka |
Astoak | astoa, astarra | astemea |
Mandoak | mandoa, mandarra | mandemea |
Behiak | idia, zezena | behia, biga |
Ahuntzak | akerra | ahuntza |
Ardiak | aharia | ardia |
Txerriak | txerria, urdea (aketza, ordotsa) | urdanga, zerrama |
Oiloak | oilarra | oiloa |
Indioiloak | indioilarra | indioiloa |
Katuak | katua, katarra | katemea |
Otsoak | otsoa | otsemea |
Bestalde, behe-nafarreraz, zubereraz eta erronkarieraz, -sa atzizkiak izen femeninoak era ditzake (artzain / artzaintsa; alargun / alarguntsa); beste euskalkietan, ordea, ez da emankorra. Hala ere, mailegu (oso) berrietan (Eliza Santa Katolikoa, emakume alta bat), eta baita ahozko erabilera arruntetan ere (gezurtero / gezurtera; maja / majua; guapa / guapo), adibideak euskalki guztietan daude, baina gaztelaniaren eraginekoak direla bistan da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Frantsesez)Liste des noms de pays, Le Bureau de la traduction du Services publics et Approvisionnement Canada
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Euskara hizkuntza sexista al da?" (Amaia Alvarez Uria)