Gasogeno
Gasogenoa edo gasifikagailua erregai solidoetan aireak edo urak duen eragin kimikoaz, ez destilazioz, gas erregaia sortzeko tresna da; hau da, erregai solido batetik (egurra, ikatza...), gasifikazio bidez, gas erregaia lortzeko tresna. Berokuntzan erabiltzeko balio du, eta, garai batean, ibilgailuetarako energia-iturri gisa ere erabili zen gasolinaren ordez. Gasogenoa upela batez osatua dago. Gasogeno batzuetan, erregaia goitik sartzen da, eta airea azpitik. Errekuntzan sortzen den gasari aire-gasa deritzo. Ikatza osorik erre ez dadin, batzuetan ur-lurruna nahasten zaio aireari. Urak, karbonoarekin erreakzioan, CO eta H2 ematen du; ur-gasa deritzo. Gasogeno baten errendimendua zein den jakiteko, lortutako gasak berotzeko duen indarra eta gas hori lortzeko behar izan den erregai-kantitatea hartu behar dira kontuan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.