Galdu arte
Galdu arte | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | (1996) |
Generoa | Eleberria |
Herrialdea | Euskal Herria |
Bilduma | Narratiba |
Galdu arte Juan Luis Zabalaren eleberria da, 1996an Susak argitaratua.
Sinopsia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Behin batean, Azkoitiko gazte batzuek bildu eta gaztetxea sortu zuten, etxe abandonatu bat horretarako hartuz. Ekintza hark eta ondoren etorri zirenek herrian ordu arte bizi zen bakea aldatu zuten. Eleberria Azkoitiko Gaztetxearen kronika dugu: Juan Luis Zabalaren nobela autofikzioa da, idazle bera izan baitzen kontatzen dituen gertaera guztien lekuko eta partaide. Nobelan bertan, Zabala pertsonaia gisa azaltzen zaigu, “Pipi” ezizenaz.
Eleberria ez da bakarrik Azkoitiko Gaztetxeari buruzko kronika historiko bat edo bertara bildu ziren neska-mutilei buruzko istorioa. Juan Luis Zabalak berak sarrerako hitzetan azaltzen duenez, “ez da Azkoitiko gaztetxeari buruzko liburua, Azkoitiko gaztetxean girotutako nobela baizik”. Batez ere, Xeperen istorioa da, protagonista, pertsonaia ilun, isil, uzkur, izua, hasieratik definitzen duten moduan. Nobela Xepe protagonistaren inguruan egitaratuta dago eta huraxe da pertsonaiarik nagusia: marjinala eta errebeldea, baina agian bere errebeldiaren nondik norakoa ondo ulertzen ez duena, bere errebeldiaren iturria non dagoen ondo ez dakiena; bizitzeko gogo izugarria du baina, era berean, gauza da heriotzaren etxean ate joka ibiltzeko…
Narratzaileak lehen lerrotik garbi uzten du zein den pertsonaia nagusia bere nobelan, zeinek daraman nobela behar duen narrazioaren haria eskutik hartuta. Gaineratzeko pertsonaiak —eta pertsonaia ugari biltzen dira azkenik— pertsonaia nagusiaren kontrapuntu dira: haren jokabidea kokatzen eta ulertzen laguntzen dute.