Edukira joan

Forum

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau lurralde antolaketarako unitateari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Foro (Antzinako Erroma)».

Forum bat (pluralez, fora), latinezko hitz bat da, antzinako erromatar probintzietan sortutako aglomerazio urbano txiki bat izendatzeko erabiltzen zena. Ezaguna da erromatar hirietako foroak hiritar plaza nagusia zela, baina beste esanahi batekin ere agertzen da forum hitza garaiko dokumentuetan, non, populamendu mota bat baita.

Antza, merkatari funtzioak eta funtzio administratibo-politikoak eta juridikoak izango zituen plaza publiko (foro) edo nolabaiteko erdigune baten inguruan antolatutako eta populamendu[1] barreiatua izango zuen lurralde bat zen.

Zentro politiko hauen jatorria komertziala izango zen, baina denborarekin, benetako hirigune bila zitekeen.[2]

Inperioaren hedapenaren emaitza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aztarna erromatarrak Foruan.

Inperioa zabaldu ahala, beste adiera bat ere hartu zuen foroak, eta sinonimo bihurtu ziren, zenbait kasutan, herrixka edo hiri osoarena. Kasu hauetan galtzada edo bide inportante baten ondoan sortutako asentamendua zen foroa, eta forum hitza toponimo bihurtu zen. Hor daude Foro Popili eta Forum Livi adibideak, gaur egungo Italiako Forlimpopoli eta Forli hiriak direnak[3]. Euskal Herrian, Forua herriaren toponimoa dugu, zeina halako egitura batekin erlazionatua egon daitekeen aztarna erromatarrak baitaude han, baina ez da ezagutzen toponimo haren forma latina, bakarrik eratorritakoa dakigu.

Foroak sakabanatuta zegoen landa-eremu batean kokatutako biztanle-pilaketak edo herrixkak ziren, funtzio administratibo, politiko eta komertzialak zituztenak, eta Erromaren ekimenez sortu ziren, lurraldea zabaltze eta antolatze fasean. Antzinako fase batean dokumentatzen da landa-errealitate hori (Errepublika amaieran). K.o. I. mendean desagertu zen, eta Italiara eta mendebaldeko probintzia batzuetara mugatu zen, hala nola Sardiniara, Gallia eta Hispaniara. Landa-zentro horietako gehienen sorrera bat dator Inperioko bideen hedapenarekin, haien funtzio komertziala dela eta. Herri eredu horri esker, agintari erromatarrek lurralde handiak antola zitzaketen kolonia bat ezarri beharrik gabe, batez ere kolonia-eredua hain bideragarria ez zen mendi-eremuetan. Fora izan ziren horietako batzuen izenak, Forum Apii, Apia bidean edo Forum Flaminii, Flaminia bidearen ondoan, hurbil dituzten bideen izenak aipatzen dituzte, eta, neurri txikiagoan bada ere, izen etnikoak ere aipa zezaketen, hala nola, Forum Germanorum edo Forum Gallorum. Hispanian, izen hori, Forum Gallorum, bideko geraleku batean ere aurkitzen da, Pirinioetarako bidean, Caesaraugustatik Beneharnora[4].

Bizkaiko Forua herriaren izenaren jatorria leku mota hauetako batean izan zezakeela uste da.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «Museoak» museoak.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-24).
  2. Urueña Alonso, Javier. (2009). «Algunos criterios para el análisis del espacio en Hispania durante el Alto Imperio» Hispania antiqua (33): 25–42. ISSN 2530-6464. (Noiz kontsultatua: 2024-12-24).
  3. (Ingelesez) Abbott, Frank Frost. (1926). Municipal Administration in the Roman Empire. Princeton: Princeton University Press., 12 or..
  4. (Gaztelaniaz) Fernández Ochoa, Carmen; Salido Dominguez, Javier; Zarzalejos Prieto, Mar. (2014). «Las formas de ocupación rural en Hispania. Entre la terminología y la praxis arqueológica» Cuadernos de Prehistoria y Arqueología de la Universidad Autónoma de Madrid (CuPAUAM) 40: 111-136. ISSN 0211-1608..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]