Flora Tristan
Flora Tristan | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Flora Célestine Thérèse Henriette Tristán y Moscoso |
Jaiotza | Paris, 1803ko apirilaren 7a |
Herrialdea | Frantzia |
Heriotza | Bordele, 1844ko azaroaren 14a (41 urte) |
Hobiratze lekua | Chartreuseko hilerria, Bordele |
Heriotza modua | berezko heriotza: Tifusa |
Familia | |
Aita | Don Mariano Tristan-Moscoso |
Ama | Anne-Pierre Laisnay |
Ezkontidea(k) | André Chazal (mul) |
Seme-alabak | ikusi
|
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | filosofoa, idazlea, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea, politikaria, ekonomialaria eta sufragista |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Influentziak | Simon Ganneau (en) |
Flora Tristan, jaiotzez, Flora Célestine Thérèse Henriette Tristán y Moscoso (Paris, Frantzia, 1803ko apirilaren 7a – Bordele, Frantzia, 1844ko azaroaren 14a) frantziar idazlea eta pentsalari sozialista eta feminista izan zen, feminismo aurreratuaren sortzailea. Perutar jatorrikoa, frantziar herritartasuna zuen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aita Mariano Tristan y Moscoso zuen, perutar koronel eta aristokrata, Juan Pío de Tristán y Moscosoren anaia. Ama, aldiz, frantsesa zuen, Thérèse Lesnais. Bere gurasoek Bilbon ezagutu zuten elkar, eta aitak ez zuen Flora Tristan legezko alabatzat inoiz onartu.
Luxuzko haurtzaroa izan zuen, gizarte-mailari zegokionez. Baina aita hil zenean, 1808an, ama eta biak pobrezian murgildu ziren; izan ere, ezin izan zuen oinordetzarik jaso, aitarenganako senidetasuna aitortu gabe baitzegoen.
Aitaren heriotzatik bi urtera, Flora eta haren ama auzoz aldatu behar izan zuten eta Parisko auzo marjinal batera joan ziren bizitzera, egoera zailean.
16 urterekin litografia lantegi batean hasi zen lanean, kolorista langile moduan. 17 urterekin lantegiaren André Chazal jabearekin ezkondu zen, 1821eko otsailaren 3an. Hurrengo lau urteetan, hiru seme-alaba izan zituzten. Haietako bat jaio eta gutxira hil zen; Ernest eta Aline izan ziren beste biak (azkena 1825ean jaioa eta Paul Gauguinen ama izango zena). Komenentziazko ezkontza hura senarraren tratu txarrek eta jeloskortasunengatik bukatu zen. 22 urterekin Flora etxetik joan egin zen, bere seme-alabak eraman zituen berekin. Chazal atzetik izan ondoren, akordio batera iritsi ziren: alaba Florarekin geratu eta semea aitarekin.
Florak, bere senarraz ez zenez fidatzen, Paristik ihes egin zuen alabarekin. Juan Pio bere Peruko osabarekin harremanetan jartzea lortu zuen eskutitz bidez, eta honek diruz lagundu zion bost urtez. Pedro Mariano de Goyeneche ahaideari esker, Florak Perura joatea lortu zuen 1832an, oinordetza eta maila oneko bizimodua berreskuratzeko asmoz.
1833ko apirilaren 7an, hogeita hamar urte bete zituen egunean bertan, Florak Le Mexican itsasontzia hartu zuen. Ameriketarainoko ibilbideak 5 hilabete iraun zituen. Arequipan bizi izan zen 1834ko apirilaren 4ra arte, gero Limara joan zen. Don Piok «iloba maitea» deitu arren, ez zegoen iloba zenik ziurtatzen zuen paperik, eta ezin izan zion oinordekotzaren zatirik eman. Hala ere, hilero dirua ematen jarraitu zuen. Florak, Perun emandako aldian, politika-krisia eta guda zibila bizi izan zituen.
Florak egunerokoa idatzi zuen Perun bizitako esperientzia azalduz. 1838an, Peregrinations d'une paria/ Paria baten ibilerak izenarekin argitaratu zen.
1834ko uztailaren 16an Callaon itsasontzia hartu zuen Liverpoolera.
Frantziara itzulirik, heriotza zigorraren aurkako, emakumearen burujabetzearen aldeko eta langileen eskubideen aldeko kanpaina hasi zuen. Dibortzioa lortuta, bi seme-alaben zaintza lortu zuen. 1838ko irailean, senar ohiak, zaintza galtzeagatik suminduta, kalean tiro egin zion Florari, hiltzeko asmoz. Ez zuen lortu, baina Flora larri zauritu zuen. Kasua prentsan atera zen, eta, bat-bateko ospe horri esker, Chazal epaitua izan zen, 20 urteko lan behartuen zigorra jasoz (alaba bortxatzen saiatu izana ere egotzi zioten).
Chazalengandik erabat bananduta, 1840an landutako programa sozialista, L'Union Ouvrière/ Langile Batza lana argitaratu zuen, Langileak batu eta burujabetzeko beharraz hitz egiten zuen. Langileen burujabetzarekin batera emakumeen burujabetza ere bazetorren. «Herrialde guztietako langileak, elkar zaitezte!» esaldia aurrekaria berea da. Sozialismoaz eta langileriaz hitz egin zuen aurreneko emakumea izan zen. Karl Marxek Floraren liburuak irakurri zituen eta Floraz "goreneko ereduen aurrekaria" izan zela esan zuen. FriedrichEngelsekin batera idatzitako Familia Santua liburuko 4. kapituluan Flore Celestine (Flora Tristan) feminista komunistaren defentsa egin zuten.
Frantzian bere ideia iraultzaileak zabaltzen ari zela, tifusak jota hil zen, 41 urterekin.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Flora Tristan izaera ideologiko eta literario handiko lanen idazlea izan zen.
- Pérégrinations d'une paria (1833-1834) frantsesezko testua 1839 eta 1840koa da; Emilia Romero-k egindako gaztelaniazko itzulpena 1946koa eta 1971koa. Liburu hau Ameriketara egin zuen bidaiaren kontakizuna da, baita Perun 1833 eta 1834an egindako egonaldiarena. Egileak kontakizun-forma ugari erabiltzen ditu bere bizipenen ikuspegia emateko. Sortu berri zen Peruko errepublika ezagutzeko ezinbestekoa da, bertako jendearen ohiturak eta praktikak kontatzen baititu.
- Promenades dans Londres (1840). Liburu honek britaniar zibilizazioa kritikatzen du.
- L’Union ouvrière (1843). Lan honetan laburbiltzen dira bere ideiak eta langileriaren aldeko erreformak. Idazlan oso garrantzitsua izan zen. Marxek bere liburutegi partikularrean izan zuen.
- Mephis. Eleberria. Protagonista Mesiasen eta Mefistofelesen konbinazioa da.
Pentsamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Flora Tristanen feminismoa Ilustrazioan oinarritzen zen. Gizaki guztiak askeak, berdinak eta eskubide berdinekin jaiotzen zirela zuen oinarri nagusi. Dena den, Frantses Iraultzaren ostean garatu zituen bere ideia horiek. Aurreko emakume pentsalariekin jarraitasuna zeukan (esate baterako, Mary Wollstonecraft), baina klase sozialaren zentzua eman zion bere feminismoari, gero feminismo marxistari bidea eman ziona.
Sozialista utopikoen ideia kritikoekin bat egiten zuen eta, areago, langileen alderdi politiko baten beharra teorizatu zuen. Hortik sortu zen bere L’Union ouvrière lana 1843an. Bertan honakoa idatzi zuen: «Munduko atsekabe eta kalte guztiak, emakume izateari dagozkion eskubide natural ukaezinak gaur egun arte ahaztearen eta mespretxatzearen erruz datoz». Horregatik dio lan horretan ere «langileen miseria eta ezjakintasuna hobetzea» behar-beharrezkoa dela. Flora Tristanentzat emakumeen egoeraren arrazoia,emakumeak gizonak baino gutxiago zireneko ideia faltsutik zetorren. Legeak, zientziak eta elizak egindako diskurtso ideologiko horrek emakumea baztertu egiten zuen hezkuntza arrazionaletik eta bere jabearen esklabo bihurtzen zuen. Horra arte, sufragismoaren antza dute bere ideiek, baina berak klaseaz hitz egiten zuen; emakumeei hezkuntza ukatzea, haien esplotazio ekonomikoarekin harremanetan jartzen zuen: neskatilak ez ziren eskolara bidaltzen «etxeko lanetan probetxua ateratzeko, umeak zaintzen, errekaduak egiten, janariaren prestaketan laguntzen, etab.» eta, ondoren, hamabi urterekin aprendiz bidaltzen zituzten, han esplotatua izaten jarraitzen zuen, patroiaren eskutik, eta sarritan tratu txarrak jasotzen zituen, gurasoen etxean gertatu ohi zitzaien moduan. Bere diskurtsoan gutxien zutenen azterketa egiten zuen: emakume langileena. Oso gogor salatzen zuen, bidezkoa ez zela eta iraingarria zela jaiotzen ziren momentutik jasotzen zuten tratua, hezkuntzarik gabe eta gizonaren menpe egotera behartuta, izaera gaiztoa garatzera eramaten zituena. Egilearentzat degradazio moral hori oso garrantzitsua zen, emakumeek ama, emazte, maitale eta alaba moduan 'gizon langilearen bizitzan den-dena baitziren', eta haren bizitza osoan eragiten zuten. Emakume langileen egoera horrek ez zeukan parekorik gizarteko goi mailetan, diruak hezitzaile eta zerbitzari profesionalak eta bestelako entretenimenduak lortzea baitzeukan.
Bere idazlanetan islatzen zuen bere borroka etengabea gizarte justuagoa eta parekideagoa egiteko helburua zuela. Era horretan, Pérégrinations d'une paria lanean salatu zituen. Promenades dans Londres lanean langile ingelesen deskripzio gogorretako eta lehenetariko bat egin zuen: «esklabotza ez da ezagutzen dudan giza zoritxar handiena, langile ingelesak ezagutu ditudanetik».
Emakumea (langilea) hobeto heztearen ondorioz, langile-klasearen hobekuntza morala, intelektuala eta materiala lortu behar zen. Sozialista utopiko gisa, hezkuntzaren garrantzian sinisten zuen eta feminista moduan emakumeari hezkuntza eman behar zitzaiola azpimarratzen zuen. Era berean, emakumearen hezkuntza arrazionala ezinezkoa zela uste zuen gizonengandiko emantzipaziorik gabe (mugimendu feministaren aldarrietako bat izaten jarraitzen duena).
Justizia unibertsala denontzat bilatu behar zela aldarrikatzen zuen, gizonek ere aldatzen lagundu behar zuten, beraien kalterako baitzen emakumearen egoera: «Emakumea esklabo egiten duen legea eta hezkuntza ukatzen diona, gizon langileen zapaltzaile ere bada. (...) Zuen interesagatik, zuen egoera hobe dadin, guztion ongizate unibertsalaren izenean, emakumeen eskubideak aldarrikatzera deitzen dizuet». (L’Union ouvrière). Gizon eta emakumeen batasuna aldarrikatzen zuen, Manifestu Komunistaren aurretik, justizia eta oparotasuna ekarriko zituen iraultza baketsuaren bidez (sozialismo utopikoaren bidetik).
Pérégrinations d'une paria lana bere autorretratua da. Paria zen bi arrazoirengatik: aitaren legezko onarpenik gabeko alaba zelako eta, beraz, oinordegabetutakoa; eta komenentziako ezkontza egin zuelako. Bere esperientziaz hitz egiten zuen lehen pertsonan. Zapalkuntza bikoitz horretako biktima aitortzen zuen bere burua. Emakumeen kontrako zapalkuntzaren tresna bezala, ezkontzaren kontra borroka egin zuen, ezkontza "aitortzen zuen infernu bakarra" zela esan zuen.
Literaturan eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pérégrinations d'une paria lanean inspiratuta, Abraham Valdelomar idazle perutarrak La mariscala idatzi zuen 1914an, Pancha Zubiagaren biografia eleberritua, Peruko mariskal eta Lehendakari zen Agustín Gamarraren emaztea zena.
1942an, Luis Alberto Sánchezek Flora Tristanen biografia eraberritua argitaratu zuen, Una mujer sola contra el mundo.
1964an, Sebastián Salazar Bondyk 3 aktoko antzerki bat argitaratu zuen Floraren bizitzan oinarritua: Flora Tristán.
Mario Vargas Llosa idazle perutarrak, El paraíso en la otra esquina bere eleberri historikoan, Flora Tristan eta bere biloba Paul Gauguinen bidaiak alderatzen ditu, Frantziatik kanpo bilatzen zituzten bizitza idealen esperientziak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Frantsesez) Evelyne Bloch-Dano, «Flora Tristan. La femme-messie», grasset.fr
- (Gaztelaniaz) «Flora Tristán», flora.org.pe
- (Gaztelaniaz) «Flora Tristán», nodo50.org
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztelaniaz:
- Bloch-Dano, Evelyne (2003): Flora Tristán. Pionera, revolucionaria y aventurera del siglo XIX. Editorial Cal y Arena [./https://es.wikipedia.org/wiki/Especial:FuentesDeLibros/9789706517289 ISBN 978-970-651-728-9].
- Chirinos, Enrique (1985): Historia de la República/1821-1930. Tomo I. Desde San Martín hasta Augusto B. Leguía Lima, AFA Editores, 1985.
- De Miguel, Ana; y Romero, Rosalía (2003): Flora Tristan: Feminismo y Socialismo. Antología. Colección: Clásicos del Pensamiento Crítico, Editorial La Catarata. [./https://es.wikipedia.org/wiki/Especial:FuentesDeLibros/9788483191590 ISBN 9788483191590].
- Sánchez, Luis Alberto (1975): La literatura peruana. Derrotero para una historia cultural del Perú, tomo III. Cuarta edición y definitiva. Lima, P.Txantiloi:EsdL.Txantiloi:EsdVillanueva Editor.
- Tauro del Pino, Alberto (2001): Enciclopedia Ilustrada del Perú, Tercera Edición. Tomo 16, TAB-UYU. Lima, PEISA, 2001. [./https://es.wikipedia.org/wiki/Especial:FuentesDeLibros/9972401650 ISBN 9972-40-165-0].
- Grandes Forjadores del Perú. Lima, Lexus Editores, 2000. [./https://es.wikipedia.org/wiki/Especial:FuentesDeLibros/9972625508 ISBN 9972-625-50-8].
- Flora Tristán, una filósofa social, de Conxa Llinàs Carmona. Edicions de la Universitat de Barcelona, 2018
- La emancipación de la mujer o el testamento de una paria. Colección: Olvidadas, Ménades Editorial. [./https://es.wikipedia.org/wiki/Especial:FuentesDeLibros/9788412000610 ISBN 978-84-120006-1-0].
Frantsesez:
- Desanti, Dominique (1972): Flora Tristan, Hachette 1972, réédition en 10/18
- Michaud, Stéphane (dir.) (1985): Un fabuleux destin : Flora Tristan, éditions universitaires de Dijon. Actes du colloque de Dijon, mai 198412.
- Bloch-Dano, Évelyne (2001): Flora Tristan La Femme-messie, Grasset.
- Michaud, Stéphane (2003): Flora Tristan : La paria et son rêve, Sorbonne nouvelle: bere gutunen parte handi baten argitalpena.
- De Flora Tristan à nos jours : l’émancipation en marche, Colloque du bicentenaire de la naissance de Flora Tristan, Bordeaux, 13 novembre 2003 :
- « De la Paria à la Femme-messie », introduction sur la vie de Flora Tristan par Évelyne Bloch-Dano.
- « Flora Tristan une singularité dans le xixe siècle des « Utopistes » par Michèle Riot-Sarcey, historienne, professeure à l’université Paris 8.
- « Un maillon fort de l’émancipation et de l’égalité d’hier à aujourd’hui » par Stéphane Michaud, professeur de littérature comparée à la Sorbonne.
- Cross, Máire (1992)The feminism of Flora Tristan, Berg, Oxford (ISBN 0-85496-731-1)
- Gerhard, Leo (1994) Flora Tristan : la révolte d’une paria, Les éditions de l’Atelier, pp. 112–135 (ISBN 2-7082-3059-X)
- Velay, Serge (dir.) (2009): Michel Boissard et Catherine Bernié-Boissard, Nîmes, Alcide, 2009, 255 p. (présentation en ligne [archive]), p. 241-242
- Debré, Jean-Louis eta Bochenek, Valérie (2013): Paris, Arthème Fayard, 374 p. (ISBN 978-2-213-67180-2)
- Perrot, Michelle (2014): Des femmes rebelles - Olympe de Gouges, Flora Tristan, George Sand, Elyzad poche.
- Sagnes, Jean (2016): Ils voulaient changer le monde - Chateauneuf-Randon, François Arago, Flora Tristan, Jules Amigues, Marcellin Albert, Paul Vigné d'Octon, Cheng Tcheng, Chau Seng, Maurice Morelly, collection l'Être du Languedoc, Éditions du Mont (ISBN 978-2-915652-84-0).