Edukira joan

Filipinetako Iraultza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Filipinetako Iraultza
Espainia-Estatu Batuak Gerra
Malolosko biltzarraren argazkia
Data1896 - 1898
LekuaFilipinak
EmaitzaBiak-na-Batoko Ituna
Gudulariak
Filipinar matxinoak

Babesa:

 Ameriketako Estatu Batuak
 Espainia
Buruzagiak
Andrés Bonifacio
Emilio Aguinaldo
Mariano Trías
Mariano Llanera
Teodorico Luna

Espainia Ramón Blanco
Espainia Camilo de Polavieja
Espainia

Primo de Rivera
Espainia Diego de los Ríos
Espainia Saturnino Martín Cerezo

Filipinetako Iraultza (filipineraz: Himagsikang Pilipino; gaztelaniaz: Revolución Filipina) Espainiako gobernu koloniala eta Andrés Bonifaciok sortutako Katipunan alderdiaren arteko gatazka armatua izan zen, uharteditik espainiarrak kanporatzeaz gain Filipinak-Estatu Batuak Gerra ere eragin zuena.

XIX. mendean, krisialdi koloniala zela eta, Espainiak Ozeano Barerantz jo zuen Amerikan zituen arazoetatik aldentzeko. Kubako Hamar Urteko Gerra (1868-1878) amaitu zenean, metropoliak inbertsio asko Filipinetarantz orientatu zituen, uhartedia gorabidean zegoen Estatu Batuetatako interes-gunetik urrun zegoela pentsatuz.

Hori zela eta, Santiago Durán itsas-armadaren ministroak Filipinak birkolonizatzea ezinbestekoa zela adierazi zuen. Duránek ustetan, Antilletan galtzear zegoena soberan bereganatuko dute Ekialde Urrunean. Beraz, filipinar merkatua bultzatzeko erakusketa antolatu zuten Madril 1887an eta hurrengo urteko Bartzelonako nazioarteko erakusketan Filipinek bere pabiloia izan zuten.

Gainera, Filipinak eta Espainia arteko distantzia inoiz baino txikiago zen, izan ere, 1869an Suezko kanala inauguratu zutenetik, ibilbidea 20 edo 30 egunekoa zen, eguraldiaren baitan. Horrela, Bartzelonako portuak Ozeano Baretik zetorren itsas trafikoa hartzen zuen.

XIX. mendeko filipinar 'ilustratu' nagusiak: Jose Rizal, Marcelo del Pilar eta Mariano Ponce.

Espainiar negozio-gizonek uhartedian zituzten esperantzek oinarria zuten: filipinar ekonomia dinamikoa zen oso eta bere bizi-maila eskualdean Japoniarenak baino ez zuen gainditzen. Koloniako biztanleek, Kuban ez bezala, metropoliaren manufakturak erosten zituzten. Hala ere, bere kontrako ezaugarriak ere bazituen: merkataritza txinatar merkatarien eskuetan zegoen eta bertoko oligarkia boteretsua zen oso. Adibidez, 1851n Banco Español Filipino izeneko bankua sortu zuten, Asia osoko lehen bankua izan zena. Baina kapitala txinatar eta filipinar eskuetan zegoenez, ez zituen inoiz agintari kolonialen beharrak kontuan izan.

Espainiar agintea ez zen beti baketsua izan. 1896ra arte, espainiar gudarosteek, bertoko erregimentuak era bazituztenak, arazo handirik gabe zapuztu zituzten matxinadak baina filipinarrek jada erein izan zuten matxinadaren hazia. XIX. mendeko azken hamarkadan hainbat talde nazionalista sortu ziren. Batzuk autonomistak baino ez ziren eta espainiar demokrata eta masoien babesa izan zuten, adibidez, José Rizalek 1892an sortutako Filipinar Liga. Beste batzuk, berriz, erradikalagoak izan ziren, nagusiena Herriaren Semeen Elkarte Beneragarri Nagusia, tagaloz Katipunan deitua. Elkarte sekretu honek bide iraultzaileak bultzatzen zituen independentzia lortzeko. Bere buruzagi nagusia Emilio Aguinaldo izan zen eta hiru helburu zituen: Filipinetako burujabetzaren alde borrokatzea, gizarte solidarioago bat bultzatzea eta balio demokratikoak zabaltzea hain zuzen ere.

1896an, independentista tagaloak matxinatu eta espainiar gudarosteak gerrilla-gerraren bidez eraso zuten. Camilo de Polavieja jeneralaren eskuetan zegoen armada kolonialaren erantzuna bortitza zen oso. José Rizal moderatua ere sedizioz salatu eta fusilatu zuten. Fusilatzeak bere aldekoak Katipunanarekin bat egitera eragin zuen eta, Kuban 1895ean hasitako matxinadaren jakitunak, iraultza berpiztu zuen.

Urte berean, Katipunanen kideek Kakarongeko Errepublika aldarrikatu zuten Luzon uhartean zegoen Kakarong de Sili gotorlekuan. Canuto Villanueva buruzagi nagusia eta Eusebio Roque jenerala buruzagiak zituzten eta baita 3.000 eta 6.000 lagun arteko armada. Espainiar gobernuak 600 soldaduko gudaroste bidali zuen, José Olaguer-Feliú komandantearen esanetara zegoena. 1897ko urtarrilaren 1ean espainiarrek gotorlekua hartu zuten.

Filipinar iraultzaileen bandera.

Gerrillak, txarto antolaturik, armarik gabe eta banaturik zegoena, ezin izan zuen uhartedia askatu. Hala ere, espainiarrek ere ezin izan zuten filipinarrak mendean hartu (garaipen partzial batzuk lortu eta errepresio bortitza erabili zuten arren). Espainiak indar gutxi zituen independentisten aurka: gudaroste kolonialak 14.000 lagun zituen Lurreko Armadan, barnean guardia zibilak eta karabineroak kontuan hartu eta beste 3.000 Itsas Armadan. Bere 17.000 soldaduen bi herenak filipinarrak ziren.

Egoera aztertu ondoren, Madrilek Polavieja jenerala kargutik kendu eta Fernando Primo de Rivera izendatu zuen.[1] Primo de Riverak negoziazioarena beste biderik ez zegoela ulertu zuen eta errendizioaren truke filipinar eta espainiarren arteko berdintasuna, autonomia ekonomikoa, erlijio-ordenen egozketa eta Gorteetan diputatuak eskaini zituen.

1897ko abenduaren 23an, Primo de Riverak eta matxinoek Biak-na-Batoko Ituna sinatu zuten. Buruzagi independentistak, tartean Emilio Aguinaldo, Hong Kongen erbesteratu ziren (espainiar gobernuak emandako diruari esker). Hala ere, bakeak ez zuen luzaroan iraun.

1898ko apirilean, Espainiaren eta Estatu Batuen arteko gerra piztu zen Kuban, eta laster hedatu zen Filipinetara. Espainiarren ahuleziaz baliaturik, Emilio Aguinaldok independentzia adierazi zuen 1898ko ekainean. Baina, Estatu Batuen aurkako gerra galdu zuelarik, Espainiak Parisko Ituna sinatu zuen, uharteak amerikarren esku uzten zituena 20 milioi dolarren truke.[2] Horren ondorioa izan zen Estatu Batuen eta filipinar independetziazaleen arteko gerra, 1899an hasi eta, ofizialki, 1902an amaitu zena, independentista filipinarren halderarik.[3]

1899-1902 bitarteko gerran nagusiturik, Estatu Batuek berenganatu zuten lurraldea. II. Mundu Gerrako gertaeren ondoren (zeinean Japoniak indarrez okupatu zizkion Filipinak AEBei, gero birkonkista latz batek zuzendutako efoera), uhartediak independentzia erdietsi zuen 1946ko uztailaren 4an .

Espainiako politikan eta ikuspegi nazionalistan oroitzapen latza utzi zuen Filipinetako Iraultzak, azken kolonien galerari 1898ko hondamendia deitu zitzaiolarik, Kubaren kolonia izaera ere aldi berean gertatu baitzen. Espainiak mito bat ere eraiki zuen ondoren, Filipinetako Azkenak filmaren izena ospetsu bihurtu zelarik, adieraziz nola koloniari eusteko militar espainolen ahalegina ekintza heroiko eta ohoregarria izan zela, zapalkuntza kontzeptuetatik urrun[4].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «Lea la introducción de 'Los Primo de Rivera'» El Mundo 2003/04/21.
  2. Dolan, Ronald E. ed. The Malolos Constitution and the Treaty of Paris. Philippines: A Country Study. Washington: GPO for the Library of Congress, 1991, countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2021-2-11).
  3. Dolan, Ronald E. ed. War of Resistance. Philippines: A Country Study. Washington: GPO for the Library of Congress, 1991, countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2021-2-11).
  4. Urrutikoetxea, Urtzi. «Antillak zintzilik daude» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]