Espeleologia
Espeleologia haitzuloen jatorria eta izaera arakatzen eta ikertzen dituen jakintzaren alorra da. Espeleologiaren aztergai nagusia leizeen behaketa eta horien egitura bada ere, estalagmiten eta estalaktiten eraketa, baldintza hidrologiko orokorrak eta haitzuloen bilakaera ere jakintzaren alor horretan sartzen dira, besteak beste, karstaren zientziak izeneko jakintza multzoaren baitan. Bestalde espeleologiak geologiaren eta hidrologiaren laguntza beharrezkoa du ikerketetan ondorioak ateratzeko. Espeleologia helburu zientifikoarekin egiten da; aisia edo kirola denean espeleoturismo izena egokiagoa da.
Espeleologia hitza lehen aldiz Émile Rivière paleontologo frantsesak erabili zuen. XVIII. mendean dagoeneko haitzuloen ikerketa hasita bazegoen ere, zientziaren alor gisa ez zen bereizi XIX. mendera arte. Garai horretan Édouard Martelek haitzulo asko ikertu zituen mundu osoan zehar. Espeleologiak zientzian dituen ekarpenak ugariak dira, bai geologia-mailan, bai biologian ere. Ekonomiaren alorrean emaitza onak izan ditu ura bilatzeko, lurralde lehorretan batez ere, energia hidroelektrikorako, etab. Espeleologoak Babes Zibil arloan ere parte hartzen dute, haiek osatutako espeleolaguntza taldeen bitartez.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.