Edukira joan

Espektrina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arratoiaren neuronetan espektrina zuntzak berde fluoreszentez markatuta. Zelulen nukleoak urdinez agertzen dira.

Espektrinak zelula eukariotikoen mintzaren alde zitoplasmatikoan kokatzen diren proteina periferikozko zuntzak dira eta zitoeskeletoaren osagai kontsideratzen dira.

Globulu gorrietan oso ugaria da espektrina, zelula mintzeko proteinen %25a hartzen du. Espektrinen funtzioa zelula mintzaren osotasuna eta zitoeskeletoaren egitura mantentzea da, bi alde ahur dituen itxura berezi hori emanez[1].

Globulu gorriak ingurune hipotoniko batean jartzen baditugu ura eritrozito barnera sartzen da eta hanpaduraz lisatu eta eztanda egiten du. Hemogloginak orduan alde egiten du eta zelula mintza baino ez da gelditzen. "Eritrozitoaren mamua" edo "espektroa" deitzen zaio honi eta egitura mantentzen duen proteinari beraz espektrina[2].

Espektrinaren antolakuntza.

Globulu gorrietan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Globulu gorriak aztertzen dira espektrinaren egitura eta antolakuntza zehazteko. Espektrinak bi unitate ditu, α-espektrina eta β-espektrina, eta guztira 106 aminoazido izaten ditu[3]. Aktinazko mikrofiruen artean espektrina terameroak kokatzen dira (2α + 2β) eta horrela egitura triangeluar-hexagonala garatzen da. Sorturiko sare horrek zelula mintza bere osotasunean mantentzea ahalbidetzen du eta zelulari dagokion itxura ematen dio.

Ankirina izeneko proteina periferiko batek espektrina sarea banda 3 transmintzeko proteinarekin lotzen du. Beste alde batetik banda 4.1 proteinak eta aktinak transmintzezko bi proteinekin lotzen dute, banda 3 proteinarekin eta glikoforinarekin[4].

Neuronetan ere aktina-espektrina konplexuez eraturiko sareak aurkitu dira. Neuronen axoia gorputza (soma) baino askoz luzeagoa da eta egitura mantentzeko proteina zuntzezko "eskeletua" izaten du. Aktinazko eraztunek axoiaren diametroa mantentzen dute eta eraztunen tartean espektrina sarea zabaltzen da. Dendritetan ere egitura bera agertzen da, baina axoietakoa hobeki antolaturik egoten da[5].

Eritrozitoak duen itxura berezi horrek oso elastiko egiten du eta horri esker diametro txikiagoa duten kapilareetatik ere igaro daiteke. Anemia hemolitiko izeneko gaixotasuna espektrinaren mutazio baten ondorioa da. Espektrina sarea ez da egoki eratzen eta globulu gorria esferikoagoa eta hauskorragoa izaten da.

Bestalde zelularen apoptosia gertatzen denean kalpaina izeneko entzima proteolitikoak espektrina sarea desegiten du eta zelula mintza endekatu egiten da zelularen heriotza eraginez[6]. Nekrosi prozesuetan gertatzen da hau[7].

V.T. Marchesi eta E. Steers izan ziren espektrina aurkitu zuten zientzilariak, 1968. urtean[8]. 1981. urtean neuronetan aurkitu zen baina fodrina izena eman zioten, ez baitzuten globulu gorrietako espektrinarekin lotu[9]. Gerora ikusi da antzekoak direla.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Bonetta, Laura. (2005-07-04). «Spectrin is peripheral» The Journal of Cell Biology 170 (1): 12–13.  doi:10.1083/jcb1701fta1. ISSN 0021-9525. PMC 2254843. (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).
  2. Yamaguchi, Takeo; Ozaki, Shinnosuke; Shimomura, Taiji; Terada, Shigeyuki. (2007-05). «Membrane perturbations of erythrocyte ghosts by spectrin release» Journal of Biochemistry 141 (5): 747–754.  doi:10.1093/jb/mvm080. ISSN 0021-924X. PMID 17387121. (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).
  3. (Ingelesez) Zhang, Rui; Zhang, ChenYu; Zhao, Qi; Li, DongHai. (2013-12-01). «Spectrin: Structure, function and disease» Science China Life Sciences 56 (12): 1076–1085.  doi:10.1007/s11427-013-4575-0. ISSN 1869-1889. (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).
  4. (Gaztelaniaz) Sicilia, Laia Salcedo. (2012). El citoesqueleto de espectrina y el complejo de Golgi. Implicaciones en su arquitectura y funcionalidad en el transporte secretor. Universitat de Barcelona (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).
  5. Unsain, Nicolas; Stefani, Fernando D.; Cáceres, Alfredo. (2018-05-23). «The Actin/Spectrin Membrane-Associated Periodic Skeleton in Neurons» Frontiers in Synaptic Neuroscience 10  doi:10.3389/fnsyn.2018.00010. ISSN 1663-3563. PMID 29875650. PMC 5974029. (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).
  6. (Ingelesez) Huh, Gi-Yeong; Glantz, Susan B.; Je, Soojung; Morrow, Jon S.; Kim, Jung H.. (2001-12-04). «Calpain proteolysis of αII-spectrin in the normal adult human brain» Neuroscience Letters 316 (1): 41–44.  doi:10.1016/S0304-3940(01)02371-0. ISSN 0304-3940. (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).
  7. insights.ovid.com (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).
  8. Marchesi V, Steers Jr E.. (1968). Selective solubilization of a protein component of the red cell membrane. Science, 159, 203–204 or..
  9. (Ingelesez) Dubreuil, R. R.. (2015-01-01). «Spectrin: Organization and Function in Neurons☆» Reference Module in Biomedical Sciences (Elsevier) ISBN 978-0-12-801238-3. (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]