Eskoziar errugbiaren historia 1871an hasi zen, Raeburn Place-n (Edinburgh) jokatu zen lehendabiziko errugbi partidan Ingalaterrari irabazi zionean. 1882an Ingalaterra, Eskozia, Gales eta Irlanda elkartu ziren eta beraien arteko txapelketa jokatzea erabaki zuten, urtero jokatuko zena. Home Nations txapelketa abiatu zen. 1910 arte iraun zuen lau herrialdeen arteko txapelketak eta Eskozia izan zen garaipen gehien eskuratu zituena, 11 txapelketa hain zuzen ere.
1920ko hamarkadan bost garaipen lortu zituen, baina hauetatik hiru elkarbanaturikoak izan ziren. 1925 urtea bereziki bikaina izan zen, bere aurreneko Slam nagusia lortu baitzuen txapelketako partida guztiak irabaziz. Bigarren Mundu Gerraren aurretik beste bi txapelketa ere eskuratu zituen, 1933 eta 1938an.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren Eskoziaren maila nabarmen apaldu zen. Elkarbanaturiko bi garaipen baino ez ditu, 1964 eta 1973an. Eskoziarren errugbirako zaletasuna ez zen ordea txikitu. 1975eko martxoaren 1ean 104.000 ikusle bildu ziren Murrayfield Stadiumean Galesen aurkako 12-10 garaipena ikusteko, ikusle kopuruaren errekor historikoa ezarriz.
1980an Jim Telfer entrenatzailea fitxatu zuen eta 1999 arte iraun zuen karguan. 20 urte horietan hiru aldiz irabazi zuen Bost Nazioen Txapelketa, eta hiru horietatik bitan Slam Nagusia ere eskuratu zuen, 1984 eta 1999an hain zuzen ere. 1989an Irlandaren aurkako partidan Centenary Quaich saria banatzen hasi ziren. Lehenengo hamar ekitaldietan Eskoziak eraman zuen saria baina gaur egun biak garaipenetan berdindu antzera daude.
1987an Munduko Errugbi Txapelketa abiatu zen. Eskoziak ekitaldi guztietan hartu du parte baina ez du emaitza aipagarririk lortu. 1991an final erdietara iritsi zen eta laugarren postua eskuratu zuen.
↑Galesi 1908ko eta 1909ko Slam Nagusiak aitortzen zaizkio; izan ere, Frantzia 1910 arte txapelketan onartua izan ez bazen ere, aurreko bi urteetan Galesko selekzioak, Koroa hirukoitza irabazteaz gain, Frantziari nagusitu zitzaion torneotik kanpo.