Erromanismo (artea)
Erromanismoa Europako manierismoaren korronte piktoriko eta eskultoriko baten izena da; Errenazimendu Betean Erroman (hortik datorkio izena) lan egin zuten artista italiarren estiloa imitatzen zuen, batez ere Rafael Sanzio eta Michelangelo.
Errenazimenduaren iraupena murritza izan bazen ere, estilo honetan arte-adierazpen garrantzitsuak sortu ziren Euskal Herrian eta ez bakarrik arkitekturan, eskulturan ere nabarmendu zen. Berez, erromanismoa izenez ezaguna den korrontearen bitartez eskulturak aparteko indarra hartu zuen, Nafarroan eta Gipuzkoan eragin nabarmena erdietsiz.[1] Bilboko Artelan Berreginen Museoak doako bisitak antolatu ditu Bizkaiko erretaula erromanista onenetara
Estilo hau Gaspar Becerrak sartu zuen penintsulan, Astorgako Katedraleko Erretaula Nagusiaren bitartez. Handik Pedro López de Gámizek egindako Briviescako Santa Clarako erretaularen bitartez, erromanismoa Penintsulako iparraldetik zabaldu zen.[2]
Italiako eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fernando II.a Aragoikoaren erretzaldian eta Karlos I.aren lehengo urte bitartean Espainia eta Italiako estatuen artean gauzatu ziren harreman politiko eta militarrek Errenazimentuko eskulturagile italiar famatu batzuen etorrera erraztu zuten: Domenico Fancelli, Pietro Torrigiano, Jacopo Torni, Giovanni Moreto, eta abar. Aldi berean, Italiatik korronte berriak berenganatu ondoren, Espainiako artista handiak itzuli ziren, hala nola: Zarzako Euskalduna, Bartolome Ordóñez, Alonso Berruguete eta Diego de Siloé. Hauen lanak kronologiako irizpidez aztertzen badira, gotikotik Errenazimentura doan garapenaren lekukoak aurki daitezke beraiengan, adierazkortasun indarra maiteago izatetik hasi eta edertasun formalari emaniko lehentasunera arterainokoak.[3]
Erromanismoaren ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskola erromanistak ez du alderdi ikonografikoan aldaketa zehatzik adierazi nahi, aldaketa estilistiko bat baizik. Gaietan berrikuntza gisa aurki daitezkeenak, erreforma zaleen bultzadatzat hartu behar dira, ortodoxoak ala disidenteak izan, hasi Erasmorengandik eta Karlos Borromeorengana arte eta Sabonarolagandik Gurutzeko San Joanganaino ebanjelioen historiari eta benetako tradizioari zegozkien ikonografien irizpide garbitasuna aldarrikatzen baitzuten. Eta Trentoko eta Kontrarreformako artearen garai hori beranduxeago agertu zen, mendearen azken bi hamarkadetan, hain zuzen ere.[3]
Euskal erromanismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antxietaren erromanismoak ezaugarri dituen trazu estilistikoak, keinu handitsu eta heroikoak, eskortzo ausartak, arimaren adierazpenarekin zerikusirik ez duen muskuluen betetasuna, ezpain estuetan azaltzen den basatasun lasaia, profil iharrak, kokots tinkoak, ile banatuak... hau guztia tolesdura iletsuen soineko astunen bitartez sendotzen diren jarrera baketsutan. Erretauletako arkitektura. Mintzatzen aritu gareno araztasun edo garbitasuna erretauletako arkitekturan ere igartzen da. Gainak dituen arkitektura da, konposaketa oso garbikoa, aurreko aldiko gehiegizko apaingarri guztiak suntsitzen direnekoa, gruteskoak desagertu eta lerroen geometriazko zorroztasuna bilatzen delarik.[3]
Erretaula‑fatxadak dira, mailaketa klasikoak geruzetan azaldu baitira eta irudiak gordetzen dituzten etxeak, arkitekturako atariak antzo, diseinaturik dauden ildaskazko zutabeen, erdi-puntuko arkuen eta batez ere kurbatuak eta triangeluarrak, osoak ala zatiak diren era askotako frontoien bidez. Horrela, horma-hobi zabaletan azalduko dira eskultura solteak, eliztarraren begirada berenganatu eta berenez biziki adierazgarriak izatea lortuko da.[3]
Euskal Herriko erromanismoan zalantzarik gabe, bi lantegi izan ziren eragin zutenak; haien jatorria Astorga eta Brivieskako erretauletan ikus daiteke: Pedro López de Gámizko burgostarraren lantegia eta Joanes Antxeta gipuzkoarrarena, berau izan zelarik, zuzenean ala bere ikasleen bidez, estilo berriaren hedatzailea Espainia iparralde osoan.[3]
Erromanismoaren jarraitzaileak Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estilo honek arrakasta izan zuen gure artean:[4]
- Joanes Antxeta: Euskal Herriko eskola erromanistaren sortzailea izan zen eta eragin handia izan zuen ondorengo artistengan. Erretaula nagusi askoren egilea izan zen: Tafallan, Kasedako Santa Mariarena, Zumaiako San Pedrorena, Baionan...
- Ambrosio Bengoetxea: Iruñeko katedralaren San Joan Bataiatzailearen erretaularen eta Donostiako San Bizente elizaren errataula nagusiaren egilea.
- Esteban Belasko: Antxetaren jarraitzailea izan zen.
- Pedro Aiala, aurrekoaren jarraitzailea.
- Joan Inberto: Lizarrako San Pedro elizako zurezko erretaula nagusia egin zuen.
- Pedro González de San Pedro: Antxietak hasitako Tafallako Santa Mariako erretaula nagusia eta Cascanteko Jasokundekoaren elizako erretaula egin zituen.
- Bernabe Inberto
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/artearen-historia/ar-149996-131731/#
- ↑ https://www.europapress.es/euskera/noticia-bilboko-artelan-berreginen-museoak-doako-bisitak-antolatu-ditu-bizkaiko-erretaula-erromanista-onenetara-20101011132921.html
- ↑ a b c d e Euskal artearen historia (II): Gotikotik Errenazimendura/Euskal ikonografiaren urrezko aroa. (Noiz kontsultatua: 2023-11-09).
- ↑ https://www.hiru.eus/eu/arte/escultores-vascosxvi-xvii?inheritRedirect=true
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- [1] Euskal artearen historia (II): Gotikotik Errenazimendura/Euskal ikonografiaren urrezko aroa.