Entamoeba histolytica
Entamoeba histolytica | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Filuma | Amoebozoa |
Klasea | Archamoebea |
Ordena | Entamoebida |
Familia | Entamoebidae |
Generoa | Entamoeba |
Espeziea | Entamoeba histolytica Schaudinn, 1903 |
Datu orokorrak | |
Gaixotasuna | amebiasia |
Genomaren kokapena | protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org…, protists.ensembl.org… eta protists.ensembl.org… |
Entamoeba histolytica Entamoeba generoko protozoo parasitoa da, gizakiarengan disenteria eta amebiasi sor daitekeena. Gizakia da, hain zuzen ere, ameba horren ostalari bakarra.
Entamoeba histolytica mikrobio anaerobioa da. Bere bizi-zikloan bi egoeretan egon daiteke: trofozoitoa (zelula aktiboa, elikatu eta erdibiditzearen bidez zatitzen dena) eta kistea (erresistentzia handiko zelula, latentzia-forma bat dena). Trofozoitoak 10-60 mikrako diametroa duten zelula mugikorrak dira, nukleo bakarra dutenak. Kistea, aldiz,10-20 mikrako esfera da eta -heldua denean- lau nukleo ditu [1].
Protozoo honen kisteak dira infektatzen dutenak. Irensten direnean, kisteak heste lodira iristen dira (kolonera). Hori da, hain zuzen ere, Entamoeba histolyticaren ohiko habitata.
Patogenia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Infektatutako gizabanakoek gorozkiekin protozoo patogenoaren kisteak kanporatzen dituzte. Higiene baldintza kaskarrak dituzten herrialdeetan (edateko uren arazketa ongi egiten ez dutenak, hondakin-uren tratamendua burutzen ez dutenak, etab.) jendea gorozki-aho bidetik kutsatzen da eta amebiasia harrapatzen du: kutsadura fekala duten ur edo janariak hartzean, alegia.
Kisteak urdailera iristen dira eta bertako azidotasunari aurre egiten diote. Kolonera heltzean, trofozoito bihurtzen dira. Azken hauek heste lodiaren mukosari atxikitzen diote eta azkar ugaltzen dira.
Entamoeba histolyticaren infekzio batzuk asintomatikoak dira, ez dute gaixotasunik sortzen, protozoo horren anduiak birulentzia gutxikoak direlako. Andui birulentoek, aldiz, disenteria izeneko gaitza eragiten dute: hesteak ultzerak sortzen dituzte eta -ultzeren ondorioz- beherako bortitzak eta hesteetako karranpa larriak. Beherako jariakinek odola eta mukia dute. Sukarra ere disenteriaren ohiko sintoma bat da.
Ondo tratatu ezean, ameba-disenteriak konplikazio larriak ekar ditzake: trofozoitoak gibelera, biriketara edo burmuinera hedatu ahal dira odolaren bidez. Gibelean, esaterako, abzesuak sortzen dituzte, organoari kalte eginez[2].
Ur eta janari kutsatuen bidez ez ezik, ameba-disenteria ere harreman sexualen bidez harrapa daiteke (uzki-aho bidetik harremanak izaten dituztenen artean).
Epidemiologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Entamoeba patogenoak Afrika, Asia tropikala eta Hego Amerikako populazioa erasotzen ditu batik bat. Bertan, herritarrek %20 inguru protozooaren eramailea da [3]. Europan eta AEBetan, berriz, herritarren % 2k baino gutxiagok besterik ez du eramaten protozooa.
Diagnostikoa eta tratamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Disenteriaren diagnostikoa gaixoaren gorozkiak aztertzen egin ohi da, mikroskopioan protozooaren trofozoitoak ikustean.
Bizkarroiaren aurkako antigorputzen bilaketak, edo bizkarroiaren ADNa hautemateak (PCRen bidez) gaitzaren diagnostikoan ere laguntzen dute.
Tratamenduari dagokionez, metronidazol, iodokinol eta diloxanida furoatoa dira gehien erabiltzen diren botikak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Basaras, Miren; Umaran, Adelaida. (2004). Mikrobiologia medikoa. EHU, 329-333 or. ISBN 84-8373-658-6..
- ↑ Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:980 orr.
- ↑ Ingraham, J; Ingraham, C. Introduccion a la microbiología, Vol. 2 (1998) Ed. Reverté:569 orr.