Edukira joan

Diziplinartekotasun

Wikipedia, Entziklopedia askea

Diziplinartekotasuna diziplina akademiko desberdin asko erabiltzen dituen jakintzagai mota da, gai desberdinak metodologia honekin konbinatuz irakasten dituena.[1]

Gaur egungo garapen zientifikoan oinarritutako gizartean gero eta beharrezkoagoa da jakintza desberdinen elkartasuna edo konbinaketa, gauzak bere konplexutasunean ulertu ahal izateko. Adibidez, pentsa dezagun komunitate batean gaixotasun bat hedatzen ari dela. Gaixotasuna sendatzeko, medikuntzako jakintzak behar ditugu, baina gaixotasuna beste leku batean agertzen bada, estatistikaren bidez jakin ahalko da izurritea zer biztanleri zatitan agertuko den, komunitate horren dietaren, kokapen geografikoaren.. arabera.[1] Horrela, diziplinartekotasunak diziplina desberdinak konbinatzen ditu jakintza zabalago eta osoago bat izateko.

Diziplinartekotasuna kontzeptuaren sorrera eta garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frankek (1988) diziplinartekotasun terminoaren sorrera Gizarte Zientzien Ikerkuntza Kontseiluaren barruan kokatzen du, XX. mendearen hasieran. Honek diziplinartekotasunaren terminoa horrela definitu zuen: bi ikertzaile baino gehiago sartzen dituen ikerketa. Ordutik aurrera, diziplinartekotasunak hainbat mugimendu izan ditu, adibidez, Movement of Science Unit-ek diziplinartekotasuna erabiltzeko kanpaina egin zuen 30. eta 40. hamarkadetan, Erresuma Batuan. Horretaz gain, 1960. hamarkadan Estatu Batuetan egon ziren ikasle mugimendu eta istiluek betidanik erabili izan den diziplina zorrotzaren kontra egin zuten, eta unibertsitateetan diziplinartekotasuna erabiltzen hasi ziren. 1972an ELGAk (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) Interdisciplinarity liburukia argitaratu zuen, irakaskuntzan diziplinartekotasuna hedatzea helburu zuelarik, bai unibertsitateko ikasketetan eta baita hezkuntzako antolakuntza estrukturetan ere.

80. hamarkadaren bukaeran ordea, diziplinartekotasunak aurreko hamarkadan zeukan bultzada eta indarra galdu zuela konturatu zen ELGA, eta gaur egun ere 70. hamarkadan baino diziplinarteko proiektu gutxiago egiten dira hezkuntzaren arloan. [2]

XV. mendean, Errenazimendu garaian hain zuzen ere, gizakiak munduari buruz zeukan ezagutza areagotu egin zen. Momentu horretatik aurrera, zientzien introspekzio prozesu bat hasi zen, eta horren ondorioz ezagutzaren zatiketa, espezializazioak eta diziplina zientifiko bakarrari erantzuten dioten jakintzagaiak sortu ziren, alegia, beraien arteko loturarik gabeko ezagutzak.

Errenazimendutik XIX. mendearen bukaerara arte eta XX. mendearen hasierara arte, zientziaren arloan aurrerakuntza handiak egon ziren eta garai horretan herrialdeetako produkzioaren garapena, hau da, herrialdeen ekonomia, zientziaren esku egoten hasi zen. Horregatik, zientziak gizartean zeukan garrantzia areagotu eta instituzionalizatu egin zen.

Horren ondorioz, ezagutza zientifikoaren garapen gisa sortu zen diziplinartekotasuna, kontuan izanda espezializazioak ez zirela nahiko garaiko gizarteak planteatzen zituen arazoak konpontzeko, eta diziplinartekotasunean oinarritutako jakintzagaiak sortu ziren, adibidez soziolinguistika edo biokimika.

Gaur egun, ezagutzaren etengabeko aldaketek eta gizarteak planteatzen dituen arazoek duten konplexutasunek diziplinartekotasuna erabiltzea bultzatzen dute. [3]

Diziplinartekotasuna hezkuntzan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diziplinartekotasuna eta irakaskuntza unibertsitarioa gerturatzean ezagutzarekiko jarrera berri bat sortzen da, izan ere, diziplinartekotasunak gaur egun gure gizartean dauden beharrak asetzen ditu ezagutza desberdinak batuz. Lan munduan diziplinartekotasuna erabiltzeko unibertsitateetako ikasketetan metodologi honen bidez ikastea beharrezkoa da. Diziplinarteko pedagogia erabiliz, irakaskuntza prozesuaren helburua jakintza orokorrak ondo ezagutzea da, beharrezkoa den sakontasunean, ez asignatura akademiko bakar baten bidez.

Hori horrela, diziplinartekotasunaren metodologiaren ustez, gradu osoko helburu orokorrak lortzeko asignatura edo irakasgai guztien lotura egin behar da, elkarren arteko konexioak ikasiz, urtero diziplinartekotasuna lortzen duten ekintza edo proiektu jakin batzuk eginez.

Fialloren (2001) esanetan, diziplinartekotasunak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan onura hauek sortzen ditu:

  • Diziplinen arteko mugak malgutzen ditu, irakasgaien arteko konexioak erakutsiz eta ikasleei errealitatea den bezala erakutsiz.
  • Irakasgai desberdinetako jakintzak erabili ahal izatean, ikasleen motibazioa areagotzen da.
  • Denbora aurrezten du eta beharrezkoak ez diren errepikapenak saihesten ditu.
  • Gaitasunak eta baloreak garatzen laguntzen du, irakasgai edo jakintza desberdinak aldi berean irakatsiz.
  • Bibliografia eta irakasteko baliabideak areagotzeko eta garatzeko aukera ematen du baita irakaskuntza metodologia hobetzekoa ere.
  • Lan taldeen metodologia garatzeko aukera ematen du.
  • Profesionalen prestakuntza maila areagotzen du, lan indibiduala erabili beharrean kooperazioan oinarritutako lanera egokitzean.
  • Irakasle eta ikasleen sormena areagotzen du ikasleak klaseak emateko modu berrietara egokitzean.[3]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Ingelesez) «More about interdisciplinarity» www.ucl.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2018-03-29).
  2. (Ingelesez) Chettiparamb, Angelique. (2007). Interdisciplinarity: a literature review. , 12 or. ISBN 978-1-905788-36-1..
  3. a b Llano Arana, Lizgrace; Gutiérrez Escobar, Miriam; Stable Rodríguez, Addys; Núñez Martínez, María; Masó Rivero, Rosa; Rojas Rivero, Bárbara. (June 2016). «La interdisciplinariedad: una necesidad contemporánea para favorecer el proceso de enseñanza aprendizaje» MediSur 14 (3): 320–327. ISSN 1727-897X. (Noiz kontsultatua: 2018-03-29).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]