Edukira joan

Dülmen poni

Wikipedia, Entziklopedia askea
Dülmen ponia
Zaldi arraza
EspezieaEquus ferus caballus
Jatorria Alemania
SinonimoakDülmen. Dülmener.

Dülmen ponia, (alemanez: Dülmener Pferd edo Dülmener Wildpferd), Dülmen zaldia bezala ezaguna ere, Dülmener edo Dülmen , Alemaniako bertako eta antzineko zaldi arraza bat da[1]. Bere egungo zabalpen eremua Coesfeld barrutian dago[2], nahiz eta seguruen, garai batean, bere hedapen eremua handiagoa izan zen.

Egun desagertutako Senner poni (aditu batzuen ustez arraza hau ez dago erabat desagertuta eta egun haren ezaugarriek Alemaniako hainbat zaldi arrazengan diraute) zein Emscherbrücher poniekin batera, jatorrizko Alemaniako poni arraza bakarra da. Gaur egungo beste hainbat zaldi arrazek kanpotik ekarritako poniengan dute jatorria. Alemaniako shetland poni edo Alemaniar zela ponien kasu.

Edozein modutan, zenbait adituk egungo dülmen arrazaren jatorrizkotasuna zalantzan jartzen dute[3].

Bere tamaina zein ezaugarriengatik ponien sailkapen taldean kokatzen da.

Teutoburg basoko senner poni arraza galduz gero, hau da aspaldiko jatorria Alemania bertan daukan poni arraza bakarra da egun. Naiz eta bere jatorria poni erdi basatiengan dagoen, ondo moldatzen da etxekotua izateko zein zela zaldi gisa. Garai batean baserri lanetarako ere erabilia izan zen.

Arrazaren gune nagusia Ipar Renania-Westfaliako eskualdearen Dülmen hiritik gertu dago. Dülmen "poni basatien hiria" ezizenaz ere ezaguna da.[4][5]

Egun 350 inguruko abere samalda mantentzen da Merfelder Bruch izeneko lur jabetza handian, hesitutako 3,5 km2, Ipar Renania-Westfaliako Coesfeld distrituan[6]. Eremu honetatik kanpo bizi diren poniei ez zaie "Dülmener Wildpfer" izendapena ematen, basa ponitzat hartzen ez direlako. Kasu horretan Dülmener izendatzen dira soilik. Edozein moduan eta ikuspegi biologiko zehatz batetik, Dülmen poniak ezin dira erabateko basa zalditzat hartu gizakiaren hainbat eragin eta maneiu izaten dutelako.

Alemaniako bertako etxabere arrazen kontserbazioan aritzen den Gesellschaft zur Erhaltung alter und gefährdeter Haustierrassen (Alemaniako Etxabere Arraza Zaharrak eta Arriskuan Daudenak Zaintzeko Elkarteak), elkarteraen arabera arraza desagertzeko zorian dago[7], eta 2014. urtean "urteko mehatxupeko arraza" izendatu zuten.

Garai batean merfelderbrücher izenarekin zen ezaguna.[8]. Dülmen izena larratzen diren alboko hiritik hartu dute ondoren.

Merfelder Bruch eremutik kanpo bizi diren poniei ez zaie "Dülmener Wildpfer" izendapena ematen, basa ponitzat hartzen ez direlako. Kasu horretan Dülmener izendatzen dira soilik. Dülmener Brücher izan da arrazaren izendapen zabalduena. Horrela agertzen dira GHK-ko desagertzeko arriskuan dauden arrazen zerrenda gorrian.

Arrazaren Historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zaldi basati hauek Ipar Renania-Westfalia eskualdearen armarrian agertzen dira

Die Nibelungen olerki germanikoan zera kontatzen da; nola Sigfridok "zaldi amorratu" bat akabatu zuen Wasgosko basoan izandako ehizaldi batean. Antza, zaldi hura basoko tarpan bat omen zen. Garai haietan basazaldi ugari zegoen oraindik Alemaniako basoetan.

Dülmen zaldia, zalantzarik gabe, gaur egun irauten den Alemaniako arraza antzinetakoena da.

Zaldi basatiak 1316. urteko ageri batean aipatzen dituzte aurreneko aldiz. Bertan Johannes de Lette eta Hermann de Merfeld Jauntxoek Dülmen inguruko lurren gaineko ehiza zein arrantzako eskubideak eurentzat gordetzen dituzte, baina baita zaldi basatien gaineko eskubideak azpimarratu.

XX. mendearen hasieran libre larretzen ziren zaldiak geratzen ziren oraindik Alemaniako ipar-mendebaldeko leku apartatu eta helduezinetan. Haien izena alemanez Wildbahnen zen[9]. Hango basazaldi asko bertatik kendu zituzten X eta XII. menderen artean jendeak ehizatzen zituztelako eta haien iraungitzea ekiditzeko.

1830. eta 1850. urteren artean eman zen "marken" (Mark) inguruko banaketa administratiboa leku basati askoren amaiera ekarri zuen eta harekin batera bertan libre bizi ziren zaldiena.

Dülmen arrazaren jatorrian Emscherbrücher poniak daude. Emscher ibaiaren ibarrean barrena aske bizi ziren azken Emscherbrücher zaldiak 1840. urtean harrapatu zituzten eta Alfred von Croÿ dukeari salduak izan ziren 1850. urtean. Gero Dülmengo dukea izango zena. Zaldi hauek izan ziren egungo Dülmen ponien arbasoak. Hasierako taldean hogei abere besterik ez ziren, hogei "Merfelderbrucher", eta 53 hektareako itxitura batean zeuzkaten.

Urtetan zehar hainbat kanpoko arrazetako zaldiak erabili omen zaldi samaldaren odola berritzeko. Haien artean Mendiko galestar poniak eta Galestar zela poniak, 1939. urtean azkeneko aldiz. Batzuetan kontrakoa esan den arren, inoiz ez ziren erabili arabiar zaldirik gurutzaketa hauek egiteko.

Bigarren Mundu Gerra eta gero, etxekotzearen ondorio ziren zenbait kolore ezabatzeko, bakarrik poni arraza zaharretako zaldiak erabili ziren hazitarako. Mongoliar zaldiak, Hutsul poniak eta Exmoor poniak. 1956. urtetik aurrera bereziki konikak erabili ziren. Abere hauek Poloniako Popielnon tarpana berreskuratzeko programatik ateratako zaldiak ziren.

Ikuspegi zoologiko batetik ezin da esan Dülmen poniak erabateko basazaldiak direnik. Mendetan zehar ihes egindako gerla zaldi zein baserriatarren zaldiekin gurutzatu direlako. Hau dela eta Merfelder Brucheko zaldiek etxekotze hainbat ezaugarri dute [9].

  • Tamaina.

Dülmen poniak zaldi txikiak dira. Ohiko altuera soin gurutzera 125-135 cm artean kokatzen da, 140 cm gehienez izanik.

  • Burua.

Proportzionatua. Begi zabil eta biziak. Belarri txiki eta mugikorrak.

  • Kolorea.

Urdin-beltzazka edo marroi kolorekoak dira. Urdin-beltzazka kolorea, antza, konik poniekin izandako gurutzaketen ondorioa da. Dirudienez garai batean arraza koloretan Exmoor ponien oso antzekoa zen[10]. Gorri kolorekoak uso urri dira. Hazkundearen eta konik poniekin izandako gurutzaketen ondoirioz egun ugari dira "Dun" kolorekoak eta bizkarrean mando marra daukatenek.

Arrazaren egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dülmen poniaren samalda

GEH-ko zerrendan daesagertzeko arriskuan dagoen arraza bezala agertzen da, lehen kategorian. Dülmen zaldia "Urteko Arriskuan Dagoen Abere Arraza" izendatu zuten 2014an Alemaniako Etxabere Arraza Zaharrak eta Arriskuan Daudenak Zaintzeko Elkarteak (GEH).

Arrazaren egoera ez da zuzpertu azken urtetan.[11].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Arrazari buruzko artikulua "The equinest" entziklopedian. [1]
  2. (Ingelesez) Arrazari buruzko aipamena FAOn [2]
  3. (Ingelesez) Arrazari buruzko artikulua.[3]
  4. (Ingelesez) (Alemanez) Arrazari buruzko artikulua Dülmen hiriko WEB orrialdean. [4][Betiko hautsitako esteka]
  5. (Ingelesez) https://web.archive.org/web/20080617042927/http://www.duelmen.de/en/wild_horses/index.htm
  6. (Ingelesez) FAOren arrazari buruzko aipamena[5]
  7. (Alemanez) Dülmener. [6]. Gesellschaft zur Erhaltung alter und gefährdeter Haustierrassen.
  8. (Alemanez) Alemaniako basa zaldi arraza zaharrei buruzko artikulua. [7]
  9. a b (Alemanez) Alemaniako basa zaldi arraza zaharrei buruzko artikulua. [8]
  10. (Ingelesez)https://www.eurowildlife.org/news/the-dulmen-pony-a-tragic-mistake-led-to-the-extinction-of-the-last-herd-of-wild-horses-on-the-continent/
  11. (Alemanez) https://www.g-e-h.de/index.php/rassebeschreibungen/45-pferde/116-duelmener

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]