Concha Liaño
Concha Liaño | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Concepción Liaño Gil |
Jaiotza | Épinay-sur-Seine, 1916ko azaroaren 24a |
Herrialdea | Espainia Frantzia |
Heriotza | Caracas, 2014ko apirilaren 19a (97 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Rafael Ochoa Carrasco (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktibista |
Kidetza | Mujeres Libres Libertarian Youth (en) Frantziako Erresistentzia |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | 1936ko Espainiako Iraultza Soziala |
Concepción "Concha" Liaño Gil (Épinay-sur-Seine, Frantzia, 1916ko azaroaren 24a [1] - Caracas, Venezuela, 2014ko apirilaren 19a ) 1936ko Espainiako iraultza sozialean parte hartu zuen anarkista eta Mujeres Libres (Emakume Askeak) mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haurtzaroa Bartzelonan eman zuen eta bertan, hamabost urte zituela, Juventudes Libertarias (Gazte Libertarioak) erakundean izena eman zuen. 1935ean, beste emakume libertario batzuekin batera, Agrupación Cultural Femenina (euskaraz: «Emakumeen Kultur Taldea») elkartea sortu zuen. Madrilen bazen lehendik ere Mujeres Libres aldizkaria, planteamendu eta helburu bertsuak zituen proiektua. Horrek ekimen bien bat egitea ekarri zuen eta Federación Nacional de Mujeres Libres (euskaraz: «Emakume Askeen Federazio Nazionala») sortzea. Concha Liaño eta Soledad Estorach Esterri izan ziren Katalunian mugimendu feminista honen zabalkundearen arduradunak. Erakunde hau "CNT - Confederación Nacional del Trabajo (Lanaren Konfederazio Nazionala) sindikatuaren mugimendua" izateko bokazioarekin jaio bazen ere, Liañoren arabera, bai sindikatuak eta bai Gazte Libertarioek ere susmo txarra hartu zioten eta nolabaiteko kondeszendentziaz tratatu zuten: [2] "Gu saiatu ginen CNTko emakumeen mugimendutzat har gintzaten, baina ez gintuzten onartzen. Orain, hainbeste urte pasata, onartzen gaituzte. Matxismoa orduan, orain bezala, genetikoa bezalakoa zen. Gerran zailtasun handiz tratatu gintuzten, hala ere, nekez, baina, lagundu egin ziguten. Halakoa zen orduko mentalitatea.[3]
Espainiako Gerra Zibila hasi ondoren, Bartzelonako Provensals auzoko Batzorde Iraultzailearen kide izan zen, eta baita San Pedro Ospitaleko Gazteria Libertarioen Batzordekoa ere. 1937an Mujeres Libres aldizkariaren zuzendaria izan zen. [1]
1939an, Espainiako Errepublikak gerra galdutakoan, Concha Liaño Frantziara erbesteratu zen. Han lortu zuen ihes egitea Frantziako agintariek Espainiako errefuxiatuak konfinatu zituzten kontzentrazio esparruetako batetik, eta Parisera eta gero Bordelera joatea. Espainiako beste hainbeste errepublikano bezala, lankidetzan aritu zen Erresistentziarekin. Hala ere, Errepublikaren eta Espainiako Iraultzaren porrotak eragindako etsipenak —Frankoren erregimenak Bigarren Mundu Gerraren ondoren irautea lortu izanak areagoturik— bere buruaz beste egiten saiatzera eraman zuen krisi pertsonal batean murgildu zuen. Horren ondorioz, eta bere lagunek hala eskatuta, 1948an Venezuelara joan zen bizitzera bere bost urteko alaba bakarrarekin. Maracaiboko hegazkin konpainiako langile gisa lan egin zuen. Ondoren, Caracasera joan zen bizitzera, eta han bizi izan zen, hiriaren erdialdeko apartamentu xume batean, 2014ko apirilaren 19an hil zen arte. [4]
1996an, J. Gamero, Paco Ríos eta Mariona Rocaren Vivir la utopía dokumentalaren protagonistetako bat izan zen, eta urte berean Vicente Aranda zinemagileak Concha Liaño eta Mujeres Libres mugimendua hartu zituen inspirazio iturritzat Libertarias filma egiteko. Filmeko protagonistetako batek, hain zuzen ere, Concha Liaño izena du. Hala ere, benetako Concha Liaño oso kritiko agertu zen filmarekin.
Liaño Hugo Chávez Venezuelako presidente ohiaren aldekoa izan zen eta "Jainkoaren mandataria dela" esatera iritsi zen. [5]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b «CONCHA LIAÑO DE MUJERES LIBRES | CNT Puerto Real» web.archive.org 2016-03-04 (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).
- ↑ Amelie Anarcofeminista. (2011-11-15). Concha liaño. (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) .
- ↑ Parlem amb… Concha Liaño | rebequeries. (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).
- ↑ «Concha Liaño: “Soy anarquista y también creo que Chávez es un enviado de Dios” | Patria Grande» web.archive.org 2018-08-31 (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Mujeres del 36 (1999). Llum Quiñoneroren "Nosotras que perdimos la paz" (Ediciones Foca) liburuan oinarrituriko dokumentala.
- Concha Liaño :: Anarquista :: Mujeres Libres 1936