Biurriak
Biurriak, 60ko hamarkadan, munduko pop-rock kanta ezagunak euskaraz kantatzen zituen talde donostiarra izan zen. Hasieran, Biurriak Ez dok Amairu proiektuaren barruan aritu zen eta, gero, bere kontura ibili zen.
Lehen urratsak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1965 an, Arantxa Gurmendi, garai hartan Jarrai antzerki taldeko partaide zen eta “Zeruko Argia” aldizkariko “Gazte naiz” atalean idazten zuen. Beste gaien artean, punta puntan zeuden musika taldeei buruz idazten zuen. Izan ere, bere ahizpa Ixiarrekin batera Inglaterran egona zen, eta gogoko zituzten kantak euskeratzen hasi ziren.
Aldi berean, Kursaal Zaharrean, Euskal Kantagintza berritzeko asmotan zebilen jendearen artean, bilerak egiten hasi ziren: poetak, idazleak, musikariak… Arantxa ere partaide izan zen Jarrai Antzerki taldeko kidea bait zen. Euskal Kantagintza Berriaren proiektuan parte hartzeko, deituak izan ziren bereziki kantari zebiltzan hainbat gazte euskaldun, batzuk euskaraz kantatzen zutenak eta besteak gazteleraz.
Beraz, han egin zuten topo hainbat lagunek: Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo, Jose Antonio Villar, Mikel Laboa, Idoia Garmendia, Zuaznabar txalapartariak, Manolo Urbieta (musikaria), Julen Lekuona, Nemesio Etxaniz, Xabier Lete (poeta eta Jarraiko aktorea), Joxe Angel Irigarai (idazlea), Kemen hirukotea. Beste partaide asko ere izan ziren, inoiz ezagunak egin ez direnak. Dudarik gabe, guztien lana eta eragina beharrezkoa izan zen proiektua gauzatzeko.
Euskal Abesti Berrien jaialdiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azkenean, iritxi zen Euskal Kanta Berria plazaratzeko eguna. Jarrai Antzerki Taldeak jaialdiak antolatzeko esperientzia frogatua zuenez, bere gain hartu zuen ardura. Egitarua osatzeko orduan, jabetu ziren parte hartu zezaketen gehienak bakarlariak zirela eta gitarraren laguntzarekin abesten zutela, kantautore estilokoak (protesta kanta deitzen zena), beraz ikuskizuna, monotono xamarra gerta zitekela. Orduan, taldekoei bururatu zitzaien norbaitek kanta martxosoagoak kantatu behar zituela, eta Arantxa Gurmendiri euskaratutako abesti batzuek kantatzea proposatu zioten. Arantxa prest azaldu zen bainan bakarrik baino hobe zela bere ahizpa Ixiarrekin bikotea osatzea. Beraz, Biurriak izena aukeratu zuten eta lanean hasi ziren. Lau kanta euskaratu zituzten emanaldirako. Hurrengo pausoa musikariak lortzea zen. Manolo Urbieta musikariaren bidez, Zarauzko Naya orkestinarekin entseguak egin ondoren saioa prestatuta geratu zen.
Lehenengo emanaldia, Hernaniko Aitor aretoan 1966ko urtarrilaren 9an izan zen. Aurkezle lanetan Ramon Saizarbitoria eta Arantxa Gurmendi aritu ziren. Jendearen erantzuna itzela izan zen. Bertan parte hartu zuten: Izarti (dantza taldea), Bicondoa (esku-soinua), Jose Antonio Villar, Mikel Laboa, Julen Lekuona, trio Kemen eta “Biurriak” (Arantxa eta Ixiar Gurmendi ahizpak Naya musika taldearen laguntzarekin). Hauek lau abesti kantatu zituzten: “Nere Maite” (All my loving, Beatles), “Ezko panpin, doñu panpin” ( Poupée de cire, poupée de son, Serge Gainsbourg, 1965ko Eurovision Abesti Lehiaketan irabazle, France Gall abeslariarekin), “Orain alde egin deikezu” (I only want to be with you, Mike Haisker & Ivor Ray, Surf taldearen bertsioa) eta “Obeto ezagutu” ( I should have known better, Beatles) Ondoren, “Pelotari” filma proiektatu zuten.[1]
Bigarren emanaldia, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian izan zen 1966ko urtarrilaren 23an. Oraingoan: Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo, Julen Lekuona, Kemen taldea, Mikel Laboa, Zuaznabar anaiak (txalaparta) eta Arantxa Gurmendi bakarlari bezala aritu zen, Naya musika taldeak lagunduta (Ixiarrek Inglaterrara Joan behar izan bait zuen). Bi abesti kantatu zituen, “Neska yeyé” (Chica Yeye, Antonio Guijarro & Augusto Algueró) eta “Ezko panpin, doiñu panpin”.
Hurrengo agerpena EZ DOK AMAIRU ren aukezpen emanaldia izan zen Irungo Bellas Artes Aretoan 1966ko martxoaren 6ean. Hasiera emateko Xabier Letek “Martintxo Errementaria” ipuina irakurri zuen eta Jarraiean, Joxe Mari Iriondok aurkeztuz, honako hauek izan ziren parte hartzaile: Lourdes Iriondo, Julen Lekuona, Joxe Antonio Villar, Biurriak (Arantxa Gurmendi), Oleskariak eta Artze anaiak (txalaparta).[2]
Biurriak talde berria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Kanta Berrien Jaialdiek arrakasta handia izaten zuten. Antzokiak bete egiten ziren eta kantatzen jarraitzekotan, Biurriak, Arantxa eta Ixiarrek, talde propio bat osatzeko beharra ikusi zuten. Bazuten inguruan gitarra elektrikoak eta bateria jotzen zuen jendea, beraz, elkartu eta entseguetan hasi ziren.
Biurriak taldearen helburua, momentu hartan munduan punta puntan zeuden kantak, euskaraz abestea zen. Batez ere, Inglaterran arrakasta zuten taldeen artean aukeratzen zituzten kantak. Orduan, ez zegoen partiturak lortzerik, beraz, diskak Iparraldean erosten zituzten, Donostiara beranduago irixten bait ziren, eta hitzak, melodía eta baita gitarra akordeak ere, entzunez ateratzen zituzten. Gero Ingelesetik euskaratu eta bertsio propioa egiten zuten.[3]
Honako kanta hauek interpretatu zituzten beraien emanaldietan: “Yesterday” eta “Yellow Submarine” (Beatles); “Paint it black” (Rolling Stones); “Pretty Flamingo” (Manfred Mann’s); “I’m a boy” (The Who); “Wonderful World” (Herman’s Hermits); “San Francisco” (Scott Mckenzie); “Sha la la la lee” (Small Faces); “Gimme some lovin” (Spencer Davis), ”With a Little help from my friends” (Beatles, Joe Cocker abeslariaren bertsioa), Sloop John B (Beach Boys)….
Hala eta guztiz ere, 1966ko maiatzaren 19an Usurbilen antolatutako Euskal Kanten lehiaketa batean parte hartu zuten, beraiek sortutako abesti batekin “Utsak ez”.
« | Gazte utsak gerala diote, baina ez da ala.
Lana egiteko gu prest gaude ta au egia da, ille luzea degula, zarata egiten degula… Zergatik ez, zergatik ez, zergatik ez… |
» |
Biurriak taldea osatzen zutenak bost hauek ziren: Iñaki Araiz (gitarra baxua), Juanin Iturralde (gitarra solista eta ritmikoa), Juan Mari Gurmendi (batería), Ixiar Gurmendi eta Arantxa Gurmendi (ahotsa, musuteklatua eta panderoa). Denak ziren Donostiarrak, 18-22 urte bitartekoak.
Zailtasun asko izan zituzten. Garai hartan ez zen erraza soinu equipo bat lortzea, baina Gregorio Gurmendi (aita) elektronikan teknikaria zen eta tailerra zuen. Berak egin zizkien gitarrentzat eta mikrofonoentzat behar zituzten anplifikadoreak, bafleak etab.
Beste arazo larria musika talde batentzat entsegu tokia bilatzea zen. Batetik bestera ibili ziren. Hasieran, denbora batez, Amarako Donosti Elkartean aritu ziren. Ondoren, Garibay kaleko zapata denda bateko trastiendan eta handik, Kresala Elkartea ireki zutenean, bodegako gela bat utzi zieten eta gero berriz Amarako elkartera itzuli ziren.
BIURRIAK talde osoaren lehen emanaldia Bilbon izan zen. EZ DOK AMAIRU Bizkaian aurkezteko antolatu zuten jaialdian, Santiago Apostol Aretoan, 1966ko azaroaren 6ean. Egitarauean honako hauek azaltzen ziren: Benito Lertxundi, Mari Lurdex Iriondo, Biurriak, Joxe Anton Billar, Julian Lekuona, Mikel Laboa eta Arza Anaiak.
Parte hartu zuten abeslari denak ziren bakarlariak gitarrarekin, eta kantu melodikoa, balada modukoa kantatzen zuten garai hartan. Beraz, Biurriak taldearen txanda iritxi zenean, trumoi antzeko zerbait izan zen: Bost gazte, melenak, minigonak, gitarra elektrikoak, batería…eta euskaraz!
Pop-rock euskaraz kantatzeak, era guztietako iritziak eta erantzunak sortu zituen. Gazte jendearen artean, txaloak eta poza nagusi ziren. Gustura onartzen zuten musika mota hori. Izan ziren ordea, kontrako iritzia zutenak ere baziren. Mostra moduan, La Voz de España egunkarian piztu zen eztabaidaren zatiak:
« | Contamos en nuestro haber con el raro tesoro de una lengua cuyo origen trae en jaque a los eruditos del mundo. Pretender empastarla a los ritmos «yeyés» es una profanación. [...] Esto no es mas que una triste prueba de resquebrajamiento en la personalidad; un desprecio irresponsable a la solera que debemos respetar. | » |
—"Profanación", Maria Elena de Arizmendi, La Voz de España, 1966-02-01 |
« | Cuando en nombre del folklore tradicional, del que nos viene del pasado, se trata de condenar el folklore vivo, el que está naciendo ahora, importando quizás de América —todo ha sido importado de alguna parte— entre estruendo de guitarras electrónicas, creo que se comete un error. Porque sin fecundación no hay multiplicación de la especie. No veo por qué la entraña popular vasca vaya a ser incompatible con el ritmo «yeyé». Al contrario, me felicito de que la vieja lengua de Aitor haya sido capaz de encontrar ahí un campo de expresión, porque esto significa que está aún viva [...]. Nuestros jóvenes no quieren saber nada de un «folklore» que huele a naftalina. Y en esto no hay más remedio que darles la razón. | » |
—"Hay que darles la razón", Karlos Santamaria, La Voz de España, 1966-02 |
Taldeak arrakasta handia izan zuen gazte jendearen artean. 1966an, Coca-Colak antolatutako “II Concurso de redacción en vascuence” lehiaketaren sari banaketa Kursaal Antzokian sortu zen giroa aparta izan zen eta batez ere Beatlesen “Yellow Submarine” euskaraz “Urazpiko oria” kantatu zutenean. Horrela zioten La Voz de España egunkarian:
« | Para cerrar el Festival, un conjunto fuera de serie, “Los Biurriak” que supo mantener y acrecentar el entusiasmo del público, interpretando varias canciones ye yes en euskara… | » |
Ez Dok Amairutik kanpo
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez Dok Amairu utzi
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Denbora batean, Ez Dok Amairu Taldearen barruan jardun zuten, baina taldeko batzuen jokaerarekin ez zeuden erabat ados, eta gainera beraien musika motak ez zuen zer ikusirik Ez Dok Amairuko taldekoek egiten zutenarekin. Bestalde, ez zituzten aintzat hartzen. Kontutan hartu behar da, ez dela berdin eszenatokia prestatzea abeslari bakar batentzat edo tresna elektrikoak erabiltzen dituen talde batentzat. Denbora gehiago behar izaten da eta probak egin behar dira, jendea sartu aurretik. Hau zela eta, eztabaidak izaten zituzten eta behin, Donibane Loitzuneko ekitaldi egunean izandako eztabaida gogor baten ondorioz, Ez Dok Amairu taldetik irtetzea erabaki zuten.[4][5]
Geroztik, libre gisa ibili ziren. Hala ere, jaialdi askotan, Ez Dok Amairuko jendearekin bat egiten zuten, antolatzaileek zuzenean deitzen zietenez ikuskizuna osatzeko.
Emanaldi askotan hartu zuten parte. Gehienetan “Euskal Kantuaren” jaialditan eta bestetan, herrietako festetan, frontoietan, ikasleen saioetan, beti ere ikuskizun moduan eta ez dantzarako orkestina bezala.
Behin, ordea, Bergarako Ariznoa dantzalekuan aritu ziren ikuskizun gisa dantzaldiko deskantsuan. Beste batean, Azkoitia edo Azpeitian konkurtso batera aurkeztu ziren, frontoian zen eta bertan Bizkaiko eta beste lekuetako erdi profesionalak ziren rock taldeekin egin zuten topo. Musika tresna izugarri haien ondoan Biurriak afizionatu xume batzuk ziren, baina hala eta guztiz ere bakarrak izan ziren euskaraz kantatzen eta txalo zaparrada jaso zuten.
Harreman ona zuten Donostiako Los Pikos taldearekin. Izan ere, beharra izan zutenean, Los Pikos eko gitarrista baxua, Berrocal, ordezkapen lanak egiten aritu zen beraien kontzertuetan. Los Pikos taldearen entsegu lokala Garibay kalean zegoen ere eta maíz egoten ziren elkarrekin ideiak eman, eztabaidak etab. Furgoneta ere noiz edo noiz utzi zieten.
Aipagarria izan zen Hernaniko Aitor Antzokian eskeini zuten emanaldia. 1968ko maiatzaren 19an izan zen eta Euskal Abestiaren Jaia izendatu zuten. Egun horretarako, zerbait berezia prestatu nahi izan zuten. Jarrai antzerki taldeko Mikel Forcada dekoratzaileak diseinatutako eszenografia jarri zuten: argiak, plataformak eta guzti. Ba ziren bi neska Ana eta Ana Rosa entseguetara urbiltzen zirenak eta hauek ere animatu ziren go-go moduan dantzatzera. gitarauak dioenez honako hauek hartu zuten parte: Benito Lertxundi, Idoia Garmendia, Oskarbi Taldea, Biurriak Taldea eta Estitxu.
Biurriak grabazioetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tamalez, ez zuten diskarik grabatu. 1966ean, Xabier Gereñok Bilboko CINSA estudioan proba egitera deitu zituen, baina garai hartan, lekua kantari bakar bat gitarra klasikoarekin grabatzeko prestatua zegoen, eta ez gitarra elektrikoekin eta bateriarekin jotzen zuen talde batentzat. Zarata ikaragarria sortzen zen, eta ezinezkoa izan zen.
Grabazio batzuek egin zizkieten magnetofonoz, baina zoritxarrez, 1997an izandako uholdeak artxibo guztiak ondatu zituen Lasarteko soto batean gordeta baitzeuden.
Aldiz, 2019ko maiatzaren 12an “Jesus Mari Olano Fondoa” aurkeztu zen Hernaniko Udaletxean. Jesus Mari Olano zenak magnetofono batekin grabatu zituen euskal kulturako hainbat ekitaldi, 1964tik 1972ra eginak, bere osaba Juan Olanorentzat eta Joxan Goikoetxea musikariari eman zion ondarea, gordailu digital bat osatzeko. 150 bat grabazio ordu digitalizatu dituzte eta baita ere 1960 -70 hamarkadetan Hernanin antolatu ziren euskara eta kulturaren alorreko ekitaldietako soinu-errejistroak eta hainbat dokumentaziok: argazkiak, esku-programak, agiriak, antzerki gidoiak… osatzen dute bilduma, Jesus Mari Olano Fondoa deitu diotena.[6][7]
Ondare garrantzitsu honi esker, Biurriak taldearen grabaketak agertu dira, Aitor Antzokian ospatutako jaialdietakoak hain zuzen. Ez dira kalitate onekoak, kontutan izan behar da magnetófono particular batekin eta mikrofono bakarrarekin grabatuta daudela, baina testigantza baliotsua da gerokoak ezagutu dezaten zer egiten zen urte haietan.
Amaiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1968aren bukaeran, batzuen lanaren ordutegiak zirela, beste batek soldaduska egin behar zuela e. a., kontua da, gero eta zailagoa egiten zitzaiela entseguekin jarraitzea eta Biurriak Taldeari behar zen denbora ezkeintzea. Beraz, taldea desegitea erabaki zuten. Horrela bukatu zen “Biurriak” taldearen historia.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Jon Odriozola eta, Joxan Goikoetxea. (2016). «"Garai Berri baten Hasiera" Ez Dok Amairuren hitzaurre izan zen jaialdia» Hernaniko Urtekaria (Hernaniko Udala).
- ↑ «Ez Dok Amairu» www.badok.eus.
- ↑ Ramirez, Xalba. (2024). "Enarak, euskal musika modernoaren aitzindari ahaztua". Hirutxuloko Hitza.
- ↑ Ye-ye euskaldunen historia ahantzia. Argia.
- ↑ Irazustabarrena Uranga, Nagore. (2021). «Euskal musikari ilea luzatu zitzaionekoa» Argia.
- ↑ «Hernanin entzundako «herri bizitzaren musika eta hotsak», Jesus Mari Olano Fondoan bilduak» Kronika.eus.
- ↑ Urkizu, Urtzi. (2019). Ondare bat ahotsez betea. Berria.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]