Wikipedia, Entziklopedia askea
Belisario[1] (K.o. 500 inguruan[2] -565) Bizantziar Inperioaren historiako jeneral ospetsuena dugu. Taktikan aditua, baliabide urriekin etekin ikaragarriak lortu zituen Justiniano I.a enperadorearentzat.
Oso leiala izan zitzaien bere agintariei, baina ez zuen tratu onik jaso Justinianorengandik. Enperadoreak, jeneralaren arrakasten inbidiaz, harat eta honat eraman zuen, eta armadaren buruzagitza hainbat alditan kendu zion, nahiz eta gero berriro itzuli behar izaten zion. Agintariaren laguntza handirik ez izan arren, Belisario gabe ezinezkoak lirateke inperioak garai hartan lortu zituen konkista gehienak. Narses jeneralak ordezkatu zuen azkenean, Justinianoren aginduz. Justinianok Belisario preso hartu zuen; geroago, aske utzi eta barkamena eskatu zion. Justiniano baino zenbait aste lehenago hil zen. Gaurdaino Justinianok Belisario itsuarazi eta eskale bihurtu zuelako kondaira iritsi zaigun arren, jeneralaren bizitzaren amaierari buruzko istorio hori ez da egiazkoa. Historiako jeneral abilenetakoa dela esan ohi da.