Astalar
Astalar (Dipsacus fullonum) | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Dipsacales |
Familia | Caprifoliaceae |
Generoa | Dipsacus |
Espeziea | Dipsacus fullonum |
Sinonimoak[1] | |
Zerrenda
|
Astalarra[2] (Dipsacus fullonum edo Dipsacus sylvestris) jatorria Eurasian eta iparraldeko Afrikan duen Cronquist-en sailkapen klasikoaren arabera Dipsacaceae familiako eta APG III sailkapen filogenetikoaren arabera Caprifoliaceae familiako landare-espeziea da, landatzen den aldaera ere (D. fullonum var. sativus[3]) baduena.
Askotan gari artean hazten da[4] eta, jatorriz Eurasiako eta Ipar Afrikakoa bada ere, Ameriketan, Hego. Afrikan, Australian eta Zelanda Berrian ere badago sartuta.
Landare belarkara biurtekoa (gutxitan iraupen laburreko landare iraunkorra), 1 eta 2,5 m arteko altuera du. Haren infloreszentzia lila koloreko lore sorta zilindrikoa da, lehortzean 10 cm luze izan daitekeen braktea arantzatsu gogorrez osatutako konoa bihurtzen dena..
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Generoaren izena (Dipsacus) grezieraren Δίψακος / dipsakos hitzetik dator eta hau grezierazko “egarri” ( Δίψα / dipsa) hitzetik[5] eta hosto eseriek zurtoinean bat egitean eratzen duten ontzi-itxurako sakonuneari egiten dio erreferentzia. Gune horretan bil daitekeen euri-urak landareen izerdia xurgatzen duten intsektuak zurtoinera igotzea oztopa dezake. Astalarrak hosto lantzeolatuak ditu, 20 eta 40 cm arteko luzerakoak eta 3 eta 6 cm arteko zabalerakoak, erdiko saihetsaren azpialdean arantza txikizko ilara batekin. Erraz identifikatzen da zurtoin eta hosto arantzatsuekin, eta zurtoinen muturretan buruak osatzen dituzten lore lila, malba edo arrosa koloreko infloreszentziekin. Infloreszentziak oboideak, 4 eta10 cm arteko luzerakoak, 3 eta 5 cm arteko zabalerakoak eta behe aldean braktea kiribilez hornituak dira. Lehenengo loreak lore-buru esferiko edo obalatuen erdiko gerrian irekitzen dira, eta gero gorantz eta beherantz joaten dira irekitzen, denbora aurrera egin ahala bi lerro paralelo estu osatuz. Lehortutako buruetan 4 eta 6 mm arteko hazi txikiak udazken erdialdean heltzen dira.
Francis Darwin-k (Charles Darwin-en semea) Royal Society-n aurkeztutako paper batean astalarrak haragijaleak ote diren eztabaidatu zen.[6] Darwinen esperimentuak erreplikatzeko saiakera garaikide batzuek Dipsacus benetan haragijalea den ala ez eztabaidagarri dela erakutsi dute. 2011ko ikerketa batek hazi-ekoizpena (baina ez altuera) gehitutako animalien kopuru eta izaeraren arabera handitu zela erakutsi zuen, baina 2019ko esperimentu batzuek iradoki zuten hazien gehikuntza lurzoruaren izaera txarraren ondorioa izan zitekeela eta ez landarea proto-haragijalea izatearen froga.[7][8]
Ekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haziak neguko elikadura-baliabide garrantzitsua dira hegazti batzuentzat, batez ere karnabentzat. Astalarrak sarritan hazten dira lorategietan eta sustatzen natura erreserba batzuetan haiek erakartzeko.[9]
Haztea eta erabilerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakiak hazitako aldaera ( Dipsacus fullonum var. sativus; sin. D. sativus) antzina oso erabilia zen ehungintzan; ehunak, batez ere artilezkoak, garbitzeko eta haien hariak lerrokatzeko orrazi natural legez erabilita. [10] Hazien buruetan arantza sendoago eta oker samarrekin mota basatia ez bezalakoa da eta bere lore-buru lehorrak ardatz, gurpil edo zilindro batzuei lotzen zitzaizkien, ehunen hari-zati solteak altxatzeko (zuntzak harrotzeko).[11] XX. mendean metalezko txarrantxatxoek ordezkatu zituzten astalar-buruak, haiek baino uniformeagoak izan eta, erabileraren eraginez gutxiago higatzen zirenez, haiek bezain sarri aldatu behar ez zirelako. Dena den, artile-ehule batzuek oraindik nahiago omen dute astalar-buruak erabiltzea, haiekin emaitza hobea delakoan; bereziki, astalar-buru bat ehunean erresistentzia larria aurkituz gero, hautsi egingo delako, eta metalezko txarrantxatxo batek oihala urratuko lukeelako.
Astalarra landare apaingarri gisa ere, hazten da tarteka, eta haren buru lehorrak apaingarri bezala erabili. Astalarraren sorterritik urrun dauden eskualde askotan naturalizatu da, neurri batean ehungintzan erabiltzeko hazitako aldaeraren inportazioagatik eta, hein batean, hazia, laborantza haziekin nahastuta, kutsatzaile izateagatik. Bere sorterritik kanpo belar gaiztoa bihur daiteke. Landare mota bakarreko sail handiak eratzen ditu (beste espezie batzuk ordezkatuz) klima aldekoa duen eta berarekin elikatzen den espezierik ez dagoen eremuak inbadituz.
Kontrol-metodorik onena herbizidak erabiltzea da. Eslovakian kontrol biologikorako baliagarriak izan litezkeen bi sits probatu ziren 2003-2004an (landarearekin lotutako zazpi intsektu identifikatu ostean). Endothenia gentianaeana espezie monofagoa kopuru handian hazi ahal izan zen eta Eslovakian ikuskatutako astalarren ia % 100ean agertu zen; Cochylis roseana bigarren sitsa ez zen tokiko liztor parasitoen jomuga Endothenia gentianaeana bezain sarri baina bai astalarrarentzako kalte handien eragile.[12] Amerikako Estatu Batuetako Nekazaritza-Departamentuak (USDA) 2018a arte ez zuen onartu sits horietako bat ere sartzea.
Bilakaera udan zehar
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hurrengo hiru irudietan ikus daiteke astalar landare baten bilakaera uda batean zehar. Irudiak Berangon, Bizkaian atera ziren 2011 urtean, gutxi gora behera 43,346N eta 2,982W koordenatuko kokapenean, itsasotik ez urrun baina handik hura ikusten ez den tokian. Landareen bilakaera urtean zehar haien kokapenari lotuta dago eta ez da toki guztietan berdina, toki batzuetan aldaketak beste toki batzuetan baino lehenago edo geroago jazotzen direla, baina Ipar hemisferioko beste toki askotan ere hemen erakutsiaren antzekoa izango da.
Galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Astalar orrazia
-
Lore-buru lehorrak.
-
Astalar hostoak lore-zurtoinaren garapenaren ondoren.
-
Astalar landare jaioberriak
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ The Plant List: A Working List of All Plant Species. .
- ↑ Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2003]
- ↑ BSBI List 2007 (xls). Botanical Society of Britain and Ireland.
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ «Dipsacus» www.merriam-webster.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-14).
- ↑ Schaefer, John. Dipsacus and Drosera: Frank’s Favourite Carnivores.. Darwin Correspondence Project (Noiz kontsultatua: 2022ko irailaren 15a).
- ↑ Shaw, P. J. A.; Shackleton, K.. (2011). «Carnivory in the teasel Dipsacus fullonum — the effect of experimental feeding on growth and seed set» PLOS ONE 6 (3): e17935. doi: . PMID 21445274. Bibcode: 2011PLoSO...617935S..
- ↑ Krupa, James J. eta J. Matthew Thomas. “Is the Common Teasel (Dipsacus Fullonum) Carnivorous or Was Francis Darwin Wrong?” Botanika 97, zk. 6 (2019ko martxoaren 22a): 321–28. https://doi.org/10.1139/cjb-2019-0008.
- ↑ (Erresuma Batuko) Hegaztiak Babesteko Errege Elkartearen aholkuak: nola erakarri astalarrez karnabak zure lorategira. (ingelesez). (Noiz kontsultatua: 2022ko irailaren 14a).
- ↑ «Teasel» 'The Oxford English Dictionary' (Noiz kontsultatua: 2022-09-14).
- ↑ .trowbridgemuseum.co.uk/cloth/fin_raiser.html Teasel Handles and Teasel Gigs Trowbridge Museum-en. .
- ↑ Sforza, R.; Bon, M.C.. (2008). International Symposium on Biological Control of Weeds. CAB International, 216–218 or. ISBN 978-1-84593-506-1..
Kanporako estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Astalar |
- Species Profile- Common Teasel (Dipsacus fullonum L.), Espezie Inbaditzaileen Informazio Zentro Nazionala, Estatu Batuetako Nekazaritza Liburutegi Nazionala. Astalarrari buruzko informazio orokorra eta baliabideak aurkezten dituen orria (ingelesez).
- Jepson eskuzko tratamendua
- College of Agriculture and Life Sciences, Virginia Tech Weed Guide
- Argazki galeria