Edukira joan

Arroila Handiaren Parke Nazionala

Koordenatuak: 36°03′19″N 112°07′19″W / 36.0553°N 112.122°W / 36.0553; -112.122
Wikipedia, Entziklopedia askea
Arroila Handiaren Parke Nazionala
Gizateriaren Ondare
II. maila: parke nazional
Datu orokorrak
MotaNational Park of the United States (en) Itzuli eta Parke nazional
Azalera4.862,893 km²
EponimoaArroila Handia
Geografia
Map
Koordenatuak36°03′19″N 112°07′19″W / 36.0553°N 112.122°W / 36.0553; -112.122
Estatu burujabe Ameriketako Estatu Batuak
Estatua Arizona
Arizonako konderriCoconino konderria

Arroila Handiaren Parke Nazionala, ingelesez: Grand Canyon National Park, Amerikako Estatu Batuetan dagoen parke nazional bat da, Arizona estatuan. Parkeak Arroila Handiaren eremua babesten du. 1919ko otsailaren 26an sortu zen eta 4.926 km²-ko azalera du. 1979an UNESCO erakundeak Gizateriaren ondare izendatu zuen.

Estatu Batuen hego-mendebaldean kokaturik dao, Arizona estatuko Coconino eta Mohave konderrietan. 450 kilometrotako luzera du, Powell eta Mead aintziren artean. Arraoilaren batazbesteko sakonera 1.300 metrotakoa bada ere 2.000 metrotako sakonera hartzera iristen da[1]. Zabalera aldiz 5,5 eta 30 kilometro artekoa da[2].

Colorado ibaiak higatu du arroila. Colorado ibaia Mendi Harritsuetan hasi eta Kaliforniako golkoan itsasoratzen da 2.333 kilometro ibili ondoren. Batazbesteko emaria 650 m³/s-koa da eta ibilbidean zehar hainbat ur-laster eremu ditu.

Historia geologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arroil Handian Lurreko arroka zaharrenetakoak aurkitzen dira, barrenean dauden arroka batzu 1.700 milioi urte sortu ziren. Aurrekanbriar aroan sorturiko arroka sedimentarioak dira[3].

Eoi Proterozoikoaren amaieran (duela 1.200 milioi urte) 4.000 metrotan sedimentuak eta laba pilatu ziren sakonera txikiko itsaso batean. Duela 725 milioi urte arroka hauek altxatu egin ziren mendikate bat eratuz. Hurrengo garaietan higadura prozesu luze bat jasan zuen eta hainbat alditan itsasoak estali zuen arroka sedimentario berriak eratuz, hareharria, kareharria batez ere, eta ondoren eskistoa.

Duela 80 eta 35 milioi urte artean orogenia laramiennetarra gertatu eta Mendi Harritsuak eratu ziren. Sumendien jarduera bortitza azaldu zen duela 6 milioi urte eta laba ibai handiak sortu ziren. Arroila Handia Zenozoikoren amaieran hasi zen eratzen Colorado ibaiaren higaduraren erruz.

Arroila Handiaren geruzen zutabea.
  • 6: Hermit, Coconino, Toroweap eta Kaibab
    • 6d - Kaibabeko kareharria
    • 6c - Toroweap eraketa
    • 6b - Coconinoko hareharria
    • 6a - Hermiteko eskistoa
  • 5: Supai multzoa
    • 5d - Lautadako eraketa
    • 5c - Wescogame eraketa
    • 5b - Manakacha eraketa
    • 5a - Watahomigi eraketa
  • 4: Temple Butte, Redwall eta Surprise Canyon
    • 4c - Surprise Canyon-en eraketa
    • 4b - Redwalleko kareharria
    • 4a - Temple Butteko kareharria
  • 3: Tontoko multzoa
    • 3c - Muav-eko kareharria
    • 3b - Bright Angeleko eskistoa
    • 3a - Tapeats-eko hareharria
  • 2: Arroila Handiko supermultzoa
  • 1: Vishnuko multzoa
    • 1b - Zoroastroko granitoa
    • 1a - Vishnuko eskistoa

Jarduera geologikoa XX mendean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX mendean 45 lurrikara jasan zituen Arroilak, hauetatik bostek Ritcher eskalako 5 eta 6 arteko magnitudea hartu zuten. Faila ugari aurkitzen dira eremuan, aipagarriena Bright Angel faila da. Sumendi jarduerarik ez da izan, azken erupzioa 1100 urtearen inguruan izan baitzen.

Fauna eta Flora

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kaliforniako kondorra.

Arroila Handiaren iguruko fauna nahiko aberatsa da. 355 hegazti espezie, 89 ugaztun, 47 narrasti, 9 anfibio eta 17 arrain espezie zerrendatu dira. Espezie hauetan ezagunenak puma, katamotza, koiotea eta Kaliforniako kondorra dira. Kondorra 1990 hamarkadan berrezarri zen, 40.000 bertako espeziea izan arren ehiza masiboak kanporatu egin baitzuen.

Erregistro fosilek erakusten dutenez garai batean oso eremu aberatsa izan zen biodibertsitatearen aldetik. Aurrekanbriarreko alga eta esporak aurkitu dira. Azken glazioazioko espezieen fosilak ere ugariak dira, hala nola, mamutak, mastodonteak, megaterioak, gameluak, zaldiak eta sable horzdun tigrea.

Iparraldeko ertzean (North Rim) eta arroilaren barrenean eguzkiak ez du asko jotzen eta iparralderago tipikoa den landaretzak estaltzen du eremua, batez ere koniferak dira nagusi. Hegoaldean aldiz (South Rim) Sonorako basamortuko landaretza lehorra ageri da.

Espainiako konkistatzaileak izan ziren eremuan sartu ziren lehen europarrak. Mexikoko Espainiako erregeordeak espedizio bat bidali zuen Cibola izeneko urrezko hiri mitologikoa aurkitu asmoz eta García López de Cárdenas kapitainak aurkitu zuen Arroila, baina bi aldeen arteko pasabiderik ezin izan zuen aurkitu. Hurrengo urteetan misiolariak bidali zituzten inguruko leinuak kristautzeko helburuaz. Hala ere ezer baliozkorik aurkitu ez eta Arroila populatu gabe mmantendu zen.

1869an John Wesley Powellek espedizio bat egin zuen Colorado ibaian zehar eta berak kontatutakoek geologoen interesa piztu zuten. XX mendearen hasieran lurraldea garatzen hasi zen trenbideari eta ehiztariei esker. Giza eraginaren beldurrez eremua babestea erabaki zen. 1908ko urtarrilaren 11n Monumentu Nazionala izendatu zuen Theodore Roosevelt presidenteak[4] eta 1919ko otsailaren 26an Parke Nazional bihurtu zuten[5]. Honi esker bertan egiteko asmoa zuten urtegiak eraikitzea ekidin zen.

1979an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen.

Estatu Batuetako toki bisitatuenetako bat da. Hainbat ibilbide daude Arroilaren barrenera jeisti eta berriz igotzen direnak. Ohikoa da "Heriotz arriskua" idatzeita dauden kartelak aurkitzea, turistek segurtasun neurriak har ditzaten kontzientziatzeko. Helikopteroz behera jeitsi eta txalupa batean Colorado ibaian buelta bat egitea ere ohikoa da.

2007ko martxoan Grand Canyon Skywalk inauguratu zen. Barrenetik 200 metrotako altueran dagoen pasarela gardena da, ferra itxura duena[6].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Bethemont, Jacques. (1999). Los grandes fleuves. Armand Colin, 41 or. ISBN 220026092X..
  2. Jeier, Thomas. (1993). Los EE.UU. El Sur-Ouest. Südwest Verlag GmbH & CO. K.G., 131 or. ISBN 2719103004..
  3. C. Bowman, A. Mathis. (2005). What's in a number? Numeric ages for rocks exposed within the Grand Canyon. Nature Notes (Grand Canyon National Park), v.21, no.2, p.1-5 or..
  4. (Ingelesez) «Page:United States Statutes at Large Volume 35 Part 2.djvu/1060 - Wikisource, the free online library» en.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2018-09-15).
  5. J. Denniston, W. Yanagihara. (2008). Grand Canyon National Park. Lonely Planet, 95 or. ISBN 1741044839..
  6. «ACME Mapper 2.2» mapper.acme.com (Noiz kontsultatua: 2018-09-15).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]