Edukira joan

Angola

Wikipedia, Entziklopedia askea
Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Angola (argipena)»
Angolako Errepublika
República de Angola
Ereserkia: Angola Avante (en) Itzuli
Goiburua: Q102185417 Itzuli

Angolako bandera

Emblem of Angola (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaLuanda
8°50′18″S 13°14′4″E
Azalera1.246.700 km²
Punturik altuenaMount Moco (en) Itzuli (2.619 m)
Punturik sakonenaOzeano Atlantikoa (0 m)
KontinenteaAfrika
MugakideakNamibia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Zambia, Kongoko Errepublika eta Gabon
Administrazioa
Gobernu-sistemaerrepublika eta presidentzialismo
Angolako presidenteaJoao Lourenço
Joao Lourenço
LegebiltzarraNational Assembly of Angola (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria32.866.270
Dentsitatea26,36 bizt/km²
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa6,08 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak2.088.363 (2010)
Alfabetizazioa% 66 (2014)
Bizi-itxaropena61,547 (2016)
Giniren koefizientea51,3 (2018)
Giza garapen indizea0,586 (2021)
Ekonomia
BPG nominala124.209.385.825,22 $ (2017)
BPG per capita4.100 $ (2017)
BPG erosketa botere paritarioa198.298.805.266 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn6.657,854 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkuntza erreala0 % (2016)
Erreserbak17.455.327.770 $ (2017)
Inflazioa41,9 % (2016)
Historia
Sorrera data: 1992ko abuztuaren 25a eta 1975eko azaroaren 11
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+244
ISO 3166-1 alpha-2AO
ISO 3166-1 alpha-3AGO
Ordu eremua
Elektrizitatea220 V. 50 Hz.europar loki
Internet domeinua.ao
governo.gov.ao

Angola[1], izen ofiziala Angolako Errepublika (portugesez: República de Angola; kikongo, kimbundu eta umbunduz: Repubilika ya Ngola), hego-mendebaldeko Afrikako estatu burujabea da, Ozeano Atlantikoaren ertzean dagoena. Hegoaldean Namibiarekin du muga, iparraldean Kongoko Errepublika Demokratikoarekin, ekialdean Zambiarekin, eta mendebaldean Ozeano Atlantikoarekin. Barrendegi bat du, Kabinda probintzia, Kongoko Errepublikarekin eta Kongoko Errepublika Demokratikoarekin muga duena. 1.246.700 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 25,8 milioi biztanle zituen 2014an.[2] Luanda da hiriburua eta hiri nagusia.

Angola hitza bantu taldeko mbundu hizkuntzako ngola izenetik dator. Ndongo Erresumako errege-titulua zen ngola.

Angola hego-mendebaldeko Afrikan dago, hego latitudeko 4° eta 18° artean, eta ekialdeko longitudeko 12° eta 24° artean. Mugakide ditu Kongoko Errepublika Demokratikoa iparraldean, Zambia ekialdean, Namibia hegoaldean, eta Ozeano Atlantikoa mendebaldean. Kabinda barrendegiak Kongoko Errepublika du iparraldean eta Kongoko Errepublika Demokratikoa hegoaldean.

Eskualde naturalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru eskualde natural nagusi daude:[3]

  • Kostaldeko zabaldia. 25 kilometro zabal da tokirik estuenean, alegia, Benguelaren parean; zabalera handiena, berriz, Kwanza haranean du: 150 kilometro. Benguelako itsaslasterraren eraginez, prezipitazioak txikiak dira, hegoaldean batez ere; izan ere, hegoaldea Namib basamortuaren luzapena da.
  • Muino eta mendien zerrenda. Kostaldearen paraleloan luzatzen da, itsaertzetik 20-100 kilometrora. Kwanza ibaiak bitan zatitzen du. Iparraldeko zatiak malda txikia du kostaldeko zabaldirantz, eta 1.000-1.800 metro bitarteko gailurrak. Hegoaldeko zatia, berriz, oso pikoa da; gailurrik gorenak, Serra da Chelaren hegoaldean, 2.400 metroko garaiera du.
  • Barnealdeko goi-ordokiak. Mendi-zerrendaren ekialderantz hedatzen dira. Franko eskualde zelaia bada ere, 2.500 metrotik gorako altuera du Benguelako goi-ordokian eta Huíla probintziako lur garaietan. Iparraldeko Malanjeko goi-ordokiak, berriz, 1.000 metroko garaiera besterik ez du.
Epupa ur-jauziak, Kunene ibaia

Angolako ibai gehienek herrialdearen erdialdean dute iturburua eta Ozeano Atlantikoan ahoa; Kwanza (960 kilometro luze, horietako 258 nabigagarriak) eta Kunene dira garrantzitsuenak. Kunene ibaiaren ibilbidean Epupa ur-jauziak daude.

Iparraldean, Kongo ibaiak egiten du Angolaren eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren arteko muga, eta ibai horren adar ugari daude, bai iparraldean, bai ipar-ekialdean. Herrialdearen hego-ekialdean, berriz, ibai batzuk Zambeziren arrokoak dira, eta beste batzuk Okavangoren arrokoak.[3]

Portugaldar kolonia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nzinga erreginaren eta Luandako portugaldar gobernadorearen arteko bake-negoziazioak, 1657.

Portugaldarrak 1482. urtean iritsi ziren Angolako kostaldera, Diogo Cãoren agintepean, eta 1484tik aurrera Portugalen mendeko lurraldea izan zen. 1640-1648. urteen bitartean, nederlandarren mende izan zen. 1885ean, Berlingo Konferentziak ofizialki egokitu zion Angola Portugali. XIX. mendera arte ez ziren portugaldarrak Angola barnealdeaz jabetu. Serpa Pinto portugaldar militarra saiatu zen, alferrik, Angola eta Mozambike portugaldar koloniak lurralde bakar batean lotzen, Zambian barrena. Angolak eraman behar izan zituen, mendeetan zehar, europar kolonizatzaileek ezarririko zama guztiak: esklabo salerosketa, bertako zibilizazioen deuseztatzea eta okupazio militarra.

XVII. mendean hasi ziren metropoliaren aurkako lehen altxamenduak, eta 1940an, askapen-gerra hasi aurreko azken altxamendu antikolonialistan, kubal herria sakailatu zuten portugaldarrek. Zapalkuntza militarra izan da beti kolonizatzaileen erantzun bakarra. 1951. urtean território eta 1955ean província egin zuten Angola portugaldarrek. 1961ean hasi zen Angolako Independentzia Gerra. Hiru higikundek jardun zuten portugesen aurka: MPLA (Angolaren Askapenerako Herri Mugimendua), Sobietar Batasunak eutsia; FNLA (Angolaren Askapenaren aldeko Fronte Nazionala), eta UNITA (Angolaren Independentzia Osorako Nazio Batasuna), Ameriketako Estatu Batuek eta Zairek lagunduak. Portugalgo estatu-kolpearen ondoren (1974ko apirilaren 25a), Angolaren burujabetasuna sinatu zen 1975eko urtarrilean.

Angola burujabea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Angolako Gerra Zibila (1975-2002); Huamboko eraikin bat bala-zuloz josia.

Angolak burujabetasuna eskuratu zuenean, MPLAk (Angolaren Askapenareko Herri Mugimendua) ez zuen lurraldearen parte txiki bat baino kontrolatzen, eta gerra zibila piztu zen. Sobietarren eta kubatarren laguntzari esker, MPLAk aurrerapen handiak egin zituen, eta 1976ko urtarrilerako kontrolpean zuen FNLAren (Angolaren Askapenerako Fronte Nazionala) buruzagitza, zeinak, mendean harturik, errenditu egin behar izan baitzuen. Oso ahuldurik bazegoen ere, UNITAk (Angolaren Askapen Osorako Batasun Nazionala) gerrilla-operazioak egiten jarraitu zuen. 1977an, MPLAko idazkari nagusi eta Angolako lehendakari Agostinho Netoren aurkako estatu-kolpe bat egiteko ahalegina bultzatu zuten MPLAko kideek. Neto handik bi urtera hil zen, 1979ko abenduan, Moskun, minbiziak jota. MPLAk ideologia marxista-leninista zuen orduan, eta bere burua langile-klasearen abangoardiako alderditzat bazeukan ere, ahaleginak egin zituen Mendebaldeko herrialdeekin harremanak normalizatzeko.

José Eduardo dos Santos, Angolako lehendakaria 1979-2017 bitartean.

Agostinho Netoren ondorengoa, José Eduardo dos Santos, agintea hartu zuenetik bertatik saiatu zen pragmatikoa izaten eta, pixkanaka-pixkanaka, merkatu librerako trantsizioari ekin zion 1990eko hamarkadaren hasieran. UNITAk, ordea, diamante-meategiak kontrolpean zituela, eta Estatu Batuek eta Hegoafrikak Jonas Savimbiri eskaintzen zioten laguntzaz baliaturik, berriro gerrari ekitea erabaki zuen. Hamar urteko gerra zibil odoltsuaren ondoren (ia milioi bat hildako izan ziren), 1988ko abenduko New Yorkeko Hitzarmenetan kubatarrak eta hegoafrikarrak Angolatik irtetea aurreikusi zen. Baina Gerra Hotzaren amaiera ez zen nahikoa izan gatazka konpontzeko. 1991ko Estorilgo eta Bicesseko akordioek bakea gehixeago hurbiltzen zutela ziruditen. 1991ko maiatzean joan ziren Angolatik azkeneko kubatar osteak eta, 1992ko irailean, Nazio Batuen kontrolpean, hauteskundeak egin ziren, eta MPLAk irabazi zituen oso erraz. UNITAk, ordea, ez zuen emaitza hura onartu eta gerrari berrekin zion 1992ko urrian.

Nazioartean lagunik gabe, Zaireren laguntza salbuetsita, eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak zigorturik, UNITAk nahitaez sinatu behar izan zuen gerrari amaiera ematen zion Lusakako Protokoloa (1994ko azaroa). Hitzarmen horretan zehaztutakoari jarraituz, Jonas Savimbiren osteak armak utziz joan ziren; eta UNITAko kideak, berriz, gobernuan eta administrazioan pixkanaka integratuz joan ziren. 1997ko apirilean, Angolako legebiltzarrak 1992an hautatuak izandako UNITAko 60 diputatu onartu zituen legebiltzarkide gisa, eta batasun eta adiskidetasun nazionaleko gobernua eratu zen, UNITAtik etorritako hainbat ministro barruan zirela.

Baina gatazkaren txingarrak itzali gabe zeuden. Auzo-herrialdeetako egonkortasun faltak (Kongo eta Zaireko gerra zibilak, zeinaren kariaz Zaire Kongoko Errepublika Demokratikoa bilakatu baitzen), garbi utzi zuen bake-prozesua hari ahulez josita zegoela, eta hala, 1998ko martxoan UNITAk gerrari ekin zion Ipar eta Ekialdeko probintzietan. Abuztuaren azkenean, agintariek indarrik gabe utzi zituzten UNITAk legebiltzarrean eta gobernuan zituen ordezkariak. Urtearen amaierarako lurralde guztira zabaldu ziren gobernuaren aldeko armadaren eta Jonas Savimbiren alderdikoen arteko borrokak. 1999ko urtarrilean, Angolako lehendakariak, José Eduardo dos Santosek, lehen ministroaren funtzioa indargabetu zuen, eta bere gain hartu zituen estatuko buruzagitza, gobernuko lehendakaritza eta armadaren buruzagitza. UNITAren eta gobernuaren arteko gerra zabaldu zen berriro. Hala ere, 2002an su-etena sinatu zuten, UNITAk borroka armatua alde batera utzi zuen eta alderdi politiko gisa eratu zen. Batasun nazionaleko gobernu bat eratu zuten, eta geroztik egoera politikoa normalizatuz joan zen pixkanaka. 2008ko hauteskundeetan, Dos Santosen MPLA alderdia izan zen nagusi.

Gobernua eta administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepublika presidentzialista da. Egun indarrean dagoen konstituzioa 2010ean onartu zen. Errepublikako presidentea estatuburu eta gobernuburu da, eta bost urtez behin hautatzen da bozketa zuzenaren bitartez. Botere legegilea Nazio Biltzarraren esku dago; 220 kide ditu, bost urtetik behin aukeratzen direnak.[4]

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angola 18 probintziatan (províncias) eta 162 udalerritan banaturik dago.

Angolako probintziak
Zenb. Probintzia Hiriburua Eremua
(km²)[5]
Biztanleria
(2014)[6]
1 Bengo Caxito 31.371 356.641
2 Benguela Benguela 31.788 2.231.385
3 Bié Cuíto 70.314 1.455.255
4 Cabinda Cabinda 7.270 716.076
5 Cuando-Cubango Menongue 199.049 534.002
6 Cuanza Norte N'dalatando 24.190 443.386
7 Cuanza Sul Sumbe 55.660 1.881.873
8 Cunene Ondjiva 89.342 990.087
9 Huambo Huambo 34.274 2.019.555
10 Huíla Lubango 75.002 2.497.422
11 Luanda Luanda 2.418 6.945.386
12 Lunda Norte Dundo 102.783 862.566
13 Lunda Sul Saurimo 45.649 537.587
14 Malanje Malanje 97.602 986.363
15 Moxico Luena 223.023 758.568
16 Namibe Moçâmedes 58.137 495.326
17 Uíge Uíge 58.698 1.483.118
18 Zaire M'Banza Congo 40.130 594.428
Guztira 1.246.700 25.789.024
Angolako biztanleria-piramidea, 2016

2014an 25.789.024 biztanle zituen.[2] Gerra zibilaren garaian 550.000 lagun inguruk ihes egin zuten, baina gehienak itzuli dira. Ugalkortasun-tasa handia da (6 haur baino gehiago emakumeko, 2018), eta baita amaren hilkortasun-tasa ere (477 heriotza/bizirik jaiotako 100.000 ume, 2015).[4] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 48 dira, 15-24 urte bitartekoak % 18,3, 25-54 urte bitartekoak % 27,9, 55-64 urte bitartekoak % 3,3 eta 65 urtetik gorakoak % 2,3. Bizi itxaropena 60,6 urtekoa da; 58,5 urtekoa gizonezkoena eta 62,7 urtekoa emakumezkoena (2018ko zenbatespenak). Ia % 30eko analfabetismoa du (2015).[4]

Banaketa etnikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angolar gehienak afrikar jatorrikoak dira; % 2 mestizoak dira, eta % 1 europar jatorrikoak, portugaldarrak gehienak. Badira asiar jatorrikoak ere. Talde etnikoei dagokienez, oro har bantu etnietakoak dira: ovinbunduak (% 37) lurraldearen erdialdean bizi direnak, kinbunduak (% 25) kostaldean, eta bakongoak (% 13) iparraldean, Kongorekin muga egiten duen lurraldean.[4]

Portugesa da hizkuntza ofiziala, baina biztanleriaren zati batek baizik ez du erabiltzen: politikan, administrazioan eta kulturan jarduten diren eliteek, hain zuzen. Gainerakoan, bantu (umbundu, kinbundu, kikongo) eta khoisan hizkuntzak mintzatzen dira.

Angolar gehienak kristauak dira (katolikoak % 41,1, protestanteak % 38,1),[4] baina horietako askok sineste tradizionalei ere eusten diete.

Hiri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Petrolioak hartzen du Angolako BPGaren % 45 eta esportazio guztien % 90. Irudian, petrolioa ateratzeko plataforma bat, bere tokira daramatela, Luandako itsasertzean.

Meatze-aberastasun handiak baditu ere, Angolako ekonomiak eta gizarteak gerra zibilaren eragina pairatu zuten, eta bai nekazaritza-sektorea (lur-langintza eta abere-hazkuntza), bai errepide- eta burdinbide-sareak, egoera tamalgarrian geratu ziren. Munduko biztanleko errentarik txikienetakoa du (6.800 dolar 2017an)[4].

Nekazaritzan enplegatzen da biztanleria aktiboaren bi heren baino gehiago (% 85 2015ean); aldiz, BPGaren % 10,2 baino ez dagokio.[4] Oraindik ez da gauza, inondik inora, herrialdean behar diren elikagaiak ekoizteko. Gerra dela-eta, gainera, mina asko daude soroetan, eta nekazariak lanera itzultzeko beldur dira.[8]

Angolaren agintepeko itsaspean petrolio erreserba garrantzizkoak daude. Petrolioa da herrialdearen aberastasun-iturri nagusia. BPGaren % 50 hartzen du, eta esportazio guztien % 90.[4] Sarrera garrantzitsuak dira, orobat, diamanteak eta herrialdearen hegoaldean ustiatzen dituzten burdin-meategiak. Gainerakoan, bigarren sektoreak biztanleria aktiboaren % 15 besterik ez du enplegatzen, eta indar txikia du.

Ekonomia liberalizatzeko prozesua 1990ean hasi bazen ere, oraindik asko falta zaio Angolako ekonomiari, benetako merkatu-ekonomia izateko. Gerra zibil luzearen eta ondorengo bake hauskorraren eraginez, ustelkeria eta mendekotasuna betikotu dira bertako ekonomian. Miseria eta desberdintasunak areagoturik, nazioarteko laguntzekiko gero eta mendekotasun handiagoa dutela, gizarte-krisi kezkagarrian sartuta daude. Gainera, kriminaltasunak eta kaleko segurtasun faltak etengabe gora egiten dute. Balantzaren beste aldean, petrolio-erreserba handiek eta, neurri txikiagoan bada ere, diamante-meategiek, egundoko potentzial geoekonomikoa ematen diote, eta mendebaldeko potentzia handien interesa pizten dute (Estatu Batuak, Frantzia). Azken urteetan, ekonomiak nabarmen egin du gora petrolioari esker, eta 2007an LPEEko kide egin zen. Edonola ere, arazo ekonomiko eta sozial larriak ditu herrialdeak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (2007-03-30). 38. araua - Munduko estatu-izenak. .
  2. a b 2014 population census (INE Angola). aiangola.com, Wayback Machinek artxibatua (Noiz kontsultatua: 2019-6-27).
  3. a b Thomas Collelo, ed. Angola: A Country Study: Geography. Washington: GPO for the Library of Congress, 1991, countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2019-6-28).
  4. a b c d e f g h Angola. in: CIA World Factbook. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2019-6-29).
  5. Provinces of Angola. statoids.com (Noiz kontsultatua: 2019-6-29).
  6. Angola: Administrative Division. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2019-6-29).
  7. Population of Cities in Angola (2019). worldpopulationreview.com (Noiz kontsultatua: 2019-6-29).
  8. Fayad, Salym. La peligrosa labor de desminar Angola. france24.com (Noiz kontsultatua: 2019-6-29).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]