Edukira joan

Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Errenteria)

Koordenatuak: 43°18′44″N 1°53′55″W / 43.3123°N 1.8987°W / 43.3123; -1.8987
Wikipedia, Entziklopedia askea
Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Errenteria)
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Errenteriako hirigune historikoa
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaErrenteria
Koordenatuak43°18′44″N 1°53′55″W / 43.3123°N 1.8987°W / 43.3123; -1.8987
Map
Historia eta erabilera
EraikuntzaXVI. mendea -
Izenaren jatorriaMariaren Jasokunde
Erlijioakatolizismoa
Arkitektura
Estiloapizkundetar arkitektura
Barrokoa
neoklasizismoa
Ondarea
EJren ondarea1
Elizaren dorrea teilatu artean.

Andre Mariaren Jasokundearen eliza Errenterian dagoen parroki-eliza nagusia da. Dorrearen azpialdean Mikelazulo deritzon tunela edo arkua dago.

Erretaula nagusia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erretaula nagusia.

Erretaula nagusi neoklasiko hau Francisco Azurmendik egin zuen 1777-1784. urteetan Ventura Rodríguezen trazari jarraituz. Oinplano kurboa du, ahurra, eta absidearen murru erdizirkularrari egokitzen zaio. Gorputz bakarra eta errematea ditu, eta idulki handien gaineko zutabe korintiar pareatu erraldoiek antolatzen dute gorputz bakarra. Zutabeek taulamenduari eusten diote, eta taulamendua erdiko kalean atzeraematen da. Erdiko kalean erdi-puntuko nitxoa irekitzen da eta bertan titularraren irudia dago. Pilastra artekatu pareatuek eusten diote frontoi kurbodun taulamenduari, eta azken hori muturretako pilastren gainean hausten da. Frontoiaren errematean boladun akroterak daude izkinetan; usoa eta izpi distiratsuak gailurrean.

Erretaula osatzen da zurezko eta marmolezko sagrario exentu batez, hiru harmailatako basamentu baten gainean dagoena. Erretaula horrek oinarrian sekzio biribila du, eta pilastra artekatuen aurrean lau zutabe. Pilastrek errematean hegodun irudiak dituzte eta kiribilduen gaineko koroak barruan dosel eta kortinadun edikulua du.

Erretaularen eskultura Alfonso Bergazena da, gai nagusienak estukoz egin zituen. Ama Birjinaren Jasokundea irudikatzen duen irudia erretaularen nitxo bakarrean dago. Errematearen aldean Hirutasun Guztiz santua dago, albo bietan aingeru bana, eta beste bi aingeru nitxoaren edo hormakonkaren gainean daude eta horren barruan titularra dago.

Erretaula eta tenplua erabat egokitzen zaizkio elkarri, eskemaren diseinua bakuna eta argia da, ondo egokiturik kanon klasikoei; eskultura ere oso kalitate handikoa, egitura horri ondo moldatua. Erretaula, beraz, koherentzia handiko multzoa da eta Euskal Herriko erretaulagintza neoklasikoaren onenetarikoa da

Birjinaren Jasokundearen Erretaula

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jasokundearen erretaula gotiko-hispania-flandriar estilokoa da, XV. mendearen amaierakoa edo XVI.aren hasierakoa, maisu flandriar ezezagun bati egozten zaiona.

Gorputz bakarra dauka erantsitako predela neogotikoarekin, eta pilare gotiko estilizatuek hiru kale nagusi eta bi kalearte lekutzen dituzte. Kale bakoitzean azpi-frisoa ageri da filigranazko apainketaz eta hondoetan dekorazio arkitektonikoa gainjarritako arkutxoez. Kalearteak hiru eszenatan zatitzen dira, apainketa aberatseko arku karpanel eta trilobulatuez kokatzen direnak.

Erretaulak garatzen duen programa ikonografikoa berezitasun handikoa dugu: "Jasokundea"ren gaia dauka kapera nagusian eta "Mendekoste" eta "Azken Afaria" ebanjelio eta epistolaren kaleetan, hurrenez hurren. Epistola aldeko kaleartean monako-gaiak eta Andre Maria tronuan eserita azaltzen dira; ebanjelio aldeko kalearteak, aldiz, ez ditu hondoak baino gordetzen.

Estiloaren ikuspuntutik begiratuta, erretaula honetan tradizio gotikoa eta eredu pizkundetar berriak batzen dira: lehendabizikoa marko, hondo eta arkitekturaren egitura eta garapen xehatuan agertzen da; eta bigarrenak, berriz, erdi puntuko arkuetan, konposizio-argitasunerako joeran, eta gotikoan ezohizkoa den ikonografiaren aukeraketan ikus daitezke.

Gorputz nagusiko polikromia erretaula egin zen sasoikoa edo geroxeagokoa izango da, kronologikoki XVI. mendearen hastapenetan kokatzen delarik. Kale nagusietako erliebeek garai hartako xehetasun eta teknika polikromoen lagin osatua jasotzen dute: urre-kolorea gorri matearekin eta beste konbinaketa kromatiko batzuekin elkartuz; azken hauek euren dotoretasuna urdin, okre eta gorrien erabilpenaren bidez lortzen dute.

Errenteriako Ama Birjinaren Jasokundearen erretaula hau pieza aparta dugu, bere antzinatasunarengatik nabarmentzen da eta, tipologia zein arte aldetik, originaltasun handia duen triptiko-erretaula eskultoriko baten adibide bihurtu zaigu, beste triptiko gotiko batzuk baino egitura aurreratuagokoa izanik. Erliebe nagusien kalitatea bikaina da, tankera gotikoan ohizkoa ez den programa ikonografiko berezi batekin eragin pizkundetar nabaria azalduz.

Eliza elurtua atzekaldetik ikusia.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]