Edukira joan

Agur, Euzkadi

Wikipedia, Entziklopedia askea

"Agur, Euzkadi" Juan Luis Zabala idazle azkoitiarraren liburua da, 2000an "Susa" argitaletxeak kaleratua.

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

"Tira, heriotza oso kontu misteriotsua da, bizitzako konturik misteriotsuenetako bat, eta badagokio hainbeste inkoherentzia eta kontraesan. Ametitu egin behar zaizkio. Gogo onez gainera". 1997an gaude eta, faxistek fusilatu zutenetik 60 urte joan ondoren, Estepan Urkiaga "Lauaxeta", Euzko Gudarosteko komandante eta poeta, berpiztu da, bizion mundura itzuli da, nora eta Gernikara, Ertzaintzaren auto baten ondoan. Deus ere ulertu gabe, Lauaxetak egoera berria onartu eta bizimodu modernora egokitzeko prestatu du bere burua. Horren asmotan, beharrezkotzat jotzen duen laguntzaren bila abiatu da: bilaketa horrek Julenengana, Euskaldunon Egunkariako kazetari batengana, eraman du. "Ez dakit nola, ez dakit noz arte, ez dakit zertarako, baina orain bizien artean nago barriro", aitortu dio Lauaxetak. Hasieran sinesgogor, idazle bizkaitarra ez dabilkiola gezurretan konturatu da Julen.

Itsuaren eta itsu-mutilaren antzera, Lauaxeta eta Julenek Euskal Herriko (edo Euzkadiko) mendi eta bideetan barna ibiltzeari ekin diote, nork bere galderei erantzun egokiak aurkitzeko asmoz. Eta bakoitzak ase beharrekoak ez dira berdinak. Batetik, Lauaxetak jakin nahi du zertan den gaur egun Euskadi, "gerra irabazi ala galdu genuen". Bidez bideko gertaerek eta Julenekiko solasaldiek eman diote asetzeko aukera. Bestetik, Julen, nora jo behar duen oso ondo jakin gabe, neska baten arrastoaren atzetik dabil. Ez nintzateke ausartuko esatera "Agur, Euzkadi" heriotzari buruzko gogoeta denik; edo, zehatzago esateko, gogoeta hutsa. Bistan dago heriotza, edo bizitza-heriotza parea narrazioaren gai nagusia dela: Lauaxetaren berpiztea, heriotzaren gaineko solasaldiak, pertsonaiek bisitatzen dituzten tokiak..., hasiera batean, iruditzen zaigu ukitu dickensiano bat daukala. Badaude, dena den, beste azpigai batzuk idazlearen arreta merezi dutenak. Urrun gabe, egungo bizimoduari buruzko hainbat iritzi eta ikuspegi agertzen dira. Bestalde, gogoetagaiek berebiziko garrantzia badute ere, ez diote kontakizunari inolako tentsiorik kentzen. Hasieratik bukatu arte, jauzi batzuk gora-behera, idazleak narrazio bizi eta ustekabez betea borobiltzea lortzen du. Honi, gainera, erabilitako estilo arina gehitu behar zaio. Emaitza ezin hobea da: liburua hasitakoan, nekez utziko dugu. Amaitzeko, beste kontu bat: hasierako eta amaierako orriak bikainak eta hunkigarriak dira.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Literatura Artikulu hau literaturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.