Edukira joan

Agirre jauregia

Koordenatuak: 43°17′32″N 2°21′21″W / 43.29216°N 2.35591°W / 43.29216; -2.35591
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Debako eraikinari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Agirre».
Agirre jauregia
Kultura ondasuna
Kostaldeko Donejakue bidea Kostaldeko Donejakue bidea
Agirre jauregiaren atzealdea eta begiratokia (zaharberritze lanak amaitzeke).
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDeba
Koordenatuak43°17′32″N 2°21′21″W / 43.29216°N 2.35591°W / 43.29216; -2.35591
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVII. mendea
Arkitektura
EstiloaBarrokoa
Ondarea
BICRI-51-0001489
8

Agirre jauregia edo Agirretxe Deban (Gipuzkoa) dagoen XV. mendeko eraikina da, harresiz kanpo eraikia, Maxpe errebal aldera, Itziarko bide ondoan. Fatxada nagusia Astillero kaleko 14. zenbakian dago eta atzealdea berriz, N-634 errepidea, Maxpe kalea, Debako zubia eta Deba itsasadarrera begira.

2001eko apirilaren 2an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Jauregiak "L" irregular baten itxurako oinplanoa du eta honako hauek ditu: behe solairua (Astillero kalearen eta N-634ren artean dagoen maila diferentzia berdintzen du); lehen solairua, bertan du, Astillero kaletik, sarrera nagusia; bigarren solairua edo solairu noblea (Astillero kaletik lehen solairua da) eta hirugarren solairua edo sabaiondoa duen ganbara.

Astillero kalera ematen duen fatxada nagusia hiru ardatz bertikaletan antolatuta dago eta harlanduz egina dago. Hiru ardatz bertikal horietan kokatzen dira lehen solairuan (Astillero kaletik hartuta, behe solairua dena) erdi-erdian kokatuta sarrerako ataundia eta bere alboetan leiho burdinesidun bana du. Eskema orokor horretan konposizioaren simetria deskonpentsatu eta apurtzen duten zenbait elementu sartzen dira. Bigarren solairuan, aipatutako ardatzen gainean kokatuta dauden baoez gain, bada bigarren sarrera zuzen bat ere pasadizo-zubi txiki baten bidez egina. Zubi horren bidez jauregiraino heltzen ziren lurzoru eta ortu aldapatsuetatik bigarren solairura joan zitekeen. Aspaldi ez dela lurzoru eta ortu horietan luerauzketa egin zen Astillero kaleak hortik zehar aurrera egin zezan. Pasadizoa kanoi-gangadun begi bakarreko zubia da eta eskubandak ditu; den-dena harlanduz egina. Zubiak dotore tailatutako zurezko estalki txikia du, fatxadan bertan eta bi zutabe toskanar txikiren gainean pausatzen dena. Eskema orokorrari jarraituz banatzen dira ganbararen hiru leihoak, gainontzekoak baino neurri txikiagoa dutenak. Solairu honetan bertan dago erdiko baoaren eskuinaldean armarri barroko bat lau familiaren ikurrak dituena: Agirre, Otalora, Irarrazabal eta Arizmendi. Fatxadaren errematea dotore landutako harrizko erlaitzez eta zurezko teilatu-hegalez egina dago. Erlaitza eta teilatu-hegalak osatzen duten elementua jarraitua da eta jauregiaren fatxada guztien errematea da. Elementu horren apaindurak kontrastatu egiten du fatxaden gainontzeko elementuen apaindura handirik ezarekin alderatuz gero.

Mendebaldeko fatxada, itsasadarrerantz begira dagoena, aurrekoa bezala harlanduz egina da eta, jauregiaren beste fatxadekin erkatuta, bestelako izaera dauka. Fatxada horren azalera itsuan, proportzioan, bao gehiago ditu eta baoak beste mota batekoak dira. Baoak bost ardatz bertikalen bidez antolatzen dira eta, solairuka, bao laukizuzenak eta puntu erdiko arkudun baoak txandakatzen dira. Beheko solairuan, bost baotako arkupe bat da ataria. Lehen solairuan bost bao laukizuzen bertikalek jauregiaren liburutegia argitzen dute. Bigarren solairuan bost arkudun leiho handik etxegutera osatzen dute. Azkenik, ganbaran ere, lehen solairuaren antzera, beste horrenbeste bao errektangeluar daude irekita.

Gainontzeko fatxadak zuritutako harlangaitzez eginak daude eta baoak, izkinak eta erlaitza harlanduz (erlaitza gainontzeko fatxaden berdin-berdina da). Bao baino azalera itsu gehiago izateak itxura sendoa ematen dio, izan ere, sendotasun hori da eraikinaren ezaugarririk nagusiena. Baoak, ez beti baina oro har, ardatz bertikalen bidez daude banatuta eta, jeneralean, konposizioak, asko edo gutxi, forma bertikala duten bao errektangeluarrez ordenatuta daude.

Bai konposizioari bai apainduriari dagokionez, txiroena den hegoaldeko fatxadari atxikia, zurezko galeria neogotikoa du, aspaldi, gaur egun ez dituen koloretako kristalez ixten zena.

Iparraldeko fatxadari atxikia, bere ezkerraldeko hegalean, egitura zilindriko txiki bat dago estalki koniko batek burutzen duena. Eraikin horrek eskailera kiribil bat du bere barruan; eskailera hori kanpotik zuzenean jauregiaren ipar aldeko bigarren solairurako sarrera da.

Lehen solairuan batetik, sarrera eta apaindura dotorea duen zur landuzko egitura duen eskailera dira aipagarrienak eta bestetik, sarreran hasi eta joko-gela (bi zatitan banatua zutabe toskanar txiki bidez) igarota, jauregiaren beste aldean kokatzen den liburutegian bukatzen den ibilia.

Era berean, bigarren solairuan, interesa duten elementuak, pasadizo-zubitik galeria edo eguteraren arteko ibilian zehar daude kokatuta luzetara: kapera txiki bat, zur tailatuzko eskailera ikusgarria eta ispiluen aretoa. Ispiluen aretoa handia da neurriz, oparo apaindurikoa da eta artistikoki tailatutako agiriko habez osatutako egitura laua duen sabaitzak estaltzen du, sabaiak ez du eusteko inolako tarteko euskarriren premiarik.

Azkenik, ganbara dago. Kanpotik beste solairu baten itxura du, azkena hain zuzen. Izan ere, itxura hori ematen baitiote, nahiz eta jeneralean besteak baino tamainan pixka bat txikiagoak izan, fatxadetan irekita dituen baoek. Barrutik espazio handi diafanoa da, kasik zatiketarik ez duena eta estalkiaren egitura bistan duena.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa