Taldea 1924 urtean sortu zen printzerrian zeuden hainbat futbol talde elkartzean. Profesionaletan aritzeko lehen saiakera 1948an egin zuen eta 1953an Frantziako lehen mailara iritsi zen. 1960an lehen kopa eskuratu zuen eta hiru urtetan bi liga eta bi kopa gehiagoz jabetu zen. 70. hamarkadaren bukaeran bigarren aro oparo bati eman zion hasiera berriz ere Ligak eta Kopak irabaziz.
1987an oraindik ezezaguna zen Arsène Wenger entrenatzailea fitxatu zuten. Honek harrobiarekin lan itzela egin zuen eta gerora arrakasta handia izango zuten hainbat jokalari atera zituen, Emmanuel Petit, Lilian Thuram eta Thierry Henry besteak beste. Liga eta Kopa bana irabazteaz gain lehenengo Europar finalera iritsi ziren. Errekopa hura Lisboan jokatu zuten eta Werder Bremenek 2-0 irabazi zien.
Arsène Wenger 1994ean joan arren taldeak emaitza bikainak lortu zituen eta 2004 urtean bigarren final europarra jokatu zuen, oraingoan Txapeldunen Liga. Hau ere ezin izan zuen irabazi, izan ere GelsenkirchenenFC Portok 3-0 irabazi baitzion. Ondorengo urteetan diru arazoen erruz gaizki ibili eta maila galdu zuen.
2011eko abenduan Dmitri Ribolovlev bilionario errusiarrak erosi zuen taldearen %66a. 2013an maila irabazi eta lehen mailara igo zen eta hurrengo urtean bigarren gelditu da. 2015 eta 2016an ere goian ibili zen eta hirugarren postuak eskuratu zituen. 2017an Txapeldunen Liga bikaina egin zuen eta finalerdietara iritsi da, baina Juventus FC-k kanporatu du. Ligan ordea bikain ibili zen eta erraz irabazi zuen golen errekorra gaindituz gainera. 2018-19 denboraldian ordea 17. amaitu du azken jardunaldian salbatuz.
Hasieran hainbat kolore izan zituen, baina 1940an kolore gorria eta zuria hartu zituen. 1962an talde desberdindua izan nahian Grace printzesak elastikoa diseinatu zuen.