1718ko matxinada
1718ko matxinada herri altxamendu bat izan zen, Bizkaian eta Gipuzkoako zati batean gertatua, itsas portuetara eta Frantziako mugara Hego Euskal Herriko lurraldeen eta Gaztelako Erresumaren arteko aduanak eramatearen kontra; izan ere, Filipe V.aren Errege Agindu batek hala ezarri zuen 1717an.
Matxinadak espainiar armadaren espedizio bat eragin zuen hura erreprimitzeko eta, geroko frantses armadaren interbentziorekin batera, hamarkada aztoratua izan zen hurrengoa. Ondorio ekonomiko txarren eraginez eta egonkortasunaren premiaz, hala ere, aduanak lehengora itzuli ziren, barrualdera, erreforma batzuen ostean. Aduanei eta kontrabandoari buruzko aldundien eta Espainiako Koroaren arteko negoziazioek Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren sorrera ekarri zuten (1728).
Testuingurua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Foruen errespetua aitzakiatzat erabiliz, Filipe V.a Espainiakoak 1717ko abuztuaren 21ean Agindua eman zuen alde batetik Errege Ogasunarentzat diru gehiago eskuratzeko eta bestetik bere mendeko lurralde guztiak zentralizatzeko. Euskal lurraldeek, baina, Filipe V.ari an eman zioten babesa Espainiako Ondorengotzako Gerran,[oh 1] eta horrek zaildu egiten zuen erregeak alde bakarreko erabakirik hartzea; izan ere, "konkista eskubidez", Katalunia, Aragoi, Valentzia, Balear Uharteetako aduanak errotik kendu zituenean, berdina egiten saiatu zen Nafarroako Erresuman, baina bertan oposizioa aurkitu zuen, haien foruei atxikitzen zitzaizkiolako, eta ez zuen nahi izan leial izandakoei indarrez horiek kentzea.[1] 1717ko erabakiaren atzean, hain zuzen, Giulio Alberoni ministro berria zebilen, bere lehentasunen artean "Bizkaiari foruak kentzea" idatzi zuena.[oh 2]
Ordu arte, Hego Euskal Herrira heldutako lehengaiek ez zuten aduanarik kostaldean eta, ondorioz, Euskal Herria lurralde frankoa zen.[2] Merkatariek, baina, nahiago zuten kostaldean aduana zergak pagatu, Ebron zerga larriagoak pagatu baino (kostaldekoak halako hiru izango ziren);[oh 3] izan ere, bertako merkatarion merkatu nagusia Gaztelako Erresuma zen, eta ondo zetorkien barneko aduanak kentzea.
Bilakaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Istiluak kostaldeko herrietan sortu ziren, Bizkaian eta Gipuzkoan. Matxinada Bizkaian hasi zen: 1718ko abuztuan zerga-biltzaile bat hil zuten Bilbon; nekazariak Bilbora joan eta korrejidoreak dekretua ezeztatuko zukeen agindu berria sinarazten saiatu ziren; horrek, baina, lehendabizi ahaldun nagusiaren sinadura behar zuela adierazi zuen. Gero protesta Gipuzkoara zabaldu, eta zenbait jauntxo eta handiki erail ondoren, hauek jabegoak utzi eta komentuetan babestu edo ihes egin behar izan zuten. Kamenek dioenez, matxinada 30 herritara zabaldu zen.[3] Gipuzkoako Batzar Nagusiek tropak eskatu zizkioten erregeari.
Bizkaiko ahaldun nagusiari, halaber, Abando, Begoña eta Deustuko herritarrek aduanak leheneratzeko agindua sinarazi nahi zioten, legea betearazten ari zirelakoan eta baketsu arituz. Tentsioa, baina, igotzen joan zen eta herritarrek, korrejidorea eta Bizkaiko ahaldun nagusia atzeman eta Areatzan sinatzera behartzera zihoazela, jakin zuten Enrique Arana ahaldun nagusiak errege tropak bidaltzeko eskatu zuela. Orduan, herritarrek ahaldun nagusia sastakatu eta bertan hil zuten.[2] Espainiar erregeak hiru mila soldadu bidali zituen eta, 1719aren hasierarako, Blas de Loyola mariskalak zuzendutako soldaduek ia Bizkaia osoa hartua zuten.
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Altxamendu ondoko zapalketa gogorra baina mugatua izan zen: hogeita hamabi lagun hiltzera kondenatu zituzten, hogeita hamaika Bizkaian eta bat Gipuzkoan. Blas de Loyolaren espainiar armadak urtebete eman zuen jomugako euskal lurraldeetan. Okupazioak egoera deseroso batean utzi zituen hiru lurraldeotako agintariak. Gainera, herritarrak asaldatuta zebiltzan: Espainiako erregetzaren aurrean, beren ordezkariek tokiko araubidea eta herritarrak defendatzen huts egin zietelakoan zeuden.
Handik gutxira, baina, Lauko Aliantzaren Gerran kokatuta, Berwickeko duke frantsesa ere (urte batzuk lehenago Katalunian Filipe V.aren alde borrokatutakoa) Euskal Herrira heldu zen armada baten buruan, eta abuztu amaierarako Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba osoa buruzagi militar frantsesaren eskuetan zen.[3] Abuztuaren 5ean, Gipuzkoak frantsesei formalki men egin zien baldin eta foruak errespetatzen baziren; Arabak pixka bat geroago onartu zuen frantsesen nagusitza (abuztuaren 29an).[oh 4]
Hala lurralde horietako eliteek nola Espainiako (Gaztelako) erregetzak konponbide iraunkor bat nahi zuten, eta negoziazioetan ibili ziren Madrilgo gortean. Euskal lurraldeok zein bere aldetik ibili ziren negoziatzen, baina guztiak ere San Ignazioren Kongregazioan elkartuta, eta gauzak albait gehien lehengoratzen saiatu ziren. 1719an bertan, aduanak kostalderatzeko 1717ko errege dekretua bertan behera geratu zen praktikan.[3][oh 5]
Ondorio ekonomikoek, izan ere, euskal ordezkarien alde jokatu zuten. Kostaldean jarritako aduanek ez zuten eman Espainiako erregetzak (Alberonik, de facto lehen ministro zenak)[4] bilatutako etekinik. 1722. urtean, Nafarroako Estatuek (Gorteek) haserre protesta egin zuten, erregearen agindua kontraforua zelakoan.[1] Ondorioz, 1722ko abenduaren 16ko Errege Aginduak indarrik gabe utzi zuen ofizialki kostaldera aduanak eramateko Filipe V.ak emandako agindua, nolabait horiek berriz barrualdera, Ebrora eramateko modua irekiz. Dena den, status quo berria ez zegoen artean lotuta. Gorteko negoziazioak 1727ko konponbidean amaitu ziren, kontrabandoari aurre egiteko konpromisoaz eta matxinadako parte-hartzaileen indultuaz (urtebete lehenago): 1727ko Hitzarmena edo Kapitulazioa.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Gipuzkoarrek, adibidez, merkataritza isuri handia zuten Frantziako Koroako lurraldeekin, eta oso interesgarria zitzaien Frantziarekiko bake giroa, baldin eta frantses jatorriko erregegaiak foruak berresten bazituen; bada, hala egin zuen 1702tik 1704ra, haien leialtasunarekin oniritzita.
- ↑ Garai hartan gaztelaniaz ohi zen bezala, Vizcaya izena Pirinioez hegoaldeko Nafarroa ez beste euskal lurraldeei deitzeko erabiltzen zen. Hala ere, beste izen bat ere bazuten zerga arloan: "Kantabriako Jurisdikzioa", bi probintziaz (Araba, Gipuzkoa) eta jaurerri batez (Bizkaia) osatua, Gasteiz hiriburu hartuta.
- ↑ Hiru euskal lurraldeotan (Kantabriako Jurisdikzioan), hiru aduana puntu nagusi zeuden: Balmaseda, Urduña eta Gasteiz. Araban, bestalde, zerga-biltzaileak ohiko bideetan barrena sakabanatzen ziren beren lana egiteko.
- ↑ Kapitulazio formala izan zen. Ez da gorde Berwickeko dukearen erantzuna.
- ↑ Abenduan beharbada. Filipe V.ak Alberoni ministroa kaleratzea agindu zuen abenduaren 5ean; ikus Kamen, Henry. 2001. 127. or.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Martínez de Muniain, Emilio V. 1993, 94-102. or.
- ↑ a b Berria.eus. «Ahaldun nagusia ere hil zuen matxinada» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-09-12).
- ↑ a b c (Ingelesez) Kamen, Henry. (). Philip V of Spain: The King who Reigned Twice. Yale University Press, 125 or. ISBN 0300087187. (Noiz kontsultatua: 2018-10-06).
- ↑ (Ingelesez) Kamen, Henry. (). Philip V of Spain: The King who Reigned Twice. Yale University Press, 108 or. ISBN 0300087187. (Noiz kontsultatua: 2018-10-06).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Martinez Rueda, Fernando. (2016). «La Diputación de Vizcaya en el siglo XVIII, una institución emergente» Hispania. 252 Instituto de Historia (CSIC) (argitaratze data: 2016ko urtarrila-apirila), 103-128 or. ISSN 0018-2141..
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- www.puntubi.com - 1718ko matxinada, aduanen lekualdatzea
- El Guipuzcoano Instruido (1780), Gipuzkoaren XVIII. mendeko hainbat auzi administratibo-politikoren zerrenda