Matxarda-mugimendu
Matxarda-mugimendua edo pintza-mugimendua –inguratze bikoitz modura ere ezaguna–, indar jakin batek, aldi berean, indar etsaien formazio baten bi hegalak edo alboak erasotzen ditueneko maniobra militar bat da. Maniobra klasiko honek, gainera, pisu garrantzitsua izan du gerraren historian zehar.
Matxarda-mugimendua, normalean, kontrako indarrek erdialerantz aurrera egiten dutenean gertatzen da, non indarretako batek bestearen hegaletara mugituz erantzungo duen, lehena inguratzeko helburuarekin.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sun Tzu-k, bere Gerraren artea liburuan –tradizionalki, K.a. VI. mendean datatua–, maniobra honi buruz espekulatu zuen; hala ere, maniobra ez saiatzea gomendatzen zuen, matxardatu nahi den indarrak eskapo egiteko eduki dezakeen denbora-tartea dela eta. Argudiatu zuenez, hoberena da etsaiari ihes egiteko bide bat uztea –edo, gutxienez, bide-itxuraren bat–, xede-armada inguratuta zegoenean gogortasun handiagoz borrokatuko baitzen; hala, formazioa galduko luke eta suntsipenerako zaurgarriagoa izango litzateke ihesbide-planta bat ere erakutsiz gero.
Baliteke maniobra Maratongo guduan erabili izana lehen aldiz, K.a. 490. urtean; izan ere, Herodoto historialariak deskribatu zuen nola Atenasko Milziades jeneralak 900 platear eta 10,000 atenastar hoplita hedatu zituen U-formazioan, hegoak erdian baino askoz sakonago ibilita.
Maniobra hau Alexandro Handiak erabili zuen ere Hydaspeseko guduan, K.a. 326an. Hala ere, bere erabileraren adibiderik ospetsuena[erreferentzia behar] Cannaeko guduan izan zen, K.a. 216an, Hanibalek erromatarren aurkako maniobra egin zuenean. Izan ere, historialari militarrentzat, zehatz azaldutako pintza-mugimenduaren lehen erabilera arrakastatsu dugu hau,[1] Polibio historialari greziarrak deskribaturikoa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Appendix C» The complete book of military science, abridged.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- AEBetako Armadako entrenamendurako eskuliburuaren diagrama, non eraso-modu desberdinak aipatzen diren, inguratzaile bikoitzak barne.
- GlobalSecurity.orgeko saiakera, pintza-mugimenduen inguruko atal batekin.
- Diagrama militarrei buruzko lan akademikoa, inguratze bikoitz baten eskemarekin.
- Stalingradeko guduan Georgy Zhukov-ek burututako inguratze bikoitzaren mapa.