William Wallace Campbell
William Wallace Campbell (1862ko apirilak 11-1938ko ekainak 14) espektroskopian espezializatutako ingeniari eta astronomo estatubatuar bat izan zen. Royal Astronomical Societyko urrezko domina eta Henry Draper domina lortu zituen 1906an eta Bruce domina 1915ean.
Prestaketa garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Campbellek bere ikasketak bere sorlekua zen Ohio estatuko eskola landatarrean hasi zituen. Bigarren hezkuntza amaitu ondoren urte betez lan egin zuen haurren irakasle bezala, Michiganeko Unibertsitatean ingeniaritza zibila ikasten hasteko sartu aurretik. Ikasten ari zen bitartean bere bizitzak bira bat eman zuen Unibertsitateko behatokiko laguntzaile bezala lanean hasi zenean. Astronomiarekin txunditua geratu zen, eta gai honi buruzko ahal bezain beste kurtso hartu zituen.
Karrera akademikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1886an graduatu ondoren Campbellek ezin izan zuen astronomiarekin zerikusia zuen lanik lortu, eta ondorioz Coloradoko Unibertsitatean matematika irakasle postu bat onartu zuen. Bi urte beranduago Michiganeko Unibertsitatera itzultzea eskaini zioten ingeniarientzako oinarrizko astronomia kurtso bat ematera, eta laguntzaile bezala behatokian, Coloradon jasotzen zuen soldataren erdiagatik. Campbellek onartu egin zuen.
1890eko udan borondatezko bezala lan egin zuen Lick behatokian. Han, James E. Keelerren babespean espektroskopia ikasi zuen. Hurrengo urtean Keeler ordezkatu zuen behatokiko astronomo karguan.
1900 eta 1930 bitartean Lick behatokiko zuzendaria izan zen, eta 1923 eta 1930 bitartean Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitatea|Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitateko presidentea izan zen.
Lick behatokiaren estazio bat sortu zuen Txilen.
Zenbait espedizio egin zituen eklipseak jarraitzeko, 1922an gertatutako horietako bati esker gorputz masibo baten presentziaren ondorio den argiaren deflekzioa frogatu zelarik, Albert Einstein fisikari alemaniarraren Erlatibitate orokorraren teoriak aurresan zuena.
Bere buruaz beste egin zuen 1938ko ekainak 14an, 76 urte zituela.