Edukira joan

Su artifizialak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Su artifizialak efektu bisualak eta soinu-efektuak sortzen dituzten gailu piroteknikoak dira. IX. mendean bolbora (su artifizialen propulsatzailea) asmatu zen Txinan. Horretarako, alkimistek potasio nitratoa (KNO3), ikatza eta sufrea konbinatu zituzten. Aspaldi, su artifizialak espiritu gaiztoak uxatzeko eta zorte ona erakartzeko erabiltzen ziren. Gaur egun, aldiz, ospakizun, ikuskizun publiko eta mundu osoko ekitaldi kulturalen sinbolo unibertsala bihurtu dira. Adibidez, toki guztietako Urteberri egunean, hainbat herriren Aste Nagusian eta kirol ekitaldi garrantzitsuetan nabarmendu dira. Ondorioz, gizartean alaitasunaren, ospakizunaren eta batasunaren adierazle bihurtu dira.

Su artifizial motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Su artifizial lurtarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argi distiratsua eta txinpartak emititzen dituzten makilatxoak dira. Ez dutenez eztandarik sortzen eta seguruak direnez, ekitaldi pertsonal eta familiarretan erabili ohi dira, hala nola ezkontzetan edo jaialdietan. Bengalek distira konstantea eta luzea emititzen dute nahaste kimikoaren errekuntza geldoaren ondorioz. Nahaste horrek gatz metalikoak izaten ditu, hala nola magnesioa[1].

Sumendiak edo iturriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinparten erupzioa sortzen dute sumendi baten itxura imitatu nahian. Haien nahasketa piroteknikoak aluminioa edo magnesioa dauka, eztandarik gabeko txinparta distiratsuak baitituzte. Iturri hauek ez dira altuera handietara iristen eta seguruak dira espazio irekietan. Kimiko desberdinen nahasteek hainbat kolore eta efektutako argiak eratzea ahalbidetzen dute; adibidez, ur-jauzi distiratsuak[1].

Aireko su artifizialak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikuskizun handien protagonistak dira. Izan ere, altuera handiak eta forma konplexuak sortzen dituzte eztanda egitean. Hona hemen mota ohikoenetako batzuk:

Su artifizialak jaurtigaietan biltzen dira zerura jaurti eta bertan eztanda egiteko askotariko patroiak sor ditzaten. Morteroek konposatu kimikoen bola txikiak dituzte, eztanda egitean kolore distiratsuak igortzen dituztenak. Su artifizialak ekitaldi handietan erabiltzen dira, ikusmen-inpaktu handia eragiten baitute eskala handian[2].

Kandela erromatarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argi-bolak etengabe jaurtitzen dituzten hodi luzeak dira. Bola bakoitza konposatu espezifikoekin kargatuta dago eta piztean distira sortzen dute. Kandelak askotan ikuskizun sinkronizatuetan erabiltzen dira, aukera ematen baitute koloreen eta efektuen segida modu zehatzagoan kontrolatzeko. Argi eta koloreen konbinazioak jaurti ditzakete leherketa handirik eragin gabe[2].

Lehertu baino lehen, altuera jakin bateraino jaurtitzen dira. Suziriak ospakizun handietan erabiltzen dira, hala nola Urte Berri egunean edo herriko jaien amaieran. Propultsiorako, bolbora beltza erabiltzen dute, eta eztanda egitean, patroi bisual konplexuak sortzen dituzten osagaiak askatzen dituzte.[2]

Fabrikazioa eta diseinua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Su artifizialen fabrikazioa prozesu sentikorra da, eta horregatik zehatz jokatzea eta lan-esperientzia beharrezkoak dira seguruak diren kalitatezko produktuak lortzeko.

Prozesu horretan, osagai nagusiak karkasa bat, "izarrak" (kolorea sortzen duten konposatu kimikoen esferak) eta karga leherkorra dira. Karkasaren barne-diseinuak zehazten du su artifizialak eztanda egiten duenean zeruan sortuko den patroia. Hori dela eta, funtsezkoak dira segurtasun-neurriak fabrikazioan eta biltegiratzean. Materialak arreta handiz erabili behar dira ustekabeko leherketak saihesteko, eta lan-eremuak bero- edo su-iturrietatik babestuta eduki behar dira.[2] [3]

Prozesua hainbat etapa funtsezkotan banatzen da: lehenik, materialen hautaketa egiten da; ondoren, osagaiak mihiztatzen dira, eta azkenik, kalitate-kontrola gauzatzen da. Horrela, etapa bakoitzak bere ekarpena egiten dio prozesuaren arrakastari, emaitza egokia bermatzeko.

Materialen hautaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Su artifizialak konposatu kimikoen nahasketaz osatuta daude. Nahastearen arabera, hainbat kolore, distira eta efektu bisual ikus ditzakegu . Bolbora hiru osagairen nahasketa da:

  1. Potasio nitratoa (KNO3): Su artifizialen errekuntza-erreakzioetan parte hartzen duten erregaiak (oro har, ikatza eta sufrea) erretzeko behar den oxigenoa ematen du. Beste era batean esanda, potasio nitratoa oxidatzailea da.[1]
  2. Ikatza: Su artifizialen errekuntza-erreakzioetan parte hartzen duen erregai primarioa da. Horrela, leherketarako behar den beroa sortzen du.[1]
  3. Sufrea: Su artifizialen errekuntza-erreakzioetan parte hartzen duen erregai sekundarioa da. Izan ere, bolbora pizteko behar den tenperatura murrizten du. Horrek erreakzio kimikoak gerta daitezen laguntzen du.[1]
Kolore bakoitzak taula periodikoaren elementu kimiko bati dagokio.

Koloreak lortzeko substantziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Su artifizialetan ikusten ditugun koloreak gatz metalikoen eta beste konposatu kimiko batzuen ondorio dira. Izan ere, azken horiek berotzean, hainbat kolore igortzen dituzte. Lortu nahi den konbinazioaren arabera, elementu bakoitzak behar duen kantitatean erabiliko da. Elementu hauek dira:

  • Estrontzioa (Sr): Kolore gorri distiratsua sortzen du.
  • Barioa (Ba): Kolore berde bizia sortzen du.
  • Kobrea (Cu): Kolore urdin iluna sortzen du.
  • Zesioa (Cs): Kolore arrosa iluna sortzen du.
  • Sodioa (Na): Kolore horia sortzen du.
  • Kaltzioa (Ca): Kolore laranja sortzen du.
  • Magnesioa (Mg) eta aluminioa (Al): Kolore zuria eta efektu distiratsuak sortzen ditu. [1][4]

Osagaien diseinua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Su artifizial bakoitzak berariazko funtzioak dituzten hainbat osagai ditu: karkasa edo ontzia, izar piroteknikoak eta metxak.

Karkasa edo ontzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpoko egitura lehergaiak eta kolorezko elementuak gordetzeko diseinatuta dago. Gainera, su artifizialak babestu egiten ditu aktibatzetik. Karkasak leherketaren barne-presioari eusten dioten materialez (kartoia eta paper zurruna) eginda daude desintegrazioa ekiditeko.[1]

Izar piroteknikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gailua aktibatzen denean kolore-patroietan lehertzen diren produktu kimikoen esfera txikiak dira. “Izarrak” jaurtigaiaren barruan kokatzen dira, eta, horiek erretzean, bakoitzak kolore jakin bat igortzen du. Izarren kokapenak eta haien tamainak eragina dute leherketaren forman eta su artifizialaren distiran.[1]

Metxek su artifizialen sutze kontrolatua ahalbidetzen dute. Barruko eta kanpoko metxek zehazten dute efektuak noiz eta zer sekuentziatan aktibatuko diren, jaurtigaiak eztanda egin aurretik nahi den altuerara igotzen direla ziurtatzeko.

Mihiztatze-prozesua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Su artifizialak mihiztatzea lan zorrotza da, eta zehaztasuna eskatzen du osagai bakoitza leku egokian jartzeko:

  • Kargatzea eta zigilatzea: Lehenik eta behin, erregaia eta konposatu oxidatzaileak karkasan jartzen dira. Gero, izarrak eta zenbait efektu bisual duten beste elementu batzuk txertatzen dira. Karkasa hermetikoki ixten da, eta hori funtsezkoa da leherketak gertatzen diren bitartean barne-presioa kontrolatzeko eta leherketa goiztiarrak saihesteko.[1]
  • Efektu bereziak txertatzea: Su artifizial batzuk efektu gehigarriak sortzeko diseinatzen dira, hala nola karraskaden, txistuen edo distira luzeen soinuak. Horretarako, txinpartak sortzen dituzten edo leherketa modu mailakatuagoan hedatzen duten elementu kimiko osagarriak gehi daitezke.[1]

Printzipio fisikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Su artifizialak kimika eta fisika uztartzen dituzten ikuskizunak dira. Horretarako, errekuntza- eta leherketa-erreakzioetan oinarritzen dira. Izan ere, su artifizial bat piztean, erraz doa bolbora erretzen, eta beroa eta gasa presio altuan askatzen ditu. Erreakzio hori konposatu kimikoen errekuntzan oinarritzen da.

Gas-sorkuntza eta hedapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errekuntza gertatzen denean, gas-bolumen handiak sortzen dira denbora laburrean. Gas bero horrek, zabaltzean, jaurtigaia zerurantz bultzatzen duen indar nabarmena eragiten du. Su artifizialak eztanda egin aurretik hartuko duen altuera kalkula daiteke. Horren arabera, espantsioaren abiadura eta presioa zehazten dira.[1]

Karga leherkorrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karga leherkorren diseinua funtsezkoa da lortu nahi diren efektu bisualetarako. Izarrak (lehergaiaren kolorea eta forma sortzen duten material erregaizko esferak) modu estrategikoan kokatzen dira jaurtigaiaren barruan. Karga aktibatzen denean, izarrak patroietan banatzen dira. Horrela, eztanda egitean forma espezifikoak lor daitezke, hala nola esferak, eraztunak eta kiribilak.[1]

Formaren eta kolorearen kontrola

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokapenaz gain, su artifizialen koloreak konposizio kimikoan erabiltzen diren metalen araberakoak dira. Adibidez, estrontzioak gorria sortzen du, barioak berdea, eta sodioak horia. Konposatu horien konbinazioa eta proportzioa kontu handiz kalkulatzen dira, leherketa bakoitzean nahi den intentsitatea eta tonua lortzeko.[5]

Efektu akustikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Su artifizialek soinu bereizgarriak sortzen dituzte, hala nola leherketa baten “boom”-a edo askotan su aritifizialak gora doazen heinean entzuten diren txistuak. Efektu akustiko horiek gasen hedapen azkarraren eta inguruko airearen konpresioaren ondorio dira. Horrek soinu-uhinak sortzen ditu.

Segurtasun faktoreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehergaiak manipulatzeko, arreta handiz egin behar da lan, bestela istripuak gertatzeko arriskua egon daiteke. Horretarako, diseinu zehatza eta segurtasun-kontrol zorrotzak jarraitu behar dira. Are gehiago, su artifizialek modu seguruan eta eraginkorrean funtzionatzen dutela ziurtatu behar da.[6]

Ikus- eta soinu-efektuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Efektu bisualak eta soinu-efektuak dira su artifizialak ikuskizun liluragarri eta multisentsorial bihurtzen dituzten funtsezko elementuak. Efektu horiek lortzeko, gailuak kontu handiz diseinatzen dira, material egokiak aukeratzen dira, bai eta printzipio kimikoak eta fisikoak aplikatzen.

Ikus-efektuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Su artifizialak zerua hainbat patroi eta kolorerekin argiztatzeko diseinatuta daude. Hauek dira efektu bisual ohikoenak: esferak, eraztunak, ur-jauziak, peoniak eta urreliliak dira.

Esferak eta eraztunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinarrizko forma horiek lortzeko, “izarrak” jartzen dira karga leherkor baten inguruan. Eztanda egitean, “izarrak” uniformeki banatzen dira, esfera edo eraztun distiratsuak sortuz.[7]

Efektu honek txinpartak altuera handi batetik erortzen direla simulatzen du, errezela baten antza duen argi irudi bat sortuz. Aluminioa eta titanioa bezalako elementuak erabiliz lortzen da; distira luzeak sortzen dituzte erretzean, eta poliki-poliki jausten dira, ur-jauzi baten mugimendua imitatuz.[7]

Peoniak eta urreliliak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Su artifizialek har dezaketen itxuren irudikapena

Kolore anitzeko patroi iraunkorrak sortzen dituzten efektu konplexuagoak dira. Peoniak koloreen leherketa simetriko bat eragiten du, eta uniformeki hedatzen da; urreliliak arrasto distiratsu bat gehitzen dio "petalo" bakoitzari, eta efektu distiratsu eta iraunkorra lortzen du. Metalen konposatuen aniztasunari eta izarren tamainari esker, hainbat abiaduratan erretzen dira, eta hainbat tonu sortzen dituzte.[7]

Soinu-efektuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soinu-efektuak, hala nola eztandak, txistuak eta trumoiak, hainbat konposatu kimikoren eta gailuaren diseinuaren bidez lortzen dira. Soinu horiek efektu bisualekin sinkronizatzen dira, zentzumen anitzeko esperientzia eskaintzeko. Soinuak energia eta gasak azkar askatuz sortzen dira.

Gasen hedapen azkarrak eraginda karkasa apurtzean, soinu ozena sortzen du, presio handiko errekuntza baten ondorioz.

Material erregaiak dituzten hodi txikien bidez sortzen dira. Gasek ihes egin ahala, soinu altu bereizgarri bat sortzen dute, txistu baten antzekoa.

Erreakzio azkar eta bortitzak eragiten dituzten materialen nahasketekin sortzen dira. Lehertu aurretik karkasaren barruko presioa handitzen duten konposatuak erabiltzen dira, soinu indartsua sortzen duen talka-uhin bat sor dadin. Karkasa handiagoek edo leherketa-geruza anitzekoek trumoi-efektua areagotzen dute. [8]

Ikus- eta soinu-efektuen sinkronizazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus- eta soinu-efektuen sinkronizazioa funtsezkoa da esperientzia oso bat izateko. Horretarako, diseinu zorrotza eta sutze-denboren plangintza egin behar dira, soinua eta argia aldi berean sortzen direla ziurtatuz. Koordinazio horri esker, ezagutzen dugun su artifizialen segida gertatzen da.[7]

Ingurugiro- eta segurtasun-eraginak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Su artifizialek ingurumenean eragin nabarmena dute. Izan ere, airearen eta uraren kalitateari eragin diezaioketen gas toxikoak, metal astunak eta partikulak igortzen dituzte.

Ingurugiro-eraginak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gas toxikoen emisioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Su artifizialek, erretzean, sufre dioxidoa (SO2), karbono monoxidoa (CO) eta airea kutsatzen duten beste substantzia kimiko toxiko batzuk igortzen dituzte. Emisio horiek eragin kaltegarriak izan ditzakete arnasketa-osasunean, eta klima-aldaketaren lagungarri dira.[9] [10]

Metal astunak eta partikulak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Su artifizialetan kolore distiratsuak ikusteko, metal astunak erabiltzen dira, hala nola estrontzioa, barioa, kobrea eta aluminioa. Eztanda egitean, partikula horiek airean geratzen dira. Horrela, uretara edo lurrera eror daitezke. Horrek kalte egiten dio uraren eta lurraren kalitateari eta ondorioz, uretako eta lurreko ekosistemak kaltetzen ditu.[9]

Alternatiba ekologikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingurumen-inpaktua murrizteko, alternatiba jasangarriagoak garatzen ari dira. Horietariko bat kerik gabeko su artifizialak dira, eta partikula esekien kopurua murrizten baitute. Beste aukera bat propultsatzaile biodegradagarriak izan daitezke; hau da, ingurumenean berez deskonposatzen diren materialak. Aukera horiek kutsadura ahal den gutxienera murriztea dute helburu, eta LED eta su artifizial elektrikoak bezalako teknologiak erabiliz gauzatzen dira.[6][9]

Segurtasun-eraginak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Segurtasuna ere funtsezkoa da eta, ondorioz, istripuak eta lesioak saihesteko gaitasuna duten profesionalek bakarrik manipulatu behar dituzte su artifizialak. Su artifizialak erabiltzeak segurtasun-arrisku handiak dakartza eta kontuz erabili behar dira.

Su artifizialek istripu eta lesioen arriskua dute. Kontrolik gabeko leherketek, tenperatura altuek eta pizte-akatsek erredurak, anputazioak eta heriotza eragin ahal dituzte. Su artifizialen manipulazioaz profesionalak arduratu behar dira istripuak ekiditeko.

Herrialde gehienetan, su artifizialen erabilera araututa dago herritarrak eta ingurumena babesteko. Araudiek baimen bereziak, jaurtitzeko gune espezifikoak eta ekitaldi horietara joaten direnentzako babes neurriak zehazten dituzte.

Funtsezkoa da herritarrak su artifizialen arriskuen inguruan heztea eta segurtasun-praktikak sustatzea. Prebentzio neurriak aplikatzeak pirotekniarekin lotutako istripuak nabarmen murritz ditzake pirotekniarekin lotutako istripuak.

Garrantzitsuak dira ingurumen-inpaktuarekin eta su artifizialekin lotutako segurtasun neurriak eta helburu dute piroteknia, etorkizunean, teknologia eta jardunbide seguruago eta jasangarriagoen bidez orekatzea.[9] [10]

Su artifizialen erabilerari eta salmentari buruzko erregulazioak herrialdearen araberakoak dira. Kasu batzuetan, herrialde baten barruko eskualde espezifikoen arabera ere aldatzen dira. Izan ere, segurtasun-arriskuak eta haiei lotutako ingurumen-inpaktuak aldatu egiten dira testuinguru batetik bestera. Araudi horien helburuak segurtasun publikoa bermatzea, istripuak gutxienera jaistea eta ingurumen-inpaktua murriztea dira.

Herrialde batzuetan, hala nola Australian, Irlandan eta Europar Batasuneko hainbat naziotan, profesional gaituek bakarrik sal eta erabil ditzakete su artifizialak.[11]

Euskal Herrian, su artifizialen erabilerari buruzko araudiak Espainiar Estatu osorako legean oinarritzen dira, baina udalerri bakoitzaren araberako murrizketa gehigarriak ere izan ditzakete. Oro har, potentzia handiko su artifizialak profesionalek antolatu eta egindako ikuskizunetarako bakarrik daude baimenduta. Ekitaldi horiek dagokien udalaren baimenak behar izaten dituzte. Horretarako, segurtasun-arauak bete behar dituzte. Su artifizialak data zehatzetan bakarrik onartzen dira, hau da, herri-ospakizunetan eta herri-ekitaldietan, piroteknia-ikuskizunak ekitaldiaren parte direnean. Ikuskizun horiek, segurtasun araudi guztiak bete behar dituzte eta, askotan, bertan egoten dira segurtasun eta Babes Zibileko langileak, istripuak saihesteko. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batzuetan beste aukera jasangarriago batzuk sustatzen ari dira, hala nola zaratarik gabeko su artifizialak. Egin-eginean ere, ingurumen-inpaktua murrizten eta tokiko fauna babesten dute.[12]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h i j k l «How fireworks work | Firework science» Explain that Stuff 2008-03-02 (Noiz kontsultatua: 2024-11-08).
  2. a b c d «The Science of Fireworks» www.ontariosciencecentre.ca (Noiz kontsultatua: 2024-11-08).
  3. Smithsonian Miscellaneous Collections. Volume 59. Smithsonian institution 1913 (Noiz kontsultatua: 2024-11-08).
  4. (Gaztelaniaz) «El color de los fuegos artificiales, explicado gracias a la química» www.uv.es (Noiz kontsultatua: 2024-11-08).
  5. (Ingelesez) Topolski, Josey E.. (2018-07-03). «How are different colored fireworks made? – ScIU» blogs.iu.edu (Noiz kontsultatua: 2024-11-08).
  6. a b Russo, M. A.; Gama, C.; Monteiro, A.. (2019-04-13). «How does upgrading an emissions inventory affect air quality simulations?» Air Quality, Atmosphere & Health 12 (6): 731–741.  doi:10.1007/s11869-019-00692-x. ISSN 1873-9318. (Noiz kontsultatua: 2024-11-08).
  7. a b c d (Ingelesez) Bacon, Sky. (2022-05-31). «12 Types of Fireworks Effects» Sky Bacon Fireworks (Noiz kontsultatua: 2024-11-08).
  8. (Ingelesez) Smith, Paul E.. (2021-12-21). «How do fireworks work? A pyrotechnics chemist explains the science behind the brilliant colors and sounds» The Conversation (Noiz kontsultatua: 2024-11-08).
  9. a b c d Hickey, Christina; Gordon, Christopher; Galdanes, Karen; Blaustein, Martin; Horton, Lori; Chillrud, Steven; Ross, James; Yinon, Lital et al.. (2020-07-02). «Toxicity of particles emitted by fireworks» Particle and Fibre Toxicology 17 (1)  doi:10.1186/s12989-020-00360-4. ISSN 1743-8977. (Noiz kontsultatua: 2024-11-08).
  10. a b (Gaztelaniaz) «Seguridad al manipular fuegos artificiales (para Adolescentes)» kidshealth.org (Noiz kontsultatua: 2024-11-08).
  11. (Gaztelaniaz) «Por qué se está pidiendo prohibir el uso de fuegos artificiales a nivel internacional» La Vanguardia 2017-10-10 (Noiz kontsultatua: 2024-11-08).
  12. Goñi FM. FUEGOS ARTIFICIALES EN EUSKAL HERRIA . Euskadi.eus.https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/jye_publi/es_def/adjuntos/Norm-espectaculos-pirotecnicos-esukadi-cas.pdf