Steve Reich
Stephen Michael "Steve" Reich (New York, AEB, 1936ko urriaren 3a) estatubatuar musikagile eta interpretea da. Minimalismoaren ordezkari nagusietako bat da.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cornell, Julliard eta Miss College eskoletan egin zituen ikasketak. Bere lehenengo obrak It's gonna rain (1965) eta Come out (1966) behin eta berriz errepikatzen eta bilbatzen diren berbaldi-zatiak dira, eta erritmoa eta erritmo-balioetan oinarritutako kontrapuntua dute ezaugarri nagusia. Musika-mota hori, minimalista deitua, New Yorken sortu zen, 1960ko hamarraldian, Terry Rileyren eskutik bereziki.
Hamarraldiaren bukaeran Reichek teknika berezi bat asmatu zuen, aldikako teknika: musika-tresnek esaldi bera jotzen dute, baina lastertasun desberdinean. Reichek prozedura hori erabili zuen Piano phase (1967) obran, eta garai hartako bere obrarik aipagarrienean: Drumming (1971), bongo, marinba eta zelestarako. 1970eko hamarraldian lastertasun berean interpretatutako erritmo-esaldiak erabiltzen hasi zen, baina kanonen modura, material soiletan oinarrituta egitura konplexuak lortzeko: Music for 18 Musicians (1976); Vermont Counterpoint (1982, 11 flautarako; horietatik 10 aldez aurretik grabatuak); The Desert Music (1984, orkestra eta abesbatzarako).
1970ko hamarkadan Euskal Herrian izan zen, eta txalaparta ezagutu zuen. Txalapartarekin liluratuta, bere obra batzuek teknika imitatzen dute[1].
Beste lan aipagarri batzuk: Tehillim (1981) hebreerazko lau salmo, erritmo bizikoak, akorde luzeekin, eta juduen folk-musikan inspiratutako melodiekin; Different trains (1988, zinta eta hari kuartetorako); The Cave (1993).
2006. urtean Praemium Imperialearekin saritu zuten, eta 2007. urtean Polar Music Sariarekin.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Hurtado Mendieta, Enrike. (2016-02-25). «Txalaparta y vanguardia, ruido y música» AUSART 3 (2): 58–68. doi: . ISSN 2340-9134. (Noiz kontsultatua: 2021-01-19).