Edukira joan

Luis de Góngora

Wikipedia, Entziklopedia askea
Luis de Góngora
kapilau

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakLuis de Góngora
JaiotzaKordoba1561eko uztailaren 11 (egutegi gregorianoa)
Herrialdea Espainia
Lehen hizkuntzagaztelania
HeriotzaKordoba1627ko maiatzaren 23a (65 urte)
Hobiratze lekuaKordobako meskita
Heriotza modua: gaixotasun zerebrobaskularra
Familia
Familia
Hezkuntza
HeziketaSalamancako Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpoeta, antzerkigilea, idazlea eta apaiza
MugimenduaKulteranismoa
Izengoitia(k)Luis de Góngora
Genero artistikoaolerkigintza
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaerromatar katolikoa

IMDB: nm0351311 Musicbrainz: a1281728-9c9d-40d9-b2a8-38f70e67cacd Discogs: 801777 IMSLP: Category:Góngora,_Luis_de Find a Grave: 7533301 Edit the value on Wikidata

Luis de Góngora y Argote (Kordoba, Espainia, 1561eko uztailaren 11a - ib., 1627ko maiatzaren 23a) espainiar olerkari eta antzerkigilea izan zen. Espainiako Urrezko Mendeko poesiaren berritzaile jenialenetakoa eta kulteranismo korrontearen ordezkari nagusia izan zen. Poeta handi horren obra barrokoaren garaiko espainiar lirikaren gailurtzat jotzen dute literatur kritikariek.

Francisco de Quevedo idazlearekin lehia latza izateagatik ere ezaguna bada.

Kordoban jaio zen Luis de Gongora y Argote, 1561eko uztailaren 11n, familia aristokratiko baten barnean. Aita, Francisco de Argote, epailea zuen, Salamancako Unibertsitatean graduatua, Madrilen eta Jaenen epaile egona, harik eta bere jaioterrian, Kordoban, Inkisizioak bahitutako ondasunen epaile izendatu zuten arte. Zalduna eta aitoren semea zen, Andaluziako hiri hura berkonkistatu zutenen ondorengoa, eta liburuzale, humanista eta jakintsu handia.

Ama ere, Leonor de Gongora, Kordobako familia leinargi eta ezagun batekoa zuen.

Luisek, geroago, gortean zuen babesleak tituluak eskatzen zizkiolako, eta komenientzi ekonomikoak zirela-eta, trukatu egin zuen abizenen ordena eta amaren leinuko abizenarekin egin zen ospetsu letren munduan.

Esan bezala, familia ahaldunean hazi zen Gongora, eta heziketa intelektual jasoa eman zioten txiki-txikitatik (Kordobako jesuiten ikastetxean, beharbada). Nolanahi ere, gauza segurua da hizkuntza eta humanitate klasikoak sakon ezagutu zituela, idatzi zituen olerkietan argi eta garbi antzematen den bezala. Unibertsitateko ikasketak duintasunez egiteko behar zituen errentak izan zitzan, ama aldeko osabak, Francisco de Gongorak, gizon dirudun eta eskudunak, orduan Kordobako katedraleko racionero zenak, hiru eliz errenta eman zizkion, baina horretarako ordena txikiak hartu behar izan zituen. Orduan hartutako bide hark eramango zuen aurrerago (55 urterekin apaiztu zen, segur aski, batere bokaziorik gabe) elizgizon egitera. Errenta haiek ematen zioten segurtasunarekin, Salamancako unibertsitatera joan zen, hamabost urterekin, eta zuzenbidean matrikulatu zen, 1576an. Bost urtez ikasi zuen Salamancan, eta 1581ean, amaitutzat eman zituen ikasketak. Unibertsitatean zegoela, zuzenbidea ikasteko interes berezirik erakutsi ez bazuen ere, humanitateen eta literaturaren arloko kultura hobetzen saiatu zen. Berak aitortu zuenez, grekera, latina, italiera, portugesa, kosmografia eta astrologia ikasi zituen Salamancan, fakultatean zituen irakasgaiez gainera, eta aisialdietan, musikan eta esgriman aritzen zen. Berehalaxe ikusi zen, ordea, Gongoraren benetako bokazioa poesia zen bezala, bizio menderagaitz batek jaten ziola barrena, jokoak, alegia. Bizitza osoa emango zuen grina horren mendean, eta hala, zituen ondasun gehienak xahuturik, estutasun eta egoera premiatsu franko pasa behar izan zuen zahartzaroan.

1585ean, osabak Kordobako katedralean utzitako racionero kargua eskuratzeko —ekonomia egoera segurtatu nahian, batez ere— diakono ordenatzea erabaki zuen, eta hala, urte hartako otsailaren 21ean jabetu zen karguaz, katedraleko kapituluaren aurrean.

Gongoraren idazlanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Las soledades lanaren lehen orrialdea (Manuscrito Chacón delakotik hartua).

Luis de Gongoraren literaturgintza 1580 aldera hasi zen. Garaitsu hartan, artean ikasle zela, erromantze, soneto, eta abesti-letra arin asko idatzi zituen, orduko gusto poetikoen arabera. Eta hasierako lanak ziren arren, heldutasun handia eta forma-birtuosismo aparta erakutsi zituen egileak. Haren burlazko erromantzeek eta letra satirikoek fama eta ospea eman zioten berehala poeta gazteari. Lehen lan haien artean aipatzekoak dira, besteak beste, La más bella niña (Neskato ederrena); Hermana Marica (Marica ahizpa); Mozuelas las de mi barrio (Neskatxak nire auzokoak); Hanme dicho, hermanas (Esan didate, arrebak); Lloraba la niña (Negar egiten zuen neskatoak); Amarrado al duro banco (Banku gogorrari loturik); Seruia en Gran al Rey (Granen Erregeren zerbitzari); etab...

1612-13 inguruan idatzi zituen Fábula de Polifemo y Galatea (Polifemo eta Galatearen alegia) eta Soledades (Bakarraldiak) izeneko olerkiak, gerora, haren lan ospetsuenak bilakatuko zirenak. Bi lan horietan, bere obra guztian zehar sortzen eta garatzen joan zen poesia estilo berri baten gailurra harrapatu zuen Gongorak.

Culteranismo edo gongorismo deitu zitzaion estilo hartako olerkigintzak, klasikoei buruzko jakintza ikaragarri sakona eskatzen zuen: antzinako mitologiako eta klasiko greko-latinoei buruzko aipamenez josia zegoen, literaturan eta liburuetan inspiratzen zen, eta aurreko eredu batzuek kondentsatuz eta birlanduz sortua zen, irudi eta metafora zoragarri eta harrigarriak sarturik.

Gongoraren ordu arteko olerkigintzak ia aho bateko onarpena eta txaloa izan zuten bezala, Polifemo eta Bakarraldiak argitaratu zirenean, poema horien kontzeptu iluntasunak eta estilo/sintaxiaren ikuspegitik zuten zailtasunak aurkakotasun eta zentsura zorrotzak sorrarazi zituzten irakurle eta kritikari askorengan.

Une horretatik aurrera literatur polemika guztiz gordina piztu zen estilo haren aldekoen eta aurkakoen artean, Espainiako barrokoan izan zen gogorrena, seguru asko.

Aurkakoen artean —Conceptismoaren aldekoak, alegia— Lope de Vega, Jauregi eta Quevedo izan ziren garrantzizkoenak, eta apologisten artean —Culteranismoaren aldezleak—, Gongora bera alde bat utzita, Villamedianako Kondea, Gracian eta Calderon dira aipagarrienak.

Gongoraren gaztetako olerki herrikoien eta azken aldera idatzitakoen arteko desberdintasunak zirela-eta, kritikari askok uste izan dute bi aldi desberdin izan zirela poetaren produkzioan: bakuna eta gardena, bata; iluna eta korapilatsua, hestea.

Baina, 1927tik aurrera, batez ere, Damaso Alonsok egindako lanek eta azterketek erakutsi dute hasierako konposizioetan ere bazirela gerora hainbeste nabarmenduko ziren estilo elementuak, eta beraz, bi aldi desberdin ez baino, estilo bakarraren bilakaeran kokatu beharreko aldiak izan zirela.

Gongoraren literatur ekarpena, azkenik, zori eskaseko bi komediarekin eta Panegírico al duque de Lerma (1617an hasi eta amaitu gabe geratua; Lermako dukeari gorazarrea) izeneko poema luzearekin osatzen da. Nahiz eta, 1617an, Felipe III.aren kapilau izendatu zuten Madrilen, diru premia larriak izan zituen azken urteetan. Luis de Gongora Kordoban hil zen 1627ko maiatzaren 23an.

Góngoraren herri olerkien zabalkunde handia gorabehera, idazlan jasoenen eragina XIX. mende bukaera (sinbolistak) eta XX. mendearen hasiera arte (27ko belaunaldia) ez zen gauzatu. Góngora da, Quevedorekin batera, Espainiako Urrezko mendean idazle nagusia.

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Luis de Góngora Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]