Edukira joan

Jose Manterola

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Jose Manterola

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJose Manterola Beldarrain
JaiotzaDonostia1849ko martxoaren 23a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1884ko otsailaren 29a (34 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: istripu zerebrobaskularra
Hezkuntza
HeziketaValladolideko Unibertsitatea
Zaragozako Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta editorea
Enplegatzailea(k)Diario de San Sebastián
MugimenduaEuskal Pizkundea

Literaturaren Zubitegia: 303

Jose Manterola Beldarrain (Donostia, Gipuzkoa, 1849ko martxoaren 23a - 1884ko otsailaren 29a) euskal idazle eta argitaratzailea, XIX. mendearen amaieran Donostian sortu zen kultura eta literatura mugimenduaren sustatzaile eta antolatzaile nagusietako bat izan zen.

Donostiako esku handiko familia batean jaio zen, Narrika kaleko 1ean. Bere aita, Gregorio Manterola Alzate, Gipuzkoako diputatu nagusi izana zen, eta etxean kultura giro bizia ezagutu zuen gaztetxotatik. Ama Ramona Beldarrain Izagirre zuen.

Eloisa Evarista Amiama Camiorekin ezkondu zen 1871ko apirilaren 17an, Donostiako Santa Maria elizan. Seme bakarra izan zuten, Luis Victoriano Francisco Ramon, 1872ko martxoaren 24an jaioa.

Batxiler ikasketak Bergarako seminarioan egin zituen, eta gero filosofia ikasi zuen Valladoliden, Zaragozan eta Madrilen. Oso gaztetatik zetorkion literaturarako joera, eta ikasle zelarik hasi zen idazten, Madrilgo El Resumen aldizkarian, gero foruzaleen La Paz eta liberalen Aurrera aldizkarietan.

Bere lehen liburua (Guía manual geográfico-descriptiva de la provincia de Guipúzcoa, gazteleraz) 1871. urtean argitaratu zuen, artean hogeita bi urte zituela. Handik bi urtera, 1873an, Diario de San Sebastián egunkariko zuzendari izendatu zuten. 1876an, Donostiako udal liburutegiko zuzendari. Horrez gainera, bigarren hezkuntzako institutuko irakasle izan zen, 1876an foruak deuseztatzeko legearen aurka jalgi zen arte.

Giro erromantikoan hezitakoa, euskal herriaren kulturarekiko eta foruekiko atxikimendu suharra erakutsi zuen bere bizitza laburrean egin zituen lan guztietan.

Garuneko odol isuri batez hil zen bat-batean 1884ko otsailaren 29an, 36 urte betetzeko hilabete eskas falta zuela.

Idazle, argitaratzaile, eragile

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cancionero Vasco

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1878ko Cancionero Vasco idazlaren azala.

Bere lehen garrantzizko lana izan zen: euskal kanta, poema eta kopla zaharren bilduma zabala, garai eta eskualde guztietakoak, hiru liburukitan argitara eman zuena 1877-1880 bitartean. Bildutako kantak generoen arabera antolatu zituen, eta ohar biografikoak, bibliografikoak, eta iruzkin kritiko eta linguistikoak erantsi zituen, baita gaztelerazko eta, batzuetan, frantsesezko itzulpenak ere.

Geroztik argitaratu ziren lanen argitan hutsune ugari nabarmendu bazitzaizkion ere, XIX. mendearen hondarrean urrats ikaragarri ekarri zuen euskal kulturara.

Euskal-Erria aldizkaria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manterolaren lanetan eraginik handiena, ziur aski, Euskal-Erria aldizkariak izan zuen. Berak sortu 1880an, eta 1918an azken alea argitaratu zen artean, idazle eta euskaltzaleen biltoki izan zen. Aldizkariaren 79 liburukiak mende arteko Euskal Herriko (eta bereziki Donostiako) kultura eta hizkuntza egoeraren ispilu paregabea dira. Orduko idazle, hizkuntzalari eta euskaltzale gehienak bildu ziren bertara: Anton Abadia, Manuel Antonio Antia, Karmelo Etxegarai, Klaudio Otaegi, Julien Vinson, Arturo Kanpion, Ricardo Becerro de Bengoa, Joan Batista Elizanburu, Juan Iturralde Suit, Pedro Egaña, Luis Luziano Bonaparte, Julian Apraiz Saenz de Elburgo, Ramon Artola, Felipe Arrese Beitia, eta abar.

Aldizkarian argitaratu zuen 1884an Manterolak bere poema dramatikorik ezagunena: «Post tenebras spero lucem» (Ilunaren ondotik argia dut itxaropen). Foruak galtzeak Euskal Herriaren kontzientzia zenbateraino astindu zuen erakusten du Manterolaren poemak.

Manterolaren ekimenak sortu zuen "Euskarazko Itz-Jostaldien Batzarra", hegoaldean Euskal Lore Jokoak antolatzen hasi izen erakundea, iparraldean Anton Abbadiak eratu zituenen gisara. Lore-jokoen ondorio garrantzizko bat izan zen Bidasoaren bi aldeetako idazle, intelektual, bertsolari eta, orobat, jendeak heltzen zirela. Harreman horietatik sortu zen, Julio de Urquijok zioenez, 1900ean, Donibane Lohizuneko euskal jaietan, «Zazpiak bat» esamoldea, euskal lurraldeen eta jendeen batasuna nahiaren ikur.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Cancionero vasco (1878)