Edukira joan

Ilaski Serrano

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ilaski Serrano

(2021)
Bizitza
JaiotzaBermeo1976ko martxoaren 9a (48 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
BizilekuaArantza
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea : kazetaritza, antropologia
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, berriemailea eta irrati-esataria
Altuera1,81 metro
Lantokia(k)Bilbo eta Donostia
Enplegatzailea(k)Euskal Irrati Telebista
Lan nabarmenak

Ilaski Serrano Urkidi (Bermeo, Bizkaia, 1976ko martxoaren 9a) kazetaria, esataria eta telebistako aurkezlea da. Kazetaritzan eta Antropologian lizentziatua da. 1997an, Euskadi Gaztea irratian hasi zen lanean eta 2007ra arte bertako esataria izan zen, besteak beste, Top Gaztea eta Argi ibili saioetan. 2000tik aurrera, irratiko lana telebistarekin uztartu zuen, haurrentzako programak (Betizu, Betimu, Betizu Arena eta Betishow) zein entretenimendu saioak (KTMǃ eta Kuxkuxeroak) aurkeztuz. 2006 eta 2013 bitartean Mihiluze lehiaketa aurkeztu zuen ETB 1en, haren lanik ezagunena. Horren ondoren, albiste-zerbitzuekin lotutako saioetan lan egitera igaro zen, tartean Airean (2013-2014), Azpimarra (2015-2016) eta Ahoz aho (2016-2022). 2020an, Berben lapikoa elkarrizketa saioa aurkeztu zuen. Aktualitate saioetan egindako lanaz gain, askotariko kultura saioak (Oholtzan, bertsolaritza txapelketak, jaiak, Korrika...) aurkeztu ditu Euskal Telebistan, eta bertako aurpegi ezagunenetako bat da.

Kazetaritza ikasten hasi zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bere lehen lanak unibertsitateko Argi eta garbi aldizkarian egin zituen. Era berean, Bermeoko zenbait gaztek sortutako Gazte press aldizkarian ere aritu zen.[1] Ikasketak burutzen ari zela hainbat hedabidetan praktikak egiteko eskaera egin zuen, eta Euskadi Irratian hasi zen bekadun.[2][3]

1997an, 21 urterekin eta karrera amaitu gabe zuela, Euskadi Gaztea irrati-katean hasi zen lanean esatari bezala, udan praktikak egin ondoren. Bere lehen lanen artean asteburuetako Argi ibili saioa egon zen. 1999an lizentziatu zen.

Telebistara saltoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irratian esatari lanak egiten zituela ETB 1eko KTMǃ (KaTe Mundialaǃ) gazteentzako magazin saiora gonbidatu zuten, aurkezle proba egiteko. 2000ko urtarrilean hasi zen aurkezle lanetan, Nerea Garmendia ordezkatuz.[4] Saio hori amaitu ondoren ETB 1eko haur programazioaren aurkezlea izatera igaro zen, Betizu saioan.[5]

Hasieran Betizu saioko behiei ahotsa jartzeko eskatu zioten, eta ondoren aurkezle lanetan aritzeko eskaintza egin zioten.[6] Horrekin lotuta beste hainbat programa aurkeztu zituenː Betimu karaoke lehiaketa bi urtez, Gain-Gaina eta Betizu Arena eskolen arteko lehiaketa.[7][8] 2001-2002 denboraldian Betishow gala aurkeztu zuen, artista gazteak bultzatzea helburu zuen saioa.[9] Saio horietan herriz herri ibili zen Euskal Herrian zehar, eta aurpegi ezaguna bilakatu zen.[10] Halaber saioek audientzia-datu arrakastatsuak lortu zituzten, esaterako Betimu lehiaketa %47,8ko kuota izatera iritsi zen.[11]

Haurren saioetan egindako lanagatik Festaro programan (2001) eta urte amaierako Kaixo 2002 saio berezian agertu zen.[12] 2002an Euskal Telebistak antolatutako lehen Betizu Jaiaren aurkezlea izan zen, Iban Garate Betizu saioetako lankidearekin batera.[13] 2003an Kuxkuxeroak umore saioan hasi zen lanean, eta 2005era arte iraun zuen bertan.[14] Entretenimendu saio horiek aurkezten zituen bitartean irratiko lanarekin jarraitu zuen, eta Antropologia ikasketak hasi zituen.

Mihiluze aroa (2006-2013)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005ean irratitik ezagutzen zuen Kike Amonarrizek saio berri bat aurkezteko proposamena egin zion. 2006ko otsailaren 2an estreinatu zen Mihiluze, euskararekin jolastea ardatz zuen lehiaketa. Serrano eta Amonarriz elkarrekin aritu ziren aurkezle lanetan. Lehen denboraldian astean behin baino ez zen emititu, baina saioaren arrakasta ikusita astean zehar eguneroko saio bilakatu zen. 8 denboraldi emititu ziren guztira, eta haurrentzako saioak, asteburuetako Mihiluze traka zein famatuak gonbidatu zituzten saioak ere egin zituzten.

Mihiluze 2013ko maiatzaren 15ean amaitu zen, 1.117 saioren ondoren. Saioa ETBren programa arrakastatsuenetakoa izan zen, eta bi aurkezleen arteko kimika zein euskararen alde egindako lanagatik oso kritika positiboak jaso zituen. 2008an Argia Saria irabazi zuen. 2011n Mihiluzeko lantaldeak 17. Korrikako lekukoa eraman zuen azken kilometroan, eta Ilaski Serranok Kike Amonarrizekin batera irakurri zuen biek idatzitako mezua.[15]

Mihiluzeko lana irratiarekin uztartu zuen 2007ra arte. Irratia utzi ondoren Antropologian lizentziatu zen. 2011n Euskadi Irratira itzuli zen; Oilategia umore saioa aurkeztu zuen Mikel Pagadizabal eta Jon Iraolarekin batera, Anjel Alkainen lekua hartuz. Oilategia 2013an amaitu zen.[16]

2006 eta 2013 bitartean Ilaski Serrano ETBko aurpegi ezagunenetako bat bilakatu zen. Bi aldiz aurkeztu zuen Euskal Kantuen Gaua, 2009an eta 2013an. ETBko hainbat saiotan cameoak egin zituen, besteak beste Martin (2013), Mi querido Klikowsky (2007) eta Goenkale (2013) telesailetan. 2012ko udan Bilboko Aste Nagusiaren harira egindako programazio berezia aurkeztu zuen, eta ordutik Euskal Herriko hiriburuetako jaietako zenbait saio aurkeztu ditu. 2008an Hegaluze Saria irabazi zuen.

ETBko kultura programazioaren aurpegia (2013-egun)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013-2014 denboraldian Jaime Otamendik gidatutako Airean magazinean aritu zen. Kaleko erreportari lanak egin zituen, bideoak grabatu eta ondoren platoan aurkeztu ohi zituen. Aktualitate gaiak jorratu arren kulturaren jarraipenak tarte nabarmena zuen. Bestalde, 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaren jarraipena egiteaz arduratu zen ETB 1en. 2014ko udan Bilboko, Iruñeko, Gasteizko eta Baionako jaietako programazioa aurkeztu zuen.

2015ean Oholtzan saioa aurkezten hasi zen, asteburuetan Euskal Herrian zeharreko kanta, dantza zein musika emanaldien jarraipena egiten duena. Era berean hiriburuetako jaietako saioen ohiko aurkezlea bilakatu da, eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren zein Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako txapelketen finaletarako ETB 1eko saioetan aurkezle lanak egin ohi ditu bertsolaritzako adituekin. Korrikaren hasiera zein amaieraren jarraipena egiten duten saioak ere gidatu ditu, eta 21. Korrikan (2019) 11 egunetako programazio berezia aurkeztu zuen.[17]

2015ean Maddalen Iriartek Azpimarra saioan lan egiteko eskaintza egin zion. Iriarte aktualitate politikoaz arduratzen zen bitartean Serranok kultura gaiak jorratzen zituen, eta idazle, musikari, antzezle edo bestelako sortzaileei elkarrizketak egin ohi zizkien platoan. Azpimarra 2016an amaitu zen, baina 2016-2017 denboralditik aurrera lan bera egiten jarraitu du Amaia Cayerorekin batera gidatzen duen Ahoz aho saioan.

2020an, koronabirusaren pandemiaren ondorioz, Ahoz aho saioa eten egin zen. 2020ko maiatza eta ekaina bitartean Kulturunea saioan, Vital Fundazioa eta EITBk antolatua, eitb.eus bidez emititutako kontzertuen aurkezpenak egin zituen. Kontzertu horiek ETB 1en emititu ziren 2020ko udan zehar.[18] 2020ko maiatzaren 18an Berben lapikoa elkarrizketa saioa estreinatu zuen ETB 1en. 30 emisioren ondoren, saioa ekainaren 26an amaitu zen.[19] 2020ko udan hiriburuetako jaiak gogoratzeko saio bereziak aurkeztu zituen.

2020ko iraila eta urria bitartean zuzeneko konexioak egin zituen kaleko erreportari lanean, Gaur egun eta Teleberri albistegientzat, batez ere kulturari buruzko albisteen berri emanez. 2020-2021 denboraldian, 2020ko urritik aurrera, Ahoz aho eta Oholtzan saioetan aurkezle lanak egiten jarraitun zuen.[20] 2021eko maiatzean, Ahoz aho saioaren denboraldia amaitu ondoren, Eztabaidan iluntzeko aktualitate saioan aurkezle lanak egin zituen Klaudio Landa ordezkatuz. 2021-2022 denboraldiaren ondoren Ahoz aho saioaren amaiera iragarri zuen.[21]

2022an, EITBren zuzendaritzak Mihiluze saioaren itzulera iragarri zuen, saioa amaitu eta bederatzi urteren ondoren.[22] Serranok saioaren aro berrian aurkezle lanak egiten jarraituko du irailetik aurrera, Antton Telleriarekin batera.[23][24] Horretaz gain, Artefaktua literatura saioaren aurkezlea ere bada 2022ko irailetik aurrera, saioaren 6. denboraldian.[25]

Urtea Izenburua Katea Oharrak
2000 KTMǃ ETB1 Gonbidatua (atal 1), gero aurkezlea
2000-2002 Betizu ETB1 Aurkezlea
2000-2002 Betimu ETB1 Aurkezlea
2000-2001 Betizu Arena ETB1 Aurkezlea
2001 Festaro ETB1 Gonbidatua (Festaro gaztea saio berezia)
2001-2002 Betishow ETB1 Aurkezlea
2002 Kaixo 2002 ETB1 Gonbidatua
2003 Kaixo 2003 ETB1 Gonbidatua
2003-2005 Kuxkuxeroak ETB1 Aurkezlea; erreportaria
2003 Sorginen laratza ETB1 Gonbidatua
2003, 2009 Martin ETB1 Gonbidatua (2 atal, bere burua / Miren)
2003 Sorginen laratza ETB1 Gonbidatua
2005 Ikusgela ETB1 Gonbidatua
2006-2013 Mihiluze ETB1 Aurkezlea (1.117 saio)
2006 Date el bote ETB2 Lehiakide gonbidatua (1000. atal berezia)
2007 Mi querido Klikowsky ETB2 Gonbidatua (atal 1)
2009 Euskal Kantuen Gaua 2009 ETB1 Aurkezlea
2010 Uyyyyy! ETB2 Gonbidatua (atal 1)
2011 Anitzele ETB1 Gonbidatua (atal 1)
2011 Finlandia ETB1 Gonbidatua (atalaː "Ilaski Serrano")
2011 Kresala ETB1 Gonbidatua (atal 1)
2011, 2013 Goenkale ETB1 Cameoa (2 atal, bere burua / azafata)
2011 Euskal Kantuen Gaua 2011 ETB1 Euskal kanten popurria (ETBko aurkezleak)
2012 Ai amaǃ ETB1 Gonbidatua (atal 1)
2012 Kontuz, atsuakǃ ETB1 Gonbidatua (atalaː "ETBn")
2012 Euskal Kantuen Gaua 2012 ETB1 "Sing-sing-ati-ko folk & rolla" (Mihiluze)
2013 Badu, bada ETB1 Gonbidatua (atalaː "Ilaski Serrano")
2013-2014 Airean ETB1 Erreportaria / aurkezlea
2013-2019 Hitzetik Hortzera ETB1 / ETB4 Txapelketen finaletako saio berezien aurkezlea
2013 Euskal Kantuen Gaua 2013 ETB1 Aurkezlea
2014 Kontrako eztarria ETB1 Cameoa (atal 1)
2015-2020 Oholtzan ETB1 Aurkezlea
2015-2016 Azpimarra ETB1 Aurkezlea
2015 Zuek Hor ETB1 Elkarrizketatzaile gonbidatua (atal 1)
2016 Berandu baino lehen ETB1 Gonbidatua (atalaː "Anje Duhalde eta Ilaski Serrano")
2016-2022 Ahoz aho ETB1 Aurkezlea
2017 Burubero ETB1 Lehiakide gonbidatua (2 atal)
2017 Herri txiki kantari 2017 ETB1 "Aske maitte" (ETBko aurkezleak)
2019-2020 Gure kasa ETB1 Gonbidatua (2 atalː "Ilaski Serrano" eta azken atala)
2019 Badator Korrika ETB1 Aurkezlea
2019 Egunak egin du ETB1 Kolaboratzailea (atal 1)
2019 Gabonǃ Kantatzera gatozǃ ETB1 "Arratsalde honetan" (ETBko arratsaldeak)
2020 Kulturunea eitb.eus / ETB1 Kontzertuen aurkezlea (12 atal)
2020 Berben lapikoa ETB1 Aurkezlea eta zuzendaria (30 saio)
2020 Txupinazoa gogoratuz ETB1 Saio berezia
2020 Gaur egun ETB1 Erreportaria
2020 Teleberri ETB2 Erreportaria
2020 Biba zuekǃ ETB1 Gonbidatua (atal 1)
2020 Gabonǃ Kantatzera gatozǃ ETB1 "Zeinen ederra izango den" (ETBko gaurkotasuna)
2021 Eztabaidan ETB1 Aurkezlea (Klaudio Landaren ordezkapena)
2021-gaur egun Piztu telebista ETB 1 Aurkezlea (Off ahotsa)
2022 Intimidad Netflix Cameoa (atal 1)
2022 Lau Teilatu ETB1 Aurkezlea (4 atal)
2022 Edozein herriko... ETB1 Aurkezle gonbidatua (Bilboko Aste Nagusia)
2022-gaur egun Mihiluze ETB1 Aurkezlea
2022-gaur egun Artefaktua ETB1 Aurkezlea
2023ko abuztua Aste Nagusia, Bilbo[26] ETB1 Berriemailea

Bestelako lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sariak eta aitortzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2008ko maiatzean Bermeoko Arrain Azokako hasierako ekitaldian 2008. urteko Hegaluze Saria eman zioten, Bermeo ezagutzera emateagatik edo urteko bermeotarra izateagatik.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Abril, Jon. (2000ko urtarrilaren 21a). Ilaski Serranoː "Telebistan baino erosoago nago irratian". Euskaldunon Egunkaria, 53 or..
  2. Maya, Jon. (2001eko urriaren 4a). Telebistatik kalera irtetean. Euskaldunon Egunkaria, 58-59 or..
  3. Serrano, Ilaski. «GAZTE(tasun)A» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-11).
  4. Erredakzioa. (2000ko urtarrilaren 12a). KTMǃ gazteentzako saioak aurkezle berria duː Ilaski Serrano. Euskaldunon Egunkaria, 45 or..
  5. Olabarri, Iñigo. (2000ko irailaren 30a). Betizu saioa aurkeztu die ETBk haurrei Kafe Antzokian. Euskaldunon Egunkaria, 45 or..
  6. ZuZeu Podcast. (2019). «[Barruan Gaude Euskal musikarien bidaia laguna - Ilaski Serrano • ZUZEU»] ZUZEU (Noiz kontsultatua: 2021-04-07).
  7. Urkizu, Urtzi. (2001eko irailaren 15a). Lau ordu egunean haurrentzat. Euskaldunon Egunkaria, 61 or..
  8. Erredakzioa. (2000ko abenduaren 9a). Euskal ikastetxeak aurrez aurre. Euskaldunon Egunkaria, 59 or..
  9. Urkizu, Urtzi. (2001eko azaroaren 22a). Betizu Klubaren gala Doverrekin. Euskaldunon Egunkaria, 53 or..
  10. Urkizu, Urtzi. (2002ko otsailaren 17a). Betimu gaztetxoentzako saioa berritua agertuko da bihartik aurrera. Euskaldunon Egunkaria, 53 or..
  11. Erredakzioa. (2000ko urriaren 20a). Betimu haurrak kantuan eta dantzan jartzen hasi da. Euskaldunon Egunkaria, 53 or..
  12. Urkizu, Urtzi. (2001eko abenduaren 30a). 2002. urteari ongietorria. Euskaldunon Egunkaria, 49 or..
  13. Erredakzioa. (2002ko ekainaren 8a). Bazkideentzak gozatu ederra. Euskaldunon Egunkaria, 61 or..
  14. Aitormenak. (2003ko azaroaren 16a). (pdf) "Ondo konponduten naz neure buruagaz". UK Aldizkaria, 54 or..
  15. Berria. «Gaurko saioarekin zortzi denboraldiko ibilbidea etengo du 'Mihiluze'-k» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  16. Garcia, Adrian. «Kukurrukurik ez irratian» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  17. «Korrikaren atzetik, Garestik Gasteiza, EiTBko hedabide guztiak» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-06-12).
  18. «ETBk udako programazioaren aurkezpena egin du» Euskal Irrati Telebista 2020-06-26 (Noiz kontsultatua: 2020-06-29).
  19. «Berben Lapikoa, Ilaski Serranoren elkarrizketak sortzaile eta kultur eragileei» Euskal Irrati Telebista 2020-05-13 (Noiz kontsultatua: 2020-06-12).
  20. «Zuzenekoen bost orduko eskaintza egunero eta fikzioaren aldeko apustua, ETB1en» Euskal Irrati Telebista 2020-09-03 (Noiz kontsultatua: 2020-09-07).
  21. «https://twitter.com/meriling1/status/1556567332985651205» Twitter (Noiz kontsultatua: 2022-08-09).
  22. Urkizu, Urtzi. «'Mihiluze' ETBra itzuliko da irailean» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-08-24).
  23. «Antton Telleriak aurkeztuko du "Mihiluze" lehiaketa Ilaski Serranorekin batera» EITB 2022-08-20 (Noiz kontsultatua: 2022-08-24).
  24. Gorraiz, Uxue Rey. «Antton Telleriak aurkeztuko du 'Mihiluze' Ilaski Serranorekin batera» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-08-24).
  25. «Arantxa Urretabizkaia gonbidatu, denboraldiko lehen "Arte[faktuan»] EITB 2022-09-16 (Noiz kontsultatua: 2022-09-16).
  26. (Gaztelaniaz) Elorriaga, Gerardo. (2023-08-15). ««Yo hago apología de la fiesta todo el rato»» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  27. Erredakzioa. «'Itzalen sua' liburu-DVDa kaleratu du Gaumin argitaletxeak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-15).
  28. «Bertsolariak, beste sortzaileekin parez pare» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-06-12).
  29. (Gaztelaniaz) «Los rostros más televisivos» El Correo 2012-09-07 (Noiz kontsultatua: 2020-06-12).
  30. «Berriaren aldeko 'Ziztada Jaia' bihar Amaia Antzokian - Debagoiena» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-12).
  31. «Euskararen Ginkanaren finalaurtarrilaren 25ean Donostian» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-06-12).
  32. «Euskaraz eta euskararekin gozatuz - Lasarte-oria» Txintxarri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-12).
  33. «Rikardo Arregi sariak, gaur arratsaldean, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-06-12).
  34. Eusko Jaurlaritza, Irekia. (2020ko otsaila). «Guadi Galego artista galiziarrak estatuko errealitate eleanitza sustatzeko saria jaso du» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-12).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]