Horizontal
Geometrian, fisikan, astronomian, geografian eta lotutako zientzietan, plano bat horizontala da puntu jakin batean, puntu horretan eremu grabitatorioaren gradientearekiko perpendikularra bada. Bestela esanda, itxurazko grabitateak puntu horretan berun haria planoarekiko perpendikularki esekitzea eragiten badu.
Hedaduraz, kontzeptu horizontala bertikalarekin batera erabiltzen da lerro eta kontzeptu erlazionatuak deskribatzeko, nahiz eta berez berun hariarekin edo nibelarekin bat ez etorri; axola duen bakarra da biek angelu zuzen bat osatzea. Hala, kontzeptu horiek edozein planotan erabiltzen dira beren artean perpendikularrak diren ibilbideak deskribatzeko, hala nola arkitekturan, ingeniaritza zibilean edo xakeko taularen kasuan.
Oro har, horizontala den zerbait marraz daiteke ezkerretik eskuinera (edo eskuinetik ezkerrera), koordenatu kartesiarren sistemaren abzisa-ardatza bezala.