Edukira joan

Fernando Elosu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fernando Elosu
Bizitza
JaiotzaBordele1875eko maiatzaren 28a
Herrialdea Lapurdi
HeriotzaBaiona1941eko abuztuaren 19a (66 urte)
Heriotza modua: pneumonia
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakmedikua
KidetzaGiza Eskubideen Liga

Fernando Elosu (Bordele, 1875eko maiatzaren 28a-Baiona, 1941eko abuztuaren 19a) ospe handiko idazle eta mediku anarkista izan zen.

Bere gurasoak Ernest Lafont kirurgilaria eta Baionako diputatu izanen zena eta Rosa Antonia Elosu (Etxalar, 1848) izan ziren.

Bere ama jostuna zen, bere ahizpa Maria Martina[1] bezala, eta biak Baiona Ttipiko Bourgneuf karrikako 36an bizi ziren[2]. Azken honen sortze agiriaren arabera, aita ezaguna ez zen seme bat izan zuen, Maurice izenekoa, 1919an Baionako kontseilari izanen zena “Liste Républicaine d'Action Economique et d'Union Sociale" zerrendarekin.

1900eko irailaren 13an, Fernando Elosu Félicie Peyroutetekin ezkondu zen[3] eta bi alaba izan zituzten Alduden mediku lanetan ari zelarik (han lauzpabost urtez aritu zen lanean, Jean Etxepare Bidegorri “mirikua” mediku eta idazleak 1905an ordezkatu zuen arte).

1901an Suzanne Rose Elosu sortu zen, hau ere mediku izanen zena eta Baionako lehen hautetsi emaztea, 1945an alderdi komunistarekin, emazteak ere hautetsi izateko eskubidea lortu zuten urtean (berriz ere hautetsi izan zen 1947 eta 1953an). Gainera Jean-Jacques Rousseauri buruzko tesia idatzi zuen (La Maladie de Jean-Jacques Rousseau, 1929), bere sintoma psikiatrikoak gernu-ugaltze sistemarekin erlazionatuz. Lauga eta ospitalearen arteko biribilgune bati bere izena eman zion Baionako udalak aho batez 2011an[4].

Bigarren alaba, Fernande Paule Elosu, 1904an sortu zen eta Paris aldean botikari lanetan ibili zen. 1992an “Mon père” izeneko bere aitari buruzko biografia labur bat idatzi zuen[5].

Rousseau eta Tolstoiren jarraitzaile handia izan zen, azken hau bere jatorrizko hizkuntzan irakurri ahal izateko errusiera ikasi zuen[6].

Bere emaztearekin batera, Libre Pensée eta Université Populaireko sortzaile eta militantea izan zen eta Ligue de Droits de l'Hommeko Baionako lehendakaria 1910ean.

Bi liburu idatzi zituen, lehena, jaiotza edo sortze kontrola aldarrikatzen zuen l'amour infécond (amodio agorra) eta zeinarengatik hamar egun preso izan zen Baionako Villa Chagrinen neo-malthusianismoz akusatuta. Elosuren bizitza ikertu duen Xipri Arbelbidek dioenez, “erraten zuen emazteak ez zirela haur egiteko mekanikak eta gizonek behar zutela kasu egin zer egiten zuten”[7]. Bigarren liburuak, le poison maudit izenekoa (pozoi madarikatua), alkoholismoaren gaia jorratzen du.

Hauteskundeetara hautagai gisa joateari behin baino gehiagotan uko egin bazion ere, hainbatetan hautagaitza sozialistei bere sostengua agertu zien.

1914ko uztailaren 30ean, Lehen Mundu Gerraren mobilizazio orokorrerako deia baino ordu batzuk lehenago, beste hiru kidekin batera (Cazade, Dupont eta Brion[8]) Baionako Askatasunaren enparantzan “Pakearen alde, Gerraren aurka. Herriari deia” (Pour la Paix! Contre la guerre! Appel au peuple[8]) izenburupeko idatzia banatzen ari zelarik arazoak izan zituen Baionako karriketara gerraren alde manifestatzera ateratako eta bera eta bere lagunak inguratu zituzten talde batekin; gauzak horrela, etxera joan behar izan zuen eta hara bertaratu ziren ondoren 400 lagun inguru bere kontrako oihuak botatzera[9].

Gerra Baionako ospitalean bigarren mailako erizain lanetan igaro zuen. Gerra amaituta, akiturik, landara erretiratu zen, harik eta 1924 urtean berriz Baionara mediku gisa lan egitera itzuli aitzin.

Etxean berriro eta osasun arazoak zirela medio, ekintza politiko aktibotik erretiratu zen eta bere aktibitatea hainbat aldizkari eta entziklopedia anarkistetan artikuluak idaztera mugatu zen. Baina hori bai, bere “errusiarzaletasunaren” ondorioz edo, SESBen lagunen elkarteko lehendakaria izateko eskaintza onartu zuen.

Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, 1940ko otsailaren 8an sei hilabetetako kartzela zigorra ezarri zioten eta kondena betetzera Gurseko kontzentrazio esparrura bidali zuten beste 800 euskaldunekin batera indésirable deklaratuta.

Bere biloba Jacqueline Braunen hitzetan, Elosuaren "krimena" gizakiaren eskubideen eta bakearen aldeko borrokan aritzea izan zen, Intsumitua izatea; garai desegoki batean, non Vichyko gobernu txotxongiloaren Pétain presidenteak 1940ko porrotaren aurrean bere burua zuritzea bilatzen zuen[10].

Gursen pneumonia bat hartu zuen, espetxe horretatik abuztuaren 7an atera zen eta ahulduta eta gaixorik, 1941ko abuztuaren 19an, hil zen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Etxalarren sortua 1852an
  2. Fernando Elosu mediku anarkista (Bordele 1875- Baiona 1941), Xipri Alberbide. Vasconia aldizkaria. Eusko Ikaskuntza, Donostia 2018 ISSN: 1136-6834, ISSN 2386-5539
  3. http://maitron-en-ligne.univ-paris1.fr/spip.php?article156538
  4. http://www.bayonne.fr/fileadmin/user_upload/imports/deliberations/20111020/Proces-verbal%2520de%2520la%2520s%25C3%25A9ance%2520du%252020%2520octobre%25202011.pdf&usg=AOvVaw044KbVp1qq_t8H03eiGhDO[Betiko hautsitako esteka]
  5. Hemen irakurgai: Fernando Elosu mediku anarkista (Bordale 1875- Baiona 1941), Xipri Alberbide. Vasconia aldizkaria. Eusko Ikaskuntza. Donostia 2018
  6. http://www.campgurs.com/media/1219/elosu-fernand-m%C3%A9decin-basque.pdf
  7. http://iparraldekohitza.eus/2017/06/09/elosu-baionako-mediku-anarkista/
  8. a b https://www.retours-vers-les-basses-pyrenees.fr/2016/10/jeudi-30-juillet-1914-bayonne.html
  9. http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/primera-guerra-mundial-en-euskal-herria/ar-104038-107128/
  10. “...cherchait des boucs émissaires à la défaite de 1940” ( http://www.campgurs.com/media/1219/elosu-fernand-m%C3%A9decin-basque.pdf)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Joseba Aurkenerena: Fernand Elosu, Baionako mediku anarkista. [1]