Eszipion Afrikarra
Eszipion Afrikarra | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
ezezaguna - ezezaguna
K.a. 205 - K.a. 205
| |||||||||||
Bizitza | |||||||||||
Jaiotza | Antzinako Erroma, K.a. 235 | ||||||||||
Herrialdea | Antzinako Erroma | ||||||||||
Heriotza | Liternum (en) , K.a. 183 (51/52 urte) | ||||||||||
Familia | |||||||||||
Aita | Publio Kornelio Eszipion | ||||||||||
Ama | Pomponia | ||||||||||
Ezkontidea(k) | Emilia Tertzia | ||||||||||
Seme-alabak | |||||||||||
Haurrideak | |||||||||||
Leinua | Cornelius Scipio | ||||||||||
Hezkuntza | |||||||||||
Hizkuntzak | latina greziera | ||||||||||
Jarduerak | |||||||||||
Jarduerak | Antzinako Erromako politikaria eta Antzinako Erromako militarra | ||||||||||
Zerbitzu militarra | |||||||||||
Parte hartutako gatazkak | Bigarren Gerra Punikoa Roman–Seleucid War (en) |
Publio Kornelio Eszipion Afrikarra[1][2] (latinez: Publius Cornelius Scipio Africanus Major; Erroma, K.a. 235 – Liternum, K.a. 183) jeneral erromatarra izan zen. Kartagoko Hanibal garaitu zuen Bigarren Gerra Punikoan. Honi esker Africanus edo Afrikarra goitizena irabazi zuen.
Erromako militar handienetakoa izan zen, agian Julio Zesarren mailakoa. Ez zuen sekula santan bataila bat ere galdu. Estrategian abila, soldaduei konfiantza ematen zien. Izan ere, Jainkoen laguntza jasotzen zuela uste zen. Baliteke Eszipionek berak hala sinistea. Hanibalen esanetan, Eszipion garaitu izan balu, Historiako jeneral handienen artean (Alexandro Handia eta Epiroko Pirro) kokatuko zuen bere burua. Horretaz gain, Eszipion kultura handiko hizlaria izan zen. Grezieraz hitz egiteko eta irakurtzeko gai zen.
Iturriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Polibio historiagile greziarraren Historiak bilduman aurkitzen dira Eszipion Afrikarraren inguruko aipamen zaharrenak. Eszipion Emiliano ilobaren sekitoaren parte zen eta Eszipion Afrikarraren alargunarekin, alabekin, suhiarekin, koinatuarekin eta Cayo Lelio lagunarekin harreman handia zuen. Polibiok Eszipion Afrikarraren biografia egin zuen, haren ibilbide militarraren hasieratik (K.a. 218) epaiketaraino (K.a. 180).
Tito Livio historialari erromatarrak Ab Urbe condita liburuan Erromaren historia kontatzen du eta Eszipionen biografiak zati garrantzitsua hartzen du.
Eszipion Afrikarraren pasadizoak kontatzen dituzten beste historialari batzuk, Valerio Maximo (K.a. I. mendea), Apiano greziarra (K.o. II. mendea) eta Aurelio Victor (K.o. IV. mendea) dira.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hastapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Publio Kornelio Eszipion K.a. 236. urtean jaio zen Erroman. Aita Publio Kornelio Eszipion zen eta ama Pomponia[3]. Kornelio Eszipion patrizio familia garrantzitsuenetakoa zen, familian kontsul eta zensor ugari izanak baitziren. Aita kontsula izan zen 218. urtean, aurrez Gneo osaba izan zen kontsula 222. urtean, eta Pomponia amaren bi anai ere kontsulak izanak ziren 233 eta 231. urteetan[3].
Bigarren Gerra Punikoa K.a. 218. urtean hasi zen, Erromak Hanibali Hispaniako Saguntumetik ateratzeko ultimatuma eman eta hark uko egin zuenean. Hanibalek Italia konkistatzeari ekin zion eta aita kontsulak eta Eszipion semeak aurre egin zioten Ticinus ibaiean, gaur egungo Pavia hiriaren inguruan[4].
Bi urte beranduago Eszipionek tribuno militar gisan Cannaeko guduan borrokatu zuen eta emaitza desastrea izan bazuen ere bizirik atera zen. 213an curule aedile aukeratu zuten eta Marcus Cornelius Cethegus lehengusuaren zerbitzari bihurtu zen[5].
Hispaniako kanpaina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K.a. 211. urtean Publio Kornelio Eszipion aita eta Gneo Kornelio Eszipion Burusoila osaba ziren Hispanian erromatarren legioen gidari. Bigarren Gerra Punikoak zeramatzan zazpi urteetan anai biek lortu zuten erromatarrek kartagotarren lurralde zabalak eskuratzea. 211n anai biek indarrak bitan zatitu zituzten Kartagotarren hiru armada bereiziri erasotzeko eta erromatarrek porrot handia jasan zuten[4].
Senatuak Eszipion semeari eman zioten orduan Hispaniako armaden agintea, prokontsul izendatuz. Iberiar penintsularen ipar-ekialdea defenditzeko agindua eman zioten arren Eszipionek Carthago Nova setiatzea erabaki zuen K.a. 209. urtean. Kartagotarren armadak penintsulan sakabanaturik zeudenez ez ziren garaiz iritsi eta Eszipionek hiria setiatu ondoren hiru aldetatik batera erasotu eta kartagotarren hiri nagusia eskuratu zuen. Hiria ez harpilatzeko eta biztanleak ez hiltzeko agindua eman zuen orduan eta Eszipionen inguruko kondaira sortzen hasi zen orduan[4]. Historiagileen ustetan Carthago Novaren konkistak Bigarren Gerra Punikoa erromatarren alde bideratu zuen, kartagotarrek Hispanian zuten hiri eta portu garrantzitsuena galdu baitzuten eta bestalde erromatarrek inguruko herri iberiarren leialtasuna eskuratu baitzuten[6].
K.a. 208an Eszipionen agindupeko armadak Hasdrubalen kartagotarren aurka borrokatu zuen Baeculako guduan eta erromatarrak garaile atera baziren ere Hasdrubalek ihes egitea lortu zuen eta Pirinioak zeharkatu ondoren Italiarantz jo zuen Anibal anaiarekin bat egin nahian, baina bi kontsulen ejerzitoak bidera atera eta Metauroko guduan kartagotarrak garaitu eta Hasdrubal hil egin zuten[4].
K.a. 206an Eszipionek Guadalquivirreko sakonunea konkistatu zuen, erromatarrek Baetis deitzen zutena, eta urte berean Hispanian azken gudu bat egingo zuen kartagotarren aurka, Ilipako gudua. Eszipion berriz garaile izan zen eta kartagotarren ejerzitoa erabat suntsiturik gelditu zen. Horren ondoren kartagotarren Hispaniako hiriak bata bestearen ondoren erori ziren. Hispalisetik (gaur egungo Sevilla) gertu Italica hiria sortu zuen, gerora errmoatar enperadore batzuen jaioterria izango zena[7].
Hispania erabat kontrolpean zuelarik Erromara itzuli zen. Ez zuen garaipenaren omenaldirik izan ordea[5].
Afrikako kanpaina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K.a. 205. urtean kontsul izendatua izan zen erabateko onarpenez, kargu horretarako gazteegia izan arren. 31 urte zituen[8]. Afrika esleitu ziezaioten eskatu zion Senatuari, bestela karguari uko egingo ziola mehatxatuz. Fabio Maximo princepsak aurka egin bazuen ere Senatuak men egin eta Sizilia zeharkatzeko baimena eman zion Afrikara iristeko[9]. Ez zioten ordea soldadu gehigarririk eman eta bolondresen ejerzito bat osatu zuen, Italian haren alde zituen 7.000 gizon eta 30 gerraontzi hain zuzen ere, Tito Livioren esanetan. Bere kontsul denboraren gehiengoa Sizilian pasa zuen Afrikako inbasioaren prestaketatan. Urte hartan Locri hiria bereganatu zuen eta Pleminius utzi zuen bertako agintari. Hark ordea hiriko tenplua harpilatu eta bi tribuno militar torturatu eta hil zituen eta atxilotua izan zen. Eszipion bera ere nahasturik ote zegoen esan zen baina hurrengo urtean auzi horretatik libre utzi zuten[8]. Eszipionen imperiuma (kontsulaldia) Afrikako gerra amaitu artean luzatu zuten.
Afrikara salto egin eta Utika hiria setiatu zuen, neguan kartagotarrekin negoziatzeko helburuaz[5]. Negoziaketak egiten ari ziren bitartean etsaien kanpalekuen mapa osatu zuen eta gau batez erasotu eta etsaien kopuru handi bat hil zuen[4]. Lautada Handietako guduan egin zuten borroka bi armada handiek eta Numidiako Sifax errege boteretsua harrapatu ondoren Eszipionek Masinisa ezarri zuen errege. Masinisa Numidiako erregea izana zen eta kartagotarren alde Eszipionen aurka borrokan aritu zen Hispanian, baina galtzaile atera zen eta Eszipionen aliatu bihurtu zen.
Kartagotarrek Hanibal eta Mago generalak bildu eta Eszipionen armadari eraso zioten Utika inguruko uretan borrokatzera behartu zuten, baina Eszipionek ontzi gutxi galdu zituen eta bake negoziazioak behartu zituen. Kartagotarrek onartu zuten Mediterraneo itsasoertzean zituzten lurrei uko egitea, Masinisaren erresuma onartzea eta gerra indemnizazio bat ordaintzea.
K.a. 202an Eszipionek azken eraso bat jo zuen eta erromatarrek Kartago konkistatu zuten. Masinisak 4000 zaldun eta 6000 infante eman zizkion Zamako guduan Hanibali aurre egiten laguntzeko. Masinisaren zalditeria erabakiorra izan zenez Masinisa bera bihurtu zen Kartagoko errege[10].
Erromara itzuli zenean garaipen omenaldi handi bat egin zioten Hanibal, Kartago eta Sifax garaitzeagatik eta ordutik aurrera "Afrikarra" ezizenaz ezagutuko zen Eszipion[5]. Zilarrezko 123.000 libra ekarri zizkion Erromako Altxrrari eta 400 as eman zizkion soldadu bakoitzari[11]. Herri xeheak ere mirestu egiten zuen Eszipion eta arrakasta politiko handia izan zuen. Horren ondorioz erromatar aristokrazian bekaizkeriaz etsai asko pilatu zituen.
Princeps Senatus
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromara itzuli zenean Senatuko partaide bihurtu zen, 35 urte baino ez zituen arren. K.a. 199. urtean erromatar zentsore bihurtu zen Publius Aelius Paetusekin batera; hiritarren eta haien ondasunen errolda egiteko arduradun nagusia zen, bost urtez behin aukeratzen zena. Lan horretan ez zuen ekintza aipagarririk izan, baina aldi berean princeps senatus aukeratu zuten, senatarien artean kargu handiena zen. Hamar urte egin zituen postu horretan[5].
K.a. 194. urtean bigarren aldiz aukeratu zuten kontsul. Errepublika alde askotatik mehatxaturik zegoen garaia izan zen. Grezian eta Egeo itsasoan Antioko III.a Handia seleuzidaren mehatxupean zeuden[12], Italia iparraldean liguriarrek eraso ugari egin zituzten[5], Afrikan kartagotarrek Masinisa erasotzen zuten[12]...
Asiako kanpaina eta eszipiondarren aurkako salaketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K.a. 190. urtean Eszipion Afrikarraren anaia, Luzio Kornelio Eszipion, eta Kaio Lelio kontsul aukeratu zituzten eta Asia Txikira jo zuten Antioko III.aren aurka egiteko. Eszipion Afrikarra aholkulari gisa joan zen haiekin, nahiz eta historialari ugarik dioten erasoa planifikatzera joan zela[5]. Erromatarrek eta Pergamo hiriko aliatuek Magnesiako guduan Antioko III:a erraz garaitu zuten[13]. Diotenez Antiokok ez zituen Hanibalen aholkuak kontutan hartu, atzerriko jeneral bat zelako mespretxatuz. Garaipena Luziori Korneliori esleitu zitzaion eta ordutik Asiarra ezizena izan zuen[14].
Anaiak Erromara itzuli zirenean Antiokoren sobornoa jaso izanaz salatu zituzten, errege galtzaileari zigor txikia eman ziotela argudiatuta, bai eta Antiokok Erromari emandako ordainaren zati batez jabetu izanaz ere. Eszipion Afrikarrak kontu liburuak hartu eta hala adierazi zuen senatarien aurrean: "Nola egon daiteke senatua 3.000 talenturengatik kezkatuta, Eszipion berak Erromako Altxorrari 15.000 talentu eman dizkionean Hispania, Afrika eta Asia konkistatu ondoren"[15].
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eszipiondarren etsaiek salaketa gehiago jarri zituzten eta Eszipion Afrikarrak Erroma utzi eta Liternumgo etxaldera joatea erabaki zuen. Han pasa zituen bizitzako azken urteak eta memoriak idatzi zituen. Hiltzerakoan bertan hilobira zezaten eskatu zuen eta ez eskertxarreko Erroman. Bere nahia bete zen eta Tito Livioren garaian oraindik existitzen zen Eszipion Afrikarraren hilobia.
Heriotzaren urtea ez da zehazki ezagutzen. Polibiok eta Rutiliok diote K.a. 183an izan zela, Hanibal hil zen urte berean, Tito Liviok eta Zizeronek K.a. 185ean hil zela diote eta Valerius Antiasek K.a. 187an. Dirudienez Polibiok dioena izan liteke benetako heriotza urtea[12].
Ezkontza eta ondorengoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Emilia Tertziarekin ezkondu zen. Luzio Emilio Paulo jeneral erromatarraren alaba zen, Cannaeko guduan hil zutena, eta K.a. 182 eta 168an kontsul izandako Luzio Emilio Paulo Mazedoniko jeneralaren arreba[16]. Emakume patrizio ezkondu batentzat ezohikoa zen askatasun eta aberastasuna izan zuen eta emakumezko erromatar askorentzako erreferentzia bihurtu zen[17].
Hiru seme eta bi alaba izan zituen. Semeak honako hauek izan ziren:
- Gneo Kornelio Eszipion, K.a. 177an pretore bihurtu zen.
- Luzio Kornelio Eszipion, K.a. 174an pretore bihurtu zen.
- Publio Kornelio Eszipion, K.a. 180an augur bihurtu zen[3].
Alaba biek Kornelia izena izan zuten. Kornelia nagusia Publio Kornelio Eszipion Nasika Korkulum politikariarekin ezkondu zen eta Kornelia Afrikarra (gaztea) Tiberio Sempronio Grako kontsularekin. Azken hauek bi seme eta alaba izan zuten, Tiberio Grako, Senpronia eta Gaio Grako, hirurak ere influentzia handiko pertsonak izan ziren Erromako politikagintzan.
Aipaturiko Eszipionen hiru semeetatik inork ez zuen ondorengorik izan. Publio Kornelio Eszipionek Mazedonia konkistatu zuen Luzio Emilio Paulo Mazedonikoa jeneralaren semea adoptatu zuen eta Eszipion Emiliano izena eman zion[3]. Eszipion Emiliano Senproniarekin ezkondu zen, Eszipion Afrikarraren bilobarekin hain zuzen ere[3].
Eszipion Emilianok Eszipion Afrikarraren abilezia erakutsi zuen eta Numantziaren setioarekin Hispania konkistatu zuen eta Kartago hiria behin betiko suntsitu zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. Latin eta greziar pertsona-izen klasikoak.... .
- ↑ ↑ Cornelio Scipio familia oso garrantzitsua izan zen Erromen historian eta estatu-gizon famatu ugari eman zituen. Horregatik, eta erromatar nobleziaren izen-sistemak eragiten duen errepikakortasun maila dela eta, ohikoa da familia honetako pertsonai ezberdinak nahastea. Gauzak argitze aldera, Publio Kornelio Eszipion artikuluan dagoen Stamboom Cornelius Scipio-ren familia-zuhaitza begiratzea gomendatzen dugu.
- ↑ a b c d e Zmeskal, Klaus. (2009). Adfinitas. Vol. 1. Passau: Verlag Karl Stutz ISBN 978-3-88849-304-1..
- ↑ a b c d e Briscoe, John. (1989). The Second Punic War. CAH2 8, 44-80 or..
- ↑ a b c d e f g Broughton, Thomas Robert Shannon. (1951). The magistrates of the Roman republic, Vol.1.. New York: American Philological Association.
- ↑ Baker, Gabriel David. (2021). Spare no one: mass violence in Roman warfare. War and Society. Lanham: Rowman & Littlefield, 118–120 or. ISBN 978-1-5381-1221-2..
- ↑ Canto, Alicia M.. (2004-01-01). «Itálica, sedes natalis de Adriano. 31 textos históricos y argumentos para una secular polémica (2004)» Athenaeum (Pavia) (Noiz kontsultatua: 2024-05-02).
- ↑ a b (Ingelesez) Goldsworthy, Adrian. (2016-02-23). In the Name of Rome: The Men Who Won the Roman Empire. Yale University Press ISBN 978-0-300-22183-1. (Noiz kontsultatua: 2024-05-02).
- ↑ (Ingelesez) Drogula, Fred K.. (2015-04-13). Commanders and Command in the Roman Republic and Early Empire. UNC Press Books ISBN 978-1-4696-2127-2. (Noiz kontsultatua: 2024-05-02).
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ (Ingelesez) Gruen, Erich S.. (1995-01-01). «The “Fall” of the Scipios» Leaders and Masses in the Roman World (Brill): 59–90. ISBN 978-90-04-32944-7. (Noiz kontsultatua: 2024-05-02).
- ↑ a b c (Ingelesez) Briscoe, John. (2016-03-07). «Cornelius Scipio Africanus, Publius, 'the elder'» Oxford Research Encyclopedia of Classics doi: . ISBN 978-0-19-938113-5. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
- ↑ Errington, R M.. (1989). Rome against Philip and Antiochus. CAH2 8, 244–289 or..
- ↑ (Ingelesez) Briscoe, John. (2016-03-07). «Cornelius Scipio Asiagenes, Lucius» Oxford Research Encyclopedia of Classics doi: . ISBN 978-0-19-938113-5. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
- ↑ (Ingelesez) Gruen, Erich S.. (1995-01-01). «The “Fall” of the Scipios» Leaders and Masses in the Roman World (Brill): 59–90. ISBN 978-90-04-32944-7. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
- ↑ (Ingelesez) H.H. Scullard. (1970). «Scipio Africanus: Soldier and Politician» Goodreads (Thames and Hudson, Londres): 196. (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
- ↑ (Ingelesez) Hillard, T. W.. (2001-11). «Popilia and laudationes funebres for women» Antichthon 35: 45–63. doi: . ISSN 0066-4774. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).