Carlos Surinach
Carlos Surinach | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bartzelona, 1915eko martxoaren 4a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak Espainia |
Heriotza | New Haven, 1997ko azaroaren 12a (82 urte) |
Familia | |
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Conservatori Superior de Música del Liceu (en) |
Hizkuntzak | gaztelania katalana |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea, musikologoa eta orkestra zuzendaria |
Genero artistikoa | opera |
|
Carles Suriñach i Wrokona (Bartzelona, 1915eko martxoaren 4a - New Haven, Connecticut, 1997ko azaroaren 12a) estatubatuar musikaria izan zen, jatorria katalana.
Bartzelonako Udal Kontserbatorioan lehenbizi, eta Alemaniako zenbait erakundetan gero, egin zituen ikasketak. 1944an Bartzelonako Filarmonikoko eta Lizeoko Antzokiko zuzendari izendatu zuten. Parisen egonaldi laburra egin ondoren, Estatu Batuetara joan zen, eta hango herritartasuna hartu zuen. Konposizioko eskolak eman zituen Carnegie-Mello Unibertsitatean (Pittsburg), eta Queens Collegen (New York). Mundu osoan egin zen ezagun, balleterako idazten zituen partiturengatik: Embattled garden (1958, Jardin setiatua); Acrobats of God (1960, Jainkoaren akrobatak); Symphonic variations (1962, Aldaketa sinfonikoak); Chronique (1974, Kronika); The owl and the pussycat (1978, Hontza eta katua); The eyes of the goddess (1978, Jainkosaren begiak). Baina dantzarako musika ez ezik, orkestra, abesbatza, ganbera-talde eta abarretarako ere idatzi zuen. Espainiako herri-tradizioan, flamenkoan, batez ere, oinarritutako musika egin zuen gehienbat, eta Albéniz, Granados eta Fallaren ondorengotzat hartu zuten. Albénizen ondorengoek berek Iberia maisulanaren orkestrarako bertsioa egiteko eskatu zioten. Gainera, ganbera-musikarako zenbait obra moldatu zituen, XVIII eta XIX. mendeetako espainiar dantzetan oinarrituta. Garrantzizko beste lan batzuk: Sinfonetta flamenca (1953, orkestrarako); Fandango (1954, orkestrarako); Concertino (1956, piano, hari eta zinbaletarako); David and Batha-Sheba balleta (1960). 1963an Cantata of St. John idatzi zuen CBS telebista-katearentzat.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.