Edukira joan

B linfozito

Wikipedia, Entziklopedia askea
B linfozito
Xehetasunak
Identifikadoreak
MeSHA11.118.637.555.567.562, A15.145.229.637.555.567.562, A15.382.032.438 eta A15.382.490.555.567.562 A11.063.438, A11.118.637.555.567.562, A15.145.229.637.555.567.562, A15.382.032.438 eta A15.382.490.555.567.562
FMA62869
Terminologia anatomikoa

B linfozitoa linfozito mota bat da, erantzun immune humoralaren arduraduna.[1]. Erantzun immune humoralaren elementu garrantzitsuenak antigorputzak dira. B linfozitoen eginkizun nagusia, beraz, antigeno arrotzen aurkako antigorputzen sorrera da.

B linfozitoak linfozito guztien %5-15 dira [2]. Hezur-muinean sortzen dira, eta T linfozitoen aldean (timoan heltzen direnak), B linfozitoen heltze-prozesua hezur-muinean bertan burutzen da gizakia eta ugaztun guztietan (hegaztietan ez). Heldu ondoren, linfaren bidez organo linfoide sekundarioetara pasatzen dira (gongoil linfatikoak, amigdalak, Peyer-en plakak...), non topo egingo duten antigenoekin eta horren ondorioz aktibatuko diren (zelula plasmatiko bihurtuko dira eta antigorputzak sortuko dituzte).

Milioika B linfozito mota daude gorputzean, klonak deritzenak. B linfozito bakoitzak antigorputz mota bakarra sortuko du. Hezur-muinean sortu eta heldu ondoren, eta antigenoekin harremana izan aurretik, B linfozitoek proteina batzuk garatzen dituzte euren mintzetan [3], B zelulen errezeptoreak izenekoak, antigenoekin kontaktua egingo dutenak (gero ikusiko dugunez, antigeno zehatz batek B linfozitoen klon zehatz bat aktibatuko du, eta modu horretan horrek antigeno horren aurkako antigorputzak ekoiztuko ditu.)

Immunitate humoralaren prozesu orokorra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Beheko irudia aztertuko dugu: B linfozitoen hiru klon daude, bakoitzak bere azaleko proteinekin (4); antigeno arrotz batek (5) klon horietako bat aukeratzen du (bere egiturarekin hobekien akoplatzen diren proteinak dituena); klon hori aktibatzen da eta linfozito horiek ugalduko dira (6), zelula plasmatikoak eta antigorputzak sortuz

B linfozitoek erabateko heldutasuna lortzen dute antigeno batekin topo egiten dutenean. Orduan aktibatzen baitira.

Mikrobio bat gorputzean sartzen denean, makrofagoek edo zelula dendritikoek mikrobioa fagozitatzen dute, eta gero mikrobio horren antigenoak azalaratzen dituzte eta Th linfozitoei aurkezten dizkiete. Th linfozito horiek, era berean, B linfozitoak aktibatzen dituzte (askatzen dituzten zitokinen bidez).

B linfozito eta antigeno arrotzaren arteko kontaktua organo linfoide sekundarioetan gertatzen da.

Gorputzean B linfozito mota asko daude, milioika, klonak deritzenak; klon bakoitzak antigorputz bat sortuko du.[4] Antigeno arrotzarekin topo egin aurretik, B linfozitoen klon bakoitzak proteina batzuk ditu zelula mintzean. Proteina horiek (B zelulen errezeptoreek) antigorputzak sortuko dituzte gero.

Makrofagoen eta Th zelulen bidez antigenoekin kontaktua egin eta gero, B linfozitoen klon bat aktibatuko da, antigeno horrekin hobekien akoplatzen diren proteinak dituena, hain zuzen ere. Klon hori aktibatzen denean linfozitoak azkar ugaltzen dira (ikus irudia), eta gero zelula plasmatikoak bihurtu, antigorputzak sortuko dituztenak B linfozitoen hasierako proteinetatik.

Labur esateko, antigeno arrotz batek B linfozitoen klon zehatz bat aktibatuko du, antigeno horren aurka antigorputz espezifikoak sortuko dituen klona.

Immunitate humoralaren prozesu zehaztua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Funtsean, B linfozitoak aktibatzeko funtsezko bi gertaera gertatu behar dira:

  • Antigeno arrotzak kontaktua eduki behar du B linfozitoen klon batekin. Horretarako, beharrezkoa da antigenoa eta B linfozitoak azalean dituen proteinak osagarriak izatea.
  • Th linfozitoen klon batek antigenoa hori ere ezagutzen du (makrofagoek edo beste zelula-aurkezleek antigeno hori aurkezten diete Th linfozitoei), eta antigeno horretarako zitokinak askatzen ditu. Zitokina horiek antigeno arrotzarekin kontaktua egin duen B linfozitoen klona aktibatzen dute.
  • B linfozitoek zelula plasmatiko bihurtzen dira eta hauek antigeno horren aurkako milaka antigorputz sortuko ditu, eta oso azkar sortu ere (30.000 molekula segunduko sor ditzake) [5]

Oroimenezko B linfozitoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

B linfozitoen klon bat aktibatzen denean (antigorputzak sortzeko) zelulek eraldaketa bat dute eta bizitza laburreko zelula plasmatiko bihurtzen dira, infekzioari aurre egiteko antigorputzak sortuko dituztenak.

Baina horrez gain, B linfozito aktibatuek oroimenezko B linfozitoak ere sortzen dituzte, bizitza luzekoak, organismoan urte asko iraungo dutenak (infekzioa desagertu ondoren). Oroimenezko zelula horiek hasierako antigenoa ezagutuko dute berriz berarekin topo egiten badute.

Babes handiko zelulak dira horrenbestez oroimenezko zelula horiek, antigeno batekin bigarren aldiz kontaktua egiten badute erantzun immunologiko azkarra eta indartsua emango dutelako, erantzun immunitario sekundario deritzona [6] [7]

Kontuan hartu behar da mikrobio inbaditzaile batek lehenengo aldiz infektatzen duenean immunitate-sistemak aste bat edo gehiago behar dituela antigorputz egokiak sortzeko. Baina oroimen immunologikoari esker, bigarren aldiz infektatzen baldin badu (hilabete edo urte batzuk geroago) oroimen zelulek erantzun oso azkarra emango dute eta antigorputzak denbora gutxian sortuak izango dira. Erantzun azkar horrek mikrobio patogenoak neutralizatzen ditu gaixotasun infekziosoa agertu aurretik. Horrenbestez, elgorria, barizela, errubeola, kukutxeztula edo baztanga bezalako gaixotasun infekziosoak behin bakarrik harrapatu daitezke.

Urte luzeak bizi daitezke B linfozito berezi hauek. Txertoen erabilerak, hain zuzen ere, oroimenezko B linfozito horien sorrera bilatzen du.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Ingraham, J. eta Ingraham, C.: Introducción a la Microbiología vol. II, Ed. Reverté (1998), 400 orr. ISBN: 84-291-1871-3
  2. Parham, Peter (2016ko uztaila). Inmunología. Editorial El Manual Moderno. ISBN 9786074485608
  3. Aldaba, J., López P., Pascual, MM., Urzelai, A: Biología 2. Batxilergoa, Elkar (2006), 369 orr. ISBN: 84-783-222-1
  4. Aldaba, J., López P., Pascual, MM., Urzelai, A: Biología 2. Batxilergoa, Elkar (2006), 369-371 orr. ISBN: 84-783-222-1
  5. Aldaba, J., López P., Pascual, MM., Urzelai, A: Biología 2. Batxilergoa, Elkar (2006), 371 orr. ISBN: 84-783-222-1
  6. Berkow, Roberts (2008). «16». Manual Merck: Home edition (2da. edición). Océano. 842 orr. ISBN: 84-494-1184-X
  7. Crotty, Shane, et al. "Cutting edge: long-term B cell memory in humans after smallpox vaccination." The Journal of Immunology 171.10 (2003): 4969-4973

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]