Edukira joan

Angelu (Lapurdi)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Angelu
 Lapurdi, Euskal Herria
VVF-eko hondartza Angelun eta Miarritzeko itsasargia.


Armarria


Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Lapurdi
Administrazioa
Estatua Frantzia
Eskualdea Akitania Berria
Departamendua Pirinio Atlantikoak
ElkargoaEuskal Hirigune Elkargoa
BarrutiaBaiona
Izen ofiziala  Anglet
AuzapezaClaude Olive (LR)
Posta kodea64600
INSEE kodea64024
Herritarraangeluar
Geografia
Azalera26,93 km²
Garaiera0-76 metro
Distantzia5 km (Baionatik)
Demografia
Biztanleria39.604 (2018:  843)
alt_left 20.865 (%50,7) (%43,9) 18.064 alt_right
Dentsitatea1.455,03 biztanle/km²
Zahartzea[1]% 12,2
Ugalkortasuna[1]‰ 42,56
Ekonomia
Jarduera[1]% 72,02 (2011)
Desberdintasuna[1]% 4,51 (2011)
Langabezia[1]% 7,91 (2013)
Euskara
Euskaldunak% 8,1 (2010)
Erabilera% 0,37 (2011)
Datu gehigarriak
Webguneahttp://www.ville-anglet.fr/

Angelu (ofizialki: Anglet) Lapurdiko bigarren udalerri handiena da, Baiona lehena izanik, eta hauek biek Biarritzekin batera BAM izeneko metropolitar gunea osatzen dute, Ipar Euskal Herriko populatuena eta Euskal Herri osoko bortzgarrena.

Herriaren euskal izena Angelu (aŋɡelu) da; eta frantsesez nahiz gaskoiez, Anglet (frantsesez ɑ̃ɡlet eta gaskoiz aŋˈɡlet ahoskatua).

Angelu toponimoak[2] itxura hauek izan ditu idatzizkoan:

Litekeena da izena latinezko angulus hitzetik erakarria izatea, euskaraz: izkina itxurako lekua, Bénédicte Boyrie-Féniék baieztatu duenez.[5] Koldo Mitxelenak, antzeko bidetik jotzen du, baina latinezko angellus hitza hartzen du oinarritzat (forma horren txikigarria omen da angulus), eta Ibarrangelu jatorri berdineko hitza da haren ustez.[6]

Larramendik euskarazko angelu hitzaz dio "sakan" edo "sakonune" esan nahi duela.[6] Goienetxeren iritziz, berriz, latinetik sortutako Angelu leku eta herri izenak "ondarreta" du euskal ordaintzat, hondartza bat, alegia.[7]

Baiona eta Biarritz ezagunen artean ezkutuan gera daiteke Angelu. Bi udalerri horiek alboan dituela, zaila da mugak zehaztea. Izan ere, BAB hirigune sendoa da, eta Lapurdiko biztanleen erdia baino gehiago hortxe bizi da. Baina Angeluk 26,5 km2 ditu; hortaz, zabalagoa da Baiona baino, eta Biarritzen azaleraren bikoitza du. Gainera, Angeluren itsasertza luzeagoa da haiena baino: Atturri ibaiaren bokalean hasten da Angeluko hondartza eta San Martin lurmuturreraino iristen da, Biarritzeko itsasargia dagoen lekuraino, hain zuzen.

Angeluren aireko ikuspegia.

Angeluko geografia askotarikoa da: iparral­deko itsasaldetik hasi eta nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritutako barrual­deko lurral­deetaraino, Arrangoitze eta Basusarri udalerrien mugan. Angelu, garai batean, baso hostotsua izan zen, gero, pixkanaka, baso hura desagertu da, zuhaizti batzuk irauten badute ere. Ontzioletara eramandako egurrak eragin handia izan du pobretze‑prozesu horretan. Angeluko ia itsasertz guztia hondartza da, zertxobait hautsia, itsaso zabaleko olatuen erasoa pairatzen duena. Atzeal­dean, berriz, dunak dauzka. 7 km‑ko hondartza hori kai‑mutur artifizial batzuen bidez banatuta dago. Hondartza‑zati bakoitzak izena, sarbidea (dunen artean), aparkalekua, eta bainu‑zerbitzuak ditu. Hondartzen izenak hauek dira: Cavaliers, Xiberta, L’Océan, Sables‑D’Or, Madrague, Marinela, Kortsarioak, Petit Chambre d’Amour eta Chambre d’Amour. Azken hondartza horrek San Martin lurmuturrarekin bat egiten du, bihurgune bat eratuz. Angeluren mendebal­deko muturrean geratzen da, eta, ziur asko, bitxiena da. Chambre d’Amour esaten diote, behin batean ezusteko itsas kolpe batek bikote maitemindu bat eraman baitzuen, hondartzan besarkaturik zeudela, itsasoari begira.

Notre-Dame du Refuge

Pierre de Lancrek, Inkisizioko epaile ankerrak, eskuetako hatzak ere sorgin bihurtzen zitzaizkionak, 1609an ez zituen begi onez ikusten hondartza horretara joaten ziren bainu‑hartzaileak... Gaur egun, familientzako oporretarako gunea da, maien arkitektura inspirazio‑iturri duena, eta estatuaren eskuetan dago.

Angeluko hondartzarik ezagunena Xiberta da, dunetan eraikitako turismo‑gunea, itsasertzetik ehun bat metrora. Hotel erosoak eskaintzen ditu, eta igerilekuak, tenis, 18 zuloko golf‑zelaia, patinatzeko pista, eta Xibertako aintzira lasaitzailea, ur gazia duena, guzti‑guztia pinuz inguratua. Errepidearen, hondartzaren eta Atturri ibaiaren bokalearen artean daude hipodromoa, uso‑tiroa eta Bokale ain­tzira txikia. Pinu asko harean erroturik, bizitza bakarreko etxe xumeek, etxe dotoreek, eta Xiberta eta Chambre d’Amour paseatzeko leku zoragarriek osatzen dute , biak ere moda‑modakoak, XIX. mende ludikoan jet society eta abar etortzen hasi zirenetik. Bost bideen el­kargunetik (horregatik esaten diote Cinq Cantons) hirigunera sartuko gara eta San Leon eliza aurkituko dugu, XVI. mendekoa; haren ondoan hilerri zaindua, eta udaletxe modernoa, Andaluziako estiloko patioa duena, eta parke publiko bikaina, eskultura batzuekin apaindua.

N‑10 errepidea zeharkatzea nahikoa da Parmako aireportura iristeko, eta haren zati handi bat Angeluko lurretan dago. Kilometro bat egin aurretik Brindos ain­tzira aurkituko dugu, eta haren uretan islaturik Brindos gaztelua. Ingurua ederra da eta gazteluko gela atseginak jatetxe ospetsu bihurtu dira. Baiona‑Angelu‑Biarritz el­karlotuta daude BAB bulebarraren bidez. Sarbide azkarra eta oso erabilia da hainbat lekutara iristeko: auzo jendetsuetara, hipermerkatuetara eta Atturri ibaian dagoen portura (Baionari dagokion atalean deskribatu dugu portua).

Ingurune naturala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Angeluko basoa»
Angeluko basoa, Xibertako aintzira eta Atturri ibaiaren bokalaren aireko ikuspegia.

Udalerriaren %10 pinudiz beteta dago, batez ere Pignada, Lazaret eta Xiberta auzoetan. Eremu oso laua da, mendirik ez duena.

Angeluk 4,5 kilometroko kostaldea eta 11 hondartza ditu, iparraldetik hegoaldera hauexek dira:

Euskal Herriko kostaldea eta Landetako Côte d'Argent arteko muga Amodio Ganbera izeneko haitzulo angeluarrak sortzen du.

Aturrik Bizkaiko golkoan duen bokalean Angelu ezkerraldean eta Tarnose eskuinaldean daude[8].

Gainera Aturriko ibaiadarrak diren Maharin eta Esboucdes errekek udalerria zeharkatzen dute. Azkenik, Petaburu errekak, Harrieta errekaren ibaiadarra dena, Angelutik ere pasatzen da.

Udalerriak hiru aintzira ditu: Xiberta, Aturriren bokalean dagoen Bokale eta Biarrizko Harausta auzotik gertu dagoen Brindos[9].

Etxeak eta auzoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerri mugakideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Bizkaiko golkoaren aurrean bere kokapenak itsas-haizeetara zabaltzen du Angelu. Neguak ez dira latzak eta udan beroa jasan daiteke. Haize erregimena moderatua da oso eta eragin hirukoitza jasaten du: Ozeano Atlantikoa, Pirinioak eta bertoko brisak. Nagusiak diren itsas-haizeek udan hezetasuna eta freskura eta neguan leuntasuna ekartzen dituzte. Hegoaldeko haizeak Pirinioetan Foehn efektua sortzen du. Köppen klima sailkapenaren arabera, Angeluko klima ozeaniko epela da.


    Datu klimatikoak (Biarritz-Angelu (1981–2010))    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 23.4 28.9 29.7 32.1 34.8 39.2 39.8 40.6 37.0 32.2 27.8 25.1 40.6
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 12.0 12.8 15.0 16.2 19.6 22.1 24.1 24.7 23.2 20.0 15.1 12.5 18.1
Batez besteko tenperatura (ºC) 8.4 8.9 11.0 12.4 15.6 18.3 20.4 20.8 18.8 16.0 11.4 9.0 14.3
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 4.8 5.0 7.0 8.5 11.6 14.6 16.7 17.0 14.5 11.9 7.7 5.5 10.4
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) -12.7 -11.5 -7.2 -1.3 3.3 5.3 9.2 8.6 5.3 -0.6 -5.7 -8.9 -12.7
Pilatutako prezipitazioa (mm) 128.8 111.5 103.5 129.7 113.9 87.8 69.3 98.4 119.6 152.1 185.9 150.4 1450.9
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 13.4 12.0 11.9 13.6 12.9 10.4 8.8 9.6 9.7 12.5 13.0 12.6 140.5
Elur egunak (≥ 1 mm) 0.8 1.0 0.3 0.1 0.0 0.0 0.0 0.0 0.0 0.0 0.3 0.5 3.0
Eguzki orduak 100.2 114.1 164.4 169.4 193.7 203.3 209.0 206.8 192.8 141.7 103.8 88.3 1887.3
Hezetasuna (%) 77 75 73 77 78 81 80 81 80 78 79 78 78.1
Iturria (1): Météo France[12][13][14]
Iturria (2): Infoclimat.fr (hezetasuna eta elurra, 1961–1990)[15]
Auzapezak, 1897tik aurrera
Urteak Auzapeza Alderdia
1897-1935 Albert Le Barillier URD
1935-1937 Ernest Daubin /
1937-1941 François Dommain Alderdi Erradikala
1944-1952 François Dommain Alderdi Erradikala
1952-1971 François Lacroix /
1971-1992 Victor Mendiburu CD-UDF
1992-1999 Michel Bonnet UDF
1999-2000 Alain Lamassoure UDF-UMP
2000-2008 Robert Villenave UDF-MoDem
2008-2014 Jean Espilondo PS
2014- Claude Olive UMP-LR

Herri senidetuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angeluk hazkunde demografikoa izan du azken bi mendeetan, XIX. mendetik hasita gutxienez. 1800an 2.000 biztanle inguruko herri txiki bat zen, eta XIX. mendean hazkunde etengabe baina ez oso handia izan zuen, mendearen bukaeran 5.500 biztanle izan arte. XX. mendean, berriz, eztanda demografikoa jasan zuen, eta 1920tik aurrera eta batez ere 1960ko hamarkadatik aurrera biztanlea biderkatu egin zen. Mendearen amaieran 35.000 biztanle zituen, ordurako hiri bihurturik.

Hiria urbanizazioka hazi zen, inolako plangintza orokorrik gabe. Horren ondorioz gaur garraio arazo anitz jasaten ditu, eta Baiona eta Biarritzen kanpoalde bezala handitu zenez ez du zerbitzuak, dendak eta garraio publikoa biltzen dituen erdigune argirik. Horregatik, azken urteetan udala hirigune erdialde bat bermatzeko hirigintza proiektuetan sartua dago, Angeluko herriko etxearen inguruan etxebizitza bloke berriak altxatuz eta zerbitzuak kokatuz, hala nola tram´bus geltoki berria.

XXI. mendearen hasieran hazkundeak aurrera jarraitu zuen.

Hazkunde demografiaren arrazoien artean, nabarmentzekoa da Lapurdiko hiriburu Baionaren alboan egotearen garrantzia, eta harekin eta Biarritzekin batera Euskal Kosta-Aturri multzoa osatzea.

Angeluko biztanleria
Datuen iturburua: INSEE

Lehen laborantzan, batez ere baratzetan, oinarritutako ekonomia bazuen ere, egun Baiona-Angelu-Biarritz gune metropolitarrean bere kokapena dela eta ekonomia modernoa du[16].

Angeluk, Baiona eta Miarritzerekin BABko aireportuaren kudeaketan parte hartzen du. Era berean, Baiona, Bokale eta Tarnoserekin batera Baionako portua ere kudeatzen du.

Lekuko aktibitate ekonomi garrantzitsuenak:

Era berean departamenduko 50 nagusien aurrean nekazaritzako elikagaien industriak ere baditu[17]:

  • Société bayonnaise des viandes (harategia) ;
  • SAS TDA(harategia) ;
  • Mandion SA (ogi eta gozogintza) ;
  • Société d'abattage du Pays basque (harategia) ;
  • SARL Sonath (Okindegia).

Gertuko Biarritz eta Baiona bezala, Gaskoinia eta Euskal Herria arteko mugan kokatuta dagoenez, zalantzazkoa da ea Erdi Aroan edo Aro Modernoan gaskoia ala euskara zen udalerriko hizkuntza nagusia.

Atlas Linguistique de Gascogne liburuak bere alde egin eta gaskoi herritzat hartu zuen Angelu. 1863an, berriz, Luis Luziano Bonapartek Angelun kokatu zuen euskararen muga, zenbait auzotan dudarik gabe nagusia zena. Hala ere, XX. mendean frantsesa da hizkuntza ofizial eta nagusia.

Toponimia kontuan hartuta, euskarazko "Angelu" eta gaskoizko "Anglet" izenek esanahi berbera dute: Aturri 1578. urte eta aurrerago sortzen zuen angelutik erakarria, orduko bokalea Capbreton eta Bokale Zaharra artean zegoelako.

Herriak gaskoizko goiburua du: "Mar e pignada per m'ayda", euskaraz "itsasoa eta pinudia ni laguntzeko" esan nahi duena. Tokian tokiko toponimia euskarazkoa eta gaskoizkoa da: kaleak eta auzoak tartean XIX. mendean Baionari utzitako Saint-Léon auzoa.

Euskara bultzatzeko 2001ean 15 lagunek "Ipar Izar" erakundea sortu zuten; gaskoia bultzatzeko, aldiz, Ací Gasconha[18] erakundeak lan egiten du[9].

Herriko bestak edo jaiak martxoaren lehenengo igandean egin ohi dira. Abuztuaren bigarren astean Euskal kirolen astea izaten da. Uda‑garaian txirrindulari‑lasterketak, xistera‑partidak, Trinitatean, nazioarteko petanka‑lehiaketak, Neptunoren festa Chambre d’Amour hondartzan, kermezak, musika‑jaial­diak...

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Beatrix Enea
Beatrix Eneko lorategia
San Leon eliza

Angelutik STABen 1, 2, 4, 6, 7.1, 7.2, 7.3, 8, 9, 14 eta Allobus Anglet lineak pasatzen dira.

Lineak:

  • .1. - Biarritz Udaletxea <> Baiona Udaletxea <> Baiona Nafarroa
  • .2. - Biarrizko geltokia <> Baiona Udaletxea <> Baiona Sainsontan
  • .4. - Angelu Barra Hondartza <> Baiona Udaletxea <> Hiriburu
  • .6. - Gaz auzoa <> Baiona Udaletxea <> Baionako geltokia
  • 7.1 - Angelu hondartzak <> Baiona Udaletxea
  • 7.2 - Angelu hondartzak <> Baiona Udaletxea
  • 7.3 - Angelu Bernain <> Baionako geltokia
  • .8. - Angelu Juvigny <> Baiona Udaletxea <> Tarnose Platanes
  • .9. - Labourd <> Baiona Udaletxea <> Santa Maddalen / Barra hondartza
  • 14 - Redon <> Angelu hondartzak
  • Allobus Anglet BAB 2 <> Biarrizko geltokia

Udalerriak[23] ikastetxe bi (Endarra publikoa eta Stélla Maris pribatua), lizeo bi (Cantau teknologikoa eta Sainte-Anne) eta ikastola bat (Angeluko ikastola) ditu. Bestetik, BTP institutua, arte-eskola bat[24] eta kontserbatorioa ere baditu.

Horiez gain Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatearen Montaury campusa Angelun kokatzen da. Bertan Euskal kostaldeko zientzia eta teknologia fakultatean biologia, ingurumen zientziak, kimika, fisika, logistika, ingeniaritza eraikuntza eta ingeniaritza zibila ematen dira. Baiona eta Euskal Herriko IUTk informatika eta ingenieritza eta industria mantentzea ematen ditu, baita Sistema eta Softwere Informatiko, Ekologia Industrial, GEO 3D, Lanbide Digitalak eta Programazio Aitzinduaren lizentzia profesionalak.

Angeluar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. Paul Raymond, "Dictionnaire topographique Béarn-Pays basque"
  3. Baionako eskutitzak edo Livre d'Or - XIV. mendeko eskuizkribua - Archives Départementales des Pyrénées-Atlantiques
  4. XVII. eta XVIII. mendeetako eskuizkribuak - Archives Départementales des Pyrénées-Atlantiques
  5. Bénédicte Boyrie-Fénié, "Dictionnaire toponymique des communes des Landes et du Bas-Adour", Cairn 2005, 255. orr.
  6. a b (Gaztelaniaz) Michelena, Luis. (1997). Apellidos vascos. Editorial Txertoa, 48-49 or. ISBN 84-7148-008-5..
  7. Goyhenetche, Manex (2004). Ipar Euskal Herria Antso Nagusiaren garaian. Euskal Herria XI. mendean: Antso III.a Nagusiaren erregealdia (1004-1035). Iruña: Pamiela/Nabarralde. 78. or. ISBN: 84-7681-413-5
  8. Sandre datu-basea[Betiko hautsitako esteka]
  9. a b Auñamendi Entziklopedia: Angelu
  10. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z aa ab ac ad ae af Géoportail - Frantziako Institutu Geografiko Nazionala. Géoportail. (Noiz kontsultatua: 2011-10-16).
  11. a b c d e f EODA. Angelu (Baiona-Angelu-Biarritz). Euskaltzaindia.
  12. (Frantsesez) Météo France. Données climatiques de la station de Biarritz. .
  13. (Frantsesez) Météo France. Climat Aquitaine. .
  14. (Frantsesez) Météo France. Biarritz–Pays–Basque (64). in: Fiche Climatologique: Statistiques 1981–2010 et records..
  15. (Frantsesez) Infoclimat. Normes et records 1961-1990: Biarritz-Anglet (64) - altitude 69m. .
  16. Udaletxearen webgunea: ekonomia
  17. Sud-Ouest: Classement des 50 premières entreprises agro-alimentaires
  18. Ací Gasconha, gaskoiniar kultura taldea
  19. Palissy datu-basea: Udaletxea
  20. Palissy datu-basea: Udaletxea
  21. Mérimée datu-basea: Dominikoen antzinako komentua
  22. Palissy datu-basea: Notre-Dame du Refuge
  23. Udaletxearen webgunea: umeak eta gazteak
  24. Baiona-Angelu-Miarritzeko arte eskolaren webgunea
  25. Dojo Aikidoaren webgunea
  26. Club Hippique de la Côte Basque klubaren webgunea
  27. Genêts futbol taldearen webgunea
  28. sports123.com: Inline Hockey - Men: European Cup
  29. Anglet Surf Club
  30. Surf eta hondartzen argazkiak
  31. Sudupe Elorza, Pako.. (2020). Emilio López Adán : euskal iraultza libertarioaren pentsalari. Udako Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea ISBN 978-84-8438-738-1. PMC 1184658193. (Noiz kontsultatua: 2020-08-23).
  • Hervé Bernard, "Splendeur de Biarritz - Moussempès, illustre famille en Pays Basque depuis le XIV° siècle", S.A.I Biarritz, 2006.
  • Manex Goienetxe, "Histoire d'Anglet des origines à nos jours", Elkar, 1997

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Lapurdi