Pello Mari Otaño
Pello Mari Otaño Barriola, edo Pedro Mari Otaño hasieran, (Zizurkil, Gipuzkoa, 1857ko urtarrilaren 26a – Rosario, Argentina, 1910eko maiatzaren 6a) bertsolaria eta euskal idazlea izan zen. Batez ere bertso paperengatik zen ezaguna (ez zuen jendaurrean kantatzen, eztarri arazoak zituelako), baina poesia ere landu zuen. Gaur egun oraindik oso ezagunak dira Ameriketatik bidaltzen zituen bertso paperak. Otañoren bertsoen ezaugarri nagusietako bat lirismoa da; izan ere, herriaren izpiritua inoiz baztertu ez bazuen ere, haren bertsoek sarritan poesia landuaren balioa dute.
Pello Mari Otaño | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Zizurkil, 1857ko urtarrilaren 26a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Rosario, 1910eko maiatzaren 6a (53 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza: miokardio infartu akutua |
Familia | |
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | bertsolaria, idazlea eta poeta |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Biografia
aldatuZizurkilen
aldatuPello Mari Otaño Barriola Zizurkilgo Errekalde baserrian jaio zen 1857ko urtarrilaren 26an. Juan Pedro eta Juana Bautista gurasoek bederatzi seme-alaba izan zituzten, Pedro Mari hirugarrena izan zelarik. Bertso tradizio handikoa zen Otañotarrena: aitona Pedro Mari Otaño, Errekalde zaharra, aita Juan Pedro, osaba Joxe Bernardo, honen alabak Plazida eta Adriana, amona Mikela… guztiak bertsolari. Amak eta haren aldeko Barriolatarrek, berriz, beste arrasto garrantzitsu bat utzi zuten Pedro Marirengan. Liberalen pentsamoldea eta goi mailako kultura, garai hartan batere ohiko ez zena.
Familia ugari, Errekalden gehiegi ziren eta Pedro Mariren aitak etxe xume berri bat eraiki zuen Zizurkildik eta Adunatik zetozen bideek bat egiten zuten tokiak: Karidadeko Benta, horrela deitua etxekoen eta lagunen artean egin zutelako. Aitak Donostian jardun zen hargintzan eta amak, berriz, Zizurkilgo benta kudeatu zuen.
Argentinara lehen eta bigarren bidaiak
aldatuLaster iritsiko zen Bigarren Karlistaldia eta gerrara joan beharreko arrisku bizia. Hori saihestearren, 1875ean Ameriketarako bidea hartu zuen Pello Mari Otañok. Baina denbora gutxi eman zuen itsasoz bestalde eta, lau urte ondoren, soldaduska egin beharraren zama kendu ziotela jakin orduko, Donostiara itzulita zegoen. Badakigu 1879an, ama hil zenean, etxean zela.
Zehaztu gabeko data batean, Pasaiatik abiatuta, Ameriketarako bigarren bidaiari ekin zion. Ez dakigu ziur noiz abiatu zen Otaño, baina 1889an Argentinan ageri da. Bizimodua aterako bazuen, denetik egin behar izan zuen. La Baskonia aldizkariak kontatzen zuenez,
« | …cuando le ha faltado ocupación en tareas delicadas, como hacer un asiento en los libros, se ha prendido a la pata de un bagual (zaldi basatia) y le ha clavado una herradura… edo …alambrador de la Pampa, hornero, tenedor de libros, herrador y poeta… | » |
Baita artzain ere, Otañok berak Ameriketako Panpetanbertsoetan kontatzen duenez. Orduan gaixotu omen zen Pello Mari. Haren biloba Susana Ardanaz Otaño Txurik kontatzen zuenez, asma gaitzak hartua zuen. Horren eraginez, oso eztarri txarrekoa zen eta Pello Mariri Kattarro izengoitia jarri zioten. Eztarri txar harengatik kanturako bideak itxita edukitzeari zor diogu, ordea, Otañok hainbeste bertso sorta eder eta oparo idatzi izana.
Otaño bera liburu batean idazten joan zen sortzen zituen lan guztiak, bere "Oroimenak". [1] Horrela, bertso eta beste hainbatez osatutako manuskrito harrigarria iritsi da guregana, familiak gaurdaino soka batez gorde duen idazlan bikaina: "el libro atado" deitzen ziotena, Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen dohaintzaz gaur Donostiako Koldo Mitxelena Liburutegian jasota dagoena. Otañok horrela eman zion hasiera lanari:
Ikusirikan ugaritutzen dijoazkidala lanak eta aztutzen dirala noizbait izkribatzen ez diranak, liburu ontan jarri nai ditut gogoratzen zaizkidanak, gaur edo biar nere semeak ikasi ditzaten danak.
Donostian
aldatuPello Mari 1890eko uztailean itzuli zen bigarrenez Argentinatik Donostiara, aitak eta senideek etxea zuten Amara auzora. 1891n, 34 urte zituela, Maria Magdalena Alberdi Deskargarekin ezkondu zen. Malen emaztea 27 urteko Donostiarra zen. Bikoteak hiru seme izan zituen Donostian: Bernardo (1892), Migel (1894) eta Josetxo (1896).
Pello Mariren ogibideari dagokionez, urte haietan dendari, eskribau eta enplegatu gisa lan egin zuela badakigu. Baita tabernari ere. Juan Mari Lekuonaren iritziz, orduan garatu zen Otañoren heldutasun poetikoa bete-betean.[2]
Hirugarren eta azken bidaia
aldatuPello Marik hirugarrenez itsasoaren bestaldera joatea erabaki zuen. Oso bertsolari eta poeta ezagun eta maitatua bazen ere, ezin esan liteke Otaño hemen eusteko ahalegin handirik egin zenik.[3] "Ez nua borondatez, bearrak narama", zioen berak. Hori bai, sekulako agurra eskaini zioten. Abiatu aurreko gauean, Donostiako Orfeoiak saio hunkigarri bat eskaini zion etxepean.[4] Biharamunean, berriz, egundoko jendetza bildu zen Pasaiara, Otaño handiari agur esatera. Beste zenbait bertsolarirekin batera, han zen Joxe Manuel Lujanbio, Txirrita ere.
Argentinan familia Pehuajó herrian jarri zen bizitzen. Han hiru alaba izan zituzten Pello Marik eta Malenek: Teresa (1899), Joana (1903) eta Malentxo (1907). Euskara irakasle lanetan ere aritu zen Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean. Irakasteko Pello Marik sistema propioa sortu zuen: eskuz idatzitako oharrak, aditzak, esaldiak… Otañok berak Cátedra del Bascuence deitu zion. [5][6]
-
Ortiz de San Pelayorekin batera Artzai mutila opera prestatu zuten (1900)
-
Alkar olerkien bilduma argitaratu zuen (1904). 1934ko edizio hau familiak erabiltzen zuena da. (Familia)
-
Euskara irakasteko Otañoren 15. ikasgaia (1904. Eskuizkribua)[6]
Azken egonaldi hori zinez emankorra izan zen Pello Mariren bertsogintzan. 1900. urterako plazaratuak zituen Lagundurikan danoi, Zazpiak bat, Amerikako Panpetan, Mutil koskor bat, Txepetxa... Felix Ortiz San Pelaio musikari azpeitiarrak eta berak, lankidetzan, Artzai mutila opera egin zuten, Euskal Herritik kanpo eta euskaraz sorturiko lehen opera.
Azken urteak
aldatuHurrengo urteetan poema ederrak sortzen jarraitu zuen. 1904an Pehuajótik Buenos Airesera joan zen bizitzera eta han argitaratu zuen Alkar bertso-bilduma. Dagoeneko begien bistakoa da Pello Mari Otañoren bilakaera politikoa. Etxean liberalen iturritik edan ondoren, errepublikazale eta foruzale agertu zen gero, eta azken urteetan abertzale. Euskararen ikerkuntzan ari izandako Euskal Herriko eta nazioarteko zenbait pertsona garrantzitsuren aipuak egiten zituen: Vinson, Bonaparte, Humboldt, Larramendi, Kanpion…
Bilakaera horren arrazoia Sabin Aranaren lanak ezagutzean datza ziur asko. Haren ideiak erabat bere egin zituen: [7]
Jaso dezagun bere bandera, egiñ zagun alegiña, ez dakitenai erakutsiyaz maisu zanaren dotriña.
Otañoren azken urteetako mintzaldia abertzalea bihurtu zen, euskara eta Euskal Herriarentzat justizia eskatuz, hitzaldi nahiz bertsoen bidez. Euskal Herriaren batasunaz idatzi zuen, mugaren bi aldeetako euskaldunez, bitan banatzen gaituen Bidasoa ibaiaz, euskararen makurrez… Honen adibide da 1900. urtean idatziriko Zazpiak bat izeneko sorta. Hemendik aurrera ere Pedro Mariren ordez Pello Mari izenarekin sinatuko ditu bere lanak eta, haren biloba Txurik kontatzen zuenez, horrela ezagutuko zuten etxekoek ere: aitona Pello Mari.
Bere azken bertsoak 1910ean espainiarrekiko independentziaren mendeurrena ospatzen ari zen Argentinari berari eskaini zizkion Pello Mari Otañok, nahiz bera lan hori argitaratuta ikustera ez zen iritsi. 1810eko maiatzean hasitako iraultzari aipu eginez, horrela zion olerkariak: [8]
Denok maitaro agurtzen degun maiatzeko eguzkiyak, aska ditzala euskal lurra ta katibu dauden guztiyak.
Osasunez pattal jarraitzen zuen baina lan egin beharra zegoen eta asmak arazo handiak eragiten zizkion. 1910eko hasieran Rosario inguruan zebilen hango soroek jasaten ari ziren otien erauntsi izugarri bati aurre egin eta menpean hartu nahian. Han izan zuen txakalaldiak kezkaturik, maiatzaren 5ean Bernardo semeari deitu zioten, berehala joan zedin. Biharamunean Rosario bertara eraman zuten. Hantxe hil zen, bihotzekoak emanda. Gorpua Rosarioko hilerrian geratu zen hasieran, baina ondoren, familia La Platara bildu zenez, han ehortzi zuten Otaño amona Malenen ondoan.
Heriotza eta oihartzuna
aldatuBai Argentinan bertan, bai Euskal Herrian, sekulako samina eragin zuen Pello Mari Otañoren heriotzak. Egunkari eta aldizkariek asko idatzi zuten zizurkildarrari buruz, etengabeak izan ziren haren ohorez idatziriko bertso eta artikuluak.
Otañoren lana ondo asko aztertu duen Pello Esnalen esanetan, baldin eta bertsolaritzaren historia idazteko sei bertsolari aukeratu beharko bagenitu, Pello Mari Otaño izango genuke bat, zalantzarik gabe. Besteak Xenpelar, Txirrita, Uztapide, Basarri eta Amuriza. Juan Mari Lekuonak zioenez, Basarrik eta Uztapidek eredutzat hartzen zuten Otaño. Amuriza etorri arte, beharbada gehienik eragin duen maisua izan da Otaño bertsolaritzan”.[9]
Aipatu beharra dago Aita Zavalak egindako ikerketa eta lana Pello Mari Otañoren bertsogintza arakatuz: “Bizitzaren egille eta bertsoen biltzaille” zioen berak. Horren emaitza bikaina izan da 1993an bi liburukitan argitaratu zuen “Pedro M. Otaño eta bere ingurua”[10] lan mardul eta sakona. Zavalak zioenez, "euskera bizi bada, Otañoren bertsoak ere biziko dira. Eta auek arnasik badute, gure izkuntzak ere izango du".
2010ean, Pello Mari Otañoren heriotzaren mendeurrena gogora ekarriz, Zizurkilgo herriak ekitaldi sorta prestatu zuen. Besteak beste, Herriko Seme Kutuna izendatu zuen Otaño. Pello Esnal izan zen izendatzearen ohore hori era bikainean arrazoitu zuena.[11] Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteak, bestalde, herriko poeta handiaren biografia berri bat argitaratu zuen: “Pello Mari Otañoren arnasa, 1857-1910”. [12]
Lanak
aldatuTxirritarekin eta Udarregirekin ibili zen bertsotan, baina, batez ere, bertso jarriengatik da ezaguna: Mutil koxkor bat, Ameriketako panpetan, Lagundurikan danoi eta Txepetxa dira haren bertso sail ezagunenetako batzuk.
"Limosnatxo bat" edo "Mutil koxkor bat" izenburuen pean idatziko sorta bertsolaritzaren historiako ezagunenetarikoak dira. Oso bereziak, izan ere, bertsoak arrazoi nagusia eta ustekabea azken puntuan izaten du. Otañok, berriz, kontrakoa egiten zuen: azken puntua beti berdina erabili. Horrek bertso guztietan errima berbera erabiltzera behartu arren, indar eta kalitate handia du sorta osoak.
Bat-bateko bertsogintzarako eztarriak ez zion gehiegi laguntzen, eta «Katarro» ezizena jarri zioten. 1930ean Alkar olerki onenak izeneko bertso bilduma kaleratu zioten. Itxaropena argitaletxeak beste argitalpen bat egin zuen 1959an.
Alkar olerki bilduma eman zuen argitara Argentinan 1904. urtean, eta Artzai mutilla opera 1906an.
Poesia
aldatu- Alkar olerki onenak. Olerki onenak alkar (1930, Iñaki Deunaren Irarkola)
- Alkar (1904, Buenos Aires)
Bertsoa
aldatuOpera
aldatu- Artzai mutilla (1906, Buenos Aires)
Eskuizkribuak
aldatu2014ko abenduaren 26an jakin zenez, Pello Mari Otañoren hainbat eskuizkribu bildu zituen KM Kulturuneak eta bertan Argentinan igarotako urteak kontatzen ditu. Hernandorena kultura elkarteak dohaintzan eman zizkion Gipuzkoako Foru Aldundiari[13].
Eskuizkribu hauek eman ziren dohaintzanː[14]
- Pedro Mari Otañoren oroimenak eskuizkribua. Donostia, 1894. El libro atado moduan ere ezaguna-
- Cátedra de bascuence eskuizkribua. Laurak Bat elkartea. Buenos Aires. 1904ko azaroaren 21ean aurkeztua.
- Alkar argitalpena. Pedro Mari Otañoren olerki hautatuak. La Basconia, Buenos Aires, 1906.
- Poesías Vascas argitalpena.
Omenaldiak
aldatu- 1994. Zizurkileko udalak omenaldia egin zion Antonio Zabala ikerlariaren lankidetzarekin, eta busto bat jarri zuen herrian.[15]
Pello Mari Otañori buruzko lanak
aldatu- Aita Zavala, 1993: Pedro Mari Otaño eta bere ingurua. Bi zatitan.
- Hernandorena Kultur Taldea, 2010: Pello Mari Otañoren arnasa (1857-1910).
- Euskitze, Xabier, 2013: Pedro Mari Otaño Barriola - Bidegileak 61.
- Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteak dokumentazio ugari bildu du Pello Mari Otañoren inguruan. Guztia era askean eta dohain eskura daiteke.[16]
- Pello Esnal. Eskuizkribuen azterketa soila, lehen hurbilpen moduan. Liburu honetan: Pedro Maria Otaño. Eskuizkribuak. Gipuzkoako Foru Aldundia, 2013ko ekaina. SS-910-2013.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Koldo Mitxelena Liburutegia - Hernandorena Kultur Elkartearen dohaintza
- ↑ Ahozko Euskal Literatuta, 1982
- ↑ La Baskonia, 1910ko maiatzaren 30ean,
- ↑ Pello Mari Otaño: Oroimenak
- ↑ Koldo Mitxelena Liburutegian, Hernandorena Kultur Elkartearen dohaintza
- ↑ a b Otaño, Pedro Maria. (2013). Eskuizkribuak. Gipuzkoako Foru Aldundia ISBN SS-910-2013..
- ↑ Arana eta Goiri’tar Sabin zanari bere eriotzaren irugarren urte-mugan (1906)
- ↑ Euskaldunak Arjentinan dierri onen lokabetasunaren lenengo eunki-mugan – 1910
- ↑ https://www.diariovasco.com/v/20100505/cultura/errekaldeko-izarra-20100505.html
- ↑ http://www.euskaltzaindia.net/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/4571.pdf
- ↑ https://drive.google.com/file/d/1nZqi4CfZx9uOk12-HjsXjQiohid6iImb/view
- ↑ https://drive.google.com/file/d/11pvOqK0oRjWMg_IZUI0yFa9KMWtc3KJz/view
- ↑ I. Susaeta, «Pedro Mari Otañoren hainbat eskuizkribu jaso ditu KM Kulturuneak», Berria, 2014-12-27
- ↑ «Eskuizkribuak», Berria, 2014-12-27
- ↑ Aiurri. (1994). Omenaldia Pello Mari Otañori.. Aiurri aldizkaria, 2. zbkia, 24 or..
- ↑ PELLO MARI OTAÑO – Hernandorena Kultur Elkartea. (Noiz kontsultatua: 2021-11-24).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Pedro Mari Otaño, Literaturaren Zubitegian.
- Pello Mari Otaño , BDB bertsolaritzaren datu-basean
- Pello Mari Otaño (1857-1910). Zizurkilgo urteak, Euskonews