Liga Komunista Iraultzailea

Euskal Herriko alderdi politikoa
Artikulu hau Euskal Herriko Liga Komunista Iraultzaileari buruzkoa da, izen bereko beste alderdietarako, ikus LKI (argipen orria)

Liga Komunista Iraultzailea (LKI) Hego Euskal Herriko alderdi politiko bat izan zen, Espainiako Liga Comunista Revolucionaria (LCR) alderdiarekin lotua, ideologia komunista eta troskista zuena. Europako eta munduko beste alderdi troskistekin batera, IV. Internazionaleko kide izan zen eta iraultza etengabearen kontzeptua aldeztu zuena. Alderdia 1970ean sortu zen, ETAren seigarren biltzarreko zatiketa batetik, eta 1973an LCRekin bat egin zuen, LCR-ETA (VI) izena harturik Espainiak, eta, geroago, LKI Hego Euskal Herrian.

Liga Komunista Iraultzailea
LKI
Sorrera70eko hamarkada hasiera1
Desegitea19912
Ideologia politikoaKomunista, trotskista
KoalizioaAuzolan, Batzarre, Zutik
Nazioarteko kidetzaIV. Internazionaleko Idazkaritza Bateratua
1 ETA VI. izeneko ETAren zatiketatik.
2 EMKrekin bat egin, Zutiken eta Batzarren.

Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko hauteskundeetara aurkeztu zen, zenbaitetan bakarka, zenbaitetan Euskadiko Mugimendu Komunistarekin (EMK) batera, betiere emaitza urriak bilduta. Bi alderdiek, hau da, LKIk eta EMK-k bat egin zuten 1990ean, lehenik Batzarre sortzeko Nafarroan, eta 1991n Zutik eratzeko, EAEn.

Alderdiaren jatorria eta sorrera

aldatu

Alderdiaren jatorria ETAk 1970eko udan Itsasun egindako seigarren biltzarrean dago. Biltzarrean funtsean bi sektoreren arteko talka gogor bat gertatu zen: alde batean, jarduera armatuari jarraitu nahi zion taldea zegoen; bestean, talde «obrerista», hau da, langile erakundeekin egindako aliantzen bitartez garatutako borroka politikoaren mende jarri nahi zuena borroka armatua. Bigarren sektore horrek hartu zuen ETA VI. Biltzarra - Iraultza hala hil izena. VI. biltzarraren bigarren zatia egin behar zenean, 1972ko uztailean, beste zatiketa bat sortu zen: gehiengoa zeukan taldeak (gaztelaniaz, «los mayos») troskismora hurbiltzea erabaki zuen bitartean, gutxiengodun taldeak («los minos») desegitea erabaki zuen, beste talde politiko batzuetara jotzeko edo, besterik gabe, ETAn jarraitzeko.[1]

Bat egitea LCRekin

aldatu

ETAren VI. bitzarretik sortutako talde politiko berriak langileria-burgesia antagonismoa gizarte esparru guztietara eramateko xedea hartu zuen, jarduera politiko nagusiaren gidalerrotzat.[2] Taldeak argi zeukan, lehen urratsetatik, ideologia sozialistan oinarritutako alderdi politiko berri bat eratu nahi zuela.[oh 1]

Talde politikoaren jatorriarekin eta norabidearekin loturik, gogoan izan behar 1970eko abenduko Burgosko prozesua. Izan ere, prozesuak Euskal Herrian, Espainian eta Europan izandako ondorioez gain, garrantzi handia izan zuen prozesu hartan epaitutako gehienek 1971ko urtarrilean Burgosko espetxetik ETAren zuzendaritzari bidalitako gutunak;[oh 2] bertan, kritika gogor bat egiten zioten borroka armatuari lehentasuna eman nahi zion sektoreari.

LCRekiko hurbilpena berehala hasi zen, oinarri ideologikoetan adostasun handia baitzegoen bi taldeen artean. Bateratze bidea erraztu zuen, baita ere, LCRek Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aintzat hartzeak.[3]

Horrela, bi taldeek adostasun protokolo bat izenpetu eta argitaratu zuten, 1973ko maiatzaren 14an, alderdi berri eta bateratu bat sortzeko borondatea eta erabakia adieraziz.[4] Bere aldetik, ETAtik zetorren taldeak alderdi berriaren oinarriak azaldu zituen, hilabete batzuk geroago.[5]

Horrela, alderdi berriak, LCR-ETA (VI) izenaz, indar handia lortu zuen Hego Euskal Herrian. Franco diktadorea hil ostean, 1976ko abuztuan egindako biltzarrean, alderdiaren izena aldatzea erabaki zuten, LCR soila utzita Espainian, eta izen berezi bat hartuta Hego Euskal Herrian.[oh 3] 1977ko apirilean Arantzazun egindako lehen biltzarrean erabaki zuen alderdiak Liga Komunista Iraultzailea (LKI) izena hartzea.[6][oh 4][7]

Alderdiaren ibilbidea

aldatu

Espainiako 1977ko hauteskunde orokorretan, Langile Batasunaren aldeko Frontea izeneko koalizioan parte hartu zuen LKI alderdiak, ezker muturreko beste alderdi txikiago batzuekin batera, baina emaitza oso urriak izan zituen, inolako ordezkaritzarik lortu gabe.[8][9]

Euskadiko autonomia estatutua egiteko prozesuan, 1979an, aurkako jarrera aktiboa eduki zuen, estatutu proiektuak ez baitzuen, alderdiaren ustez, euskal herritarren burujabetasuna aintzat hartzen, baizik Espainiako Gorteen erabakien mende jartzen.[10] Estatutuen oinarriak plazaratzeaz gain,[11] estatutuaren testu proiektu bat egitera iritsi zen,[12] alderdiaren jokabide politikoa zehaztu zuen, proposatzen ari zen Estatutu proiektuaren aurka,[13] eta proiektuari buruzko zuzenketa proposamenak aurkeztu zizkion Estatutua idazten ari zen batzordeari.[14]

1982ko uztailean egindako kongresuan onartutako ildo politiko berriaren barnean, Auzolan izeneko hauteskunde marka berri bat eratu zuen 1983an Liga Komunista Iraultzaileak, Langile Abertzale Iraultzaileen Alderdiarekin (LAIA) eta Ezker Berriarekin (Euskadiko Ezkerraren nafar zatiketa) batera, baina oso emaitza urriak lortu zituen; 1986an desegin zen koalizioa.[15] Geroztik, maiz eskatu zuen botoa Herri Batasunarentzat, maila guztietako hauteskundeetan.[16]

EMKrekin bat, Zutik alderdi berria

aldatu

1987tik aurrera, Euskal Herriaren independentzia aldeztu zuen berariaz LKIk,[oh 5] eta Euskadiko Mugimendu Komunistarekiko harremanak estutzen. Hurbilpen horren ondorioz, 1991ko martxoaren 17tik 19ra Leioan egindako biltzarrean, LKI eta EMK batu egin ziren, Zutik alderdi berria sortzeko Euskal Autonomia Erkidegoan; konbergentzia lehenago egina zuten Nafarroan, 1990ean Batzarre sortua baitzuten.[17]

Bi alderdien bat egitea euskal ezker iraultzailearen barruan izandako eztabaida sakon eta zabal baten emaitza izan zen, 1989an Berlingo harresia eraitsi ondoren Europako joera marxisten aldakuntzen ondorioz gertatutakoa. Espainian gisa bereko konbergentzia gauzatu nahi izan zuten Liga Comunista Revolucionariak eta Movimiento Comunistak, Izquierda Alternativa mugimendua sortuta 1991n, baina ez zuen aurrera egin, eta 1993an desegin zen.[oh 6]

Alderdiko aurpegi ezagunak

aldatu

Liga Komunista Iraultzaileko kide ezagunen artean daude, besteak beste, Andoni Arrizabalaga, Ramón Zallo, Joxe Iriarte «Bikila», Antton Karrera, Juan Ramon Garai, Sabin Arana, Sabino Cuadra, Iñaki Uribarri, Petxo Idoiaga, Jose Ramon Castaños, German Rodriguez eta Pilar Ansoategi.[oh 7]

Argitalpenak

aldatu

LKIren agerkaria Zutik! izenekoa izan zen. Argitalpena ETAren garaitik zetorren, 1962an hasi baitzen argitaratzen.

Irudi galeria

aldatu

Bibliografia

aldatu

Oharrak

aldatu
  1. ETA VI-ren oinarri ideologikoei buruz, ikus «Principios ideológicos básicos» izeneko dokumentua, Kemen aldizkarian argitaratua, 1971ko otsailean; eta «El proletariado frente a la opresión nacional de Euskadi», Zutik aldizkarian,1971ko abenduan.
  2. Ikus «Carta al C.C. de ETA», 1971eko urtarrila. Gutunaren sinatzaile izan ziren, besteak beste, Josu Abrisketa, Iñaki Bihar, Unai Dorronsoro, Enrike Gesalaga, Jokin Gorostidi, Xabier Izko, Antton Karrera, Xabier Larena, Mario Onaindia, Teo Uriarte eta Txomin Ziluaga.
  3. Honela azaldu zuten «Construir un partido comunista revolucionario» dokumentuan (8. or.): «El Congreso decidió cambiar el nombre de la organización,que pasa a ser LCR,excepto en Euskadi,donde un próximo Congreso de la organización en Euskadi decidirá el nombre de la organización en esa nación. En las demás naciones el nombre de la organización se escribirá en la propia lengua».
  4. Bost bat hilabete lehenago saiatu zen lehen biltzarra egiten LKI, klandestinitatean oraindik, Arantzazun, baita ere, baina parte hartzeko prest zeuden 154 kideak atxilotu egin zituen poliziak. Atxilotutakoen artean zeuden, besteak beste, Joseba Barriola, Begoña Arrien, Patxi Aiestaran, Jose Ramon Garai eta Jaime Pastor, LCRko ordezkaria.
  5. LKIren eta ezker muturreko beste indar politikoek euskal independentziaz izandako jarrerari buruz, ikus F. Javier Merino Pacheco (2011) La izquierda radical ante ETA ¿El último espejismo revolucionario en Occidente? Bilbo, Bakeaz. ISBN 978-8492804054.
  6. Izquierda Alternativa-ren bizitza laburraz, ikus Ricard Martínez i Muntada (2011). «La LCR más allá del franquismo: de la “unidad trotskista” al Partido de los Revolucionarios y la fusión con el MC (1978-1991)». Viento Sur, 115. zk. 64-71. or.
  7. Pilar Ansoategiri buruz, ikus Juan Ramon Garai (2020) «In memoriam, Pilar Ansoategi», Viento Sur, 2022ko otsaila.

Erreferentziak

aldatu
  1. Goikoetxea, Jose Ramon. (2006). Mentxakaren aitorpena. Elkarlanean SL ISBN 978-8490274873. (Noiz kontsultatua: 2022-06-25).
  2. Historia de la Liga Comunista Revolucionaria (1970-1991). La Oveja Roja ISBN 978-8494001192..
  3. Ikus «Por el libre derecho a la autodeterminación del pueblo de Euskadi», Combate 8. zk., 1972ko apirilak 1, 22-27. or.
  4. Ikus «Protocolo de acuerdo ETA-LCR», Combate 16. zk., 14 de mayo de 1973ko maiatzarek 14, 3-5. or.
  5. Ikus «Construir el Partido con la LCR», Zutik 61. zk., 1973ko azaroa, 36-60. or.
  6. (Gaztelaniaz) Ceberio, Jesús. (1977-04-12). «Liga Comunista Revolucionaria pide una asamblea constituyente vasca» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-06-25).
  7. (Gaztelaniaz) Ceberio, Jesús. (1976-11-22). «Liberados setenta de los detenidos en Aránzazu» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-06-25).
  8. (Gaztelaniaz) «Elecciones Generales 1977.» www.historiaelectoral.com (Noiz kontsultatua: 2022-06-25).
  9. «ETAtik LKIra bederatzi urteko zubia» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-06-26).
  10. Ikus «Resolución sobre el Estatuto» dokumentua, 1978-11-23, Catalogo en línea del Archivo Histórico de CCOO de Andalucía.
  11. Ikus «Proyecto de texto público sobre bases estatuarias para Euskadi» dokumentua, 1978-06-04, Catalogo en línea del Archivo Histórico de CCOO de Andalucía.
  12. Ikus «Proyecto de Estatuto vasco» dokumentua, 1978-11-23, Catalogo en línea del Archivo Histórico de CCOO de Andalucía.
  13. Ikus «Circular de la Secretaría del Comité Nacional de la LKI sobre el trabajo del partido ante el Estatuto vasco» dokumentua, 1978-12-01, Catalogo en línea del Archivo Histórico de CCOO de Andalucía.
  14. Ikus «Enmiendas al anteproyecto del Estatuto vasco presentadas por el Comité Nacional de la LKI», 1978, Catalogo en línea del Archivo Histórico de CCOO de Andalucía.
  15. «Auzolan: Talde Berri Bat» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-06-26).
  16. ««LKI, EMK eta LAIA bat eginda nahi ditugu»» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-06-26).
  17. Hermosilla, Gotzon. «Ezkerreko hegalean, beste xendra batetik» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-26).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu