Europar Batasuneko Justizia Auzitegia
Europar Batasuneko Justizia Auzitegia (EBJA) 1952an sortu zen, eta egoitza Luxenburgon du. Batasuneko zazpi instituzioetako bat da, eta Europar Batasuneko Tratatuaren 19.artikuluari erreparatuz, tratatuak interpretatzean eta aplikatzean Zuzenbidea errespetatzen dela bermatzea du helburu[1]. Luxenburgon du egoitza eta bi instantzia nagusi ditu: Justizia Auzitegia eta Auzitegi Orokorra. Gainera, bi auzitegien epaiak lotesleak dira estatukideentzat.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegia | |
---|---|
Datuak | |
Izen ofiziala | Cour de justice de l'Union européenne, Den Europæiske Unions Domstol, Court of Justice of the European Union eta Gerichtshof der Europäischen Union |
Izen laburra | GHdEU, CJEU eta CJUE |
Mota | international court (en) eta Europar Batasuneko Erakundeak |
Herrialdea | Luxenburgo |
Agintea | |
Zuzendaria | Koen Lenaerts |
Egoitza nagusi | |
Osatuta | Europako Justizia Auzitegia General Court (en) European Union Civil Service Tribunal (en) 2005 - 2016 |
Historia | |
Sorrera | 1952 |
Jasotako sariak | Theodor Heuss Award (2015) |
webgune ofiziala |
EBJA Europar Batasuneko agintaritza judizial gorena eta bakarra da eta Batasuneko Estatu kideetako jurisdikzio-organoekin partekatzen du eskumen jurisdikzionala, azken horiek baitira EB-eko zuzenbidearen epaile arruntak.
Bilakaera historikoa
aldatuEuropar Batasuneko Justizia Auzitegia (EBJA) 1952an sortu zen Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoko Justizia Auzitegi gisa integrazio ekonomiko eta politikorako prozesuaren barruan. 1957an, Europar Ekonomia Erkidegoa (EEE) eta Energia Atomikoaren Erkidegoa (EAE) ezarri zituen Erromako Ituna sinatu zenean, EBJAk bi erkidego horien gaineko jurisdikzioa ere hartu zuen bere gain.
Geroago, 1988an Lehen Auzialdiko Auzitegia sortu zen, orain Auzitegi Orokorra deitzen dena, Justizia Auzitegiaren beheragoko instantzia gisa, auzitegi nagusiaren lan-karga arintzeko eta zuzenbidearen zenbait arlotan espezializazio handiagoa ahalbidetzeko[2]. 1999. urtean, aldiz, Amsterdamgo Ituna indarrean sartzearekin batera, EBJAren eskumenak zabaldu ziren hainbat alderditan[2].
Bestalde, Lisboako Tratatuak EBko botere judizialaren artikulazio berari eutsi zion, eta aldaketa batzuk baino ez zituen sartu zenbait kasutan. Zutabeen egitura desagertzeak, halaber, EBJAren jurisdikzioa zabaltzea ekarri zuen, kontrol jurisdikzional mugatuko sistema desagertzearen ondorioz[2].
Justizia Auzitegia
aldatuOsaera
aldatuJustizia Auzitegia EBJAren instantzia gorena da. Bere helburu nagusia EBko legedia estatu kide guztietan modu berean interpretatu eta aplikatzen dela bermatzea da. Europar Batasuneko estatu kide adina epailek osatzen dute Justizia Auzitegia, estatukide guztien sistema juridikoak ordezkatuta egoteko. Epaileekin batera hamaika Abokatu Orokor eta Idazkari batek parte hartzen dute.
Epaileak:
aldatuEuropar Batasuneko Tratatuaren (EBT) 19.artikuluan xedatzen denez, estatu kide bakoitzaren gobernuak epaile bat aukeratuko du, hau da, gaur egun 27 epaileek osatzen dute Justizia Auzitegia. Hauen mandatua 6 urtetakoa da, eta berriztatu daiteke. Epaile izateko hautagaiek independentzia-bermea erakutsi behar dute. Proposatutako epaien egokitasunari buruzko irizpenak emateko, Lisboako Tratatuan 7 kidez osaturiko “egokitasun komitea” sortu zen. Komite honen mandatua 4 urtekoa da, hau ere berriztagarria izanik. Komitearen iritziak entzun eta gero, estatu kideek adostasunez aukeratzen dituzte epaileak. Era berean, epaileen artetik presidentea aukeratzen da, epaileen gehiengoz. Bere aldetik, presidentearen mandatua 3 urte berriztagarrietarakoa da.
Abokatu Orokorrak
aldatuGuztira 11 Abokatu Orokorrek osatzen dute Justizia Auzitegia eta horri laguntza ematen diote aztertu beharreko kasuak prestatzen, idazten eta aurkezten. Abokatu Orokorrak independenteak dira, eta behartuta daude objektibotasunez jardutera eta Europar Batasunaren interesak babestera beren iritzi eta ondorioetan. Lotesleak ez badira ere, haien ondorioek pisu handia izan ohi dute Auzitegiaren erabakietan, EBko zuzenbidearen eta jurisprudentziaren azterketa sakon batean oinarritzen baitira. Abokatu orokorren ondorioak zuzenbidearen hausnarketa sakona eta konponketarako proposamen arrazoitua barne hartzen dute. Haien zeregina funtsezkoa da Justizia Auzitegiaren erabakiak hartzeko prozesuan.
Kideen estatutuak epaileen eta abokatuen eskubide eta betebeharrak jasotzen ditu, helburu nagusia haien independentzia eta inpartzialtasuna bermatzea izanik[2]. Betebeharren artean garrantzitsuena funtzio politiko edo administratiborik bereganatu ezta jarduera profesionalik egikaritu ezin dutela da. Eskubideei dagokienez, mandatuan zehar hartutako erabakiengandik eta afera ofizialengandik jurisdikzio immunitateaz gozatzen dute, baita mandatua bukatuta ere. Hala ere, osoko bilkurak kontrakoa erabaki dezake.
Idazkaria
aldatuEpaimahaiak aukeratzen du, sei urteko mandaturako, eta berriro hautatzeko aukera ematen du. Justizia Administrazioan eta prozeduren kudeaketan Auzitegiari laguntzeko ardura duten funtzionarioak dira. Besteak beste, kasuak prestatzea, aktak idaztea eta entzunaldiak antolatzea dira haren funtzioak.
Antolaketa eta Funtzionamendua
aldatuHainbat sala bereizten dira horien jurisdikzioaren arabera: 3 eta 5 epaileko salak, jurisprudentzia finkaturiko auziak eta hori garatzen duten auziak jarduten dituztenak; Sala Handia (15 epailek osatuta), aurreko jurisprudentziarik ez dagoenean jarduten duena; eta Osoko bilkura (27 epaileak), gai oso garrantzitsuetan biltzen dena.
Antolaketa administratiboari dagokionez, Justizia Auzitegiak bere burua antolatzeko ahalmena du.
Helegite eta Prozedura garrantzitsuenak
aldatuAuzitegiak guztira 7 errekurtso mota ezagutzen ditu, horien artean hauek dira garrantzitsuenak:
Epaitu aurreko arazoak (EBFT, 267).
aldatuEBJAk lankidetzan aritzen da Batasuneko Zuzenbidea aplikatzeaz arduratzen diren epaile nazionalekin, EBko legeriaren homogeneotasuna eta aplikazio eraginkorra bermatzeko[3]. Epaile nazionalek Justizia Auzitegira jo dezakete Batasuneko Zuzenbidea interpretatzeko kontu bat argitzeko eskatzeko, esate baterako, araudi nazionala Zuzenbide horrekin bat datorrela egiaztatzeko. Justizia Auzitegiak epai lotesle baten bidez erantzuten du, antzeko arazo bati aurre egiten dioten beste jurisdikzio-organo nazional batzuei ere eragiten diena. EBko edozein herritarrek lagundu dezake eragiten dioten EBko arauak zehazten, Justizia Auzitegian prozedura hasten duen jurisdikzio-organo nazional baten bidez.
Ez-betetzeagatiko prozedura (EBFT, 258-260).
aldatuEBJAk kontrolatzen du estatu kideek Batasunaren Zuzenbidean dituzten betebeharrak betetzen dituzten ala ez. Kasua Auzitegian aurkeztu aurretik, Batzordeak aurrez zuzendutako prozedura bat gauzatzen da, eta eragindako estatu kideari akusazioei erantzuteko eskatzen zaio[3]. Estatu kideak ez-betetzea amaitzen ez badu, errekurtsoa jarri ahal izango da Auzitegian. Ez-betetzea deklaratzen bada, Estatuak hari amaiera emateko neurriak hartu behar ditu, eta, honek betetzen ez baditu, isunak jar daitezke.
Deuseztasun errekurtsoa (EBFT, 263).
aldatuDeuseztasun errekurtsoak aukera ematen du Batasuneko instituzio, organo edo organismo baten prozedura jarraitu ez duen egintza bat deuseztatzeko eskaera egiteko. Justizia Auzitegiko goiko instantzia arduratzen da estatu kide batek Europako Parlamentuaren edo Kontseiluaren aurka eta Batasuneko instituzio batek beste baten aurka jarritako errekurtsoez.
Ez-egiteagatiko prozedura (EBFT, 265).
aldatuErrekurtso horrek aukera ematen du Batasuneko instituzio, organo edo organismoen ekintza faltaren legezkotasuna egiaztatzeko, baina instituzioari jardutea eskatu ondoren soilik aurkez daiteke. Jarduerarik eza legez kanpokoa dela adierazten bada, dagokion instituzioak behar diren neurriak hartu beharko ditu jarduera horri amaiera emateko.
Kasazio helegitea.
aldatuAuzitegi Orokorraren epai eta autoen aurkako kasazio helegitea aurkez daitezke Justizia Auzitegian. Kasazio helegitea onargarria bada eta oinarrituta badago, Justizia Auzitegiak Auzitegi Orokorraren ebazpena deuseztatu ahal du[3].
Azaldutako 5 errekurtsoez gain, EBFT 268.artikuluan xedatzen den kalte-ordainengatiko errekurtsoa eta EBFT 270.artikuluan aipatzen den funtzionarioen errekurtsoa ere epaitzen ditu Auzitegiak.
AUZITEGI OROKORRA
aldatuOsaera, antolaketa eta funtzionamendua
aldatuEuropar Batasuneko Auzitegi Orokorra 1988an sortu zen, eta lehen auzialdiko organo gisa jarduten du errekurtso gehienetan. Horregatik “Lehen Instantziako Auzitegia” izenarekin sortu zen, Justizia Auzitegiaren lan karga murrizteko eta bereziki defentsa eskubidea bermatzeko. Modu berean, esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko, Auzitegi Orokorrak jurisdikzio-autonomia du[2].
Kide kopuruari dagokionez, 54 epailek osatzen dute, estatu bakoitzak bi epaile izanik eta kide horiek, independentzia-berme absolutuak eskaintzen dituzten eta jurisdikzio-eginkizunak betetzeko beharrezko gaitasuna duten pertsonen artean aukeratuko dira. Gainera, Auzitegi Orokorreko epaileak estatu kideetako gobernuek adostutakoak izango dira eta epaileen agintaldia sei urtekoa izango da, berritu egin daitekeena[4].
Auzitegi Orokorreko epaileen estatutua osatzen duten eskubide eta betebeharretatik, AO-ko kideek, isilpeko bozketa bidez eta gehiengo osoz, hiru urteko agintaldia duen lehendakari bat aukeratzen dute, berritu daitekeena. Halaber, Presidenteak Auzitegiaren lanak eta zerbitzuak zuzentzen ditu, eta Osoko Bilkuraren ikustaldiak eta eztabaidak zuzentzen ditu[2].
Auzitegi Orokorrak ez du Abokatu Orokorrik, baina epaileek ahal dute funtzio hori egikaritu, nahiz eta praktikan ez gertatu[2].
Osaketa jurisdikzionalean, AO-k 3 edo 5 epailez osatutako saletan jarduten du, edo, kasu jakin batzuetan, epaile bakarraren prestakuntzan. Sala Handian (hamabost epaile) edo osoko bilkuran ere bil daiteke, gaiaren konplexutasun juridikoak edo garrantziak hori justifikatzen dutenean. Hala ere, ohikoena hiru epaileko sala batek gaiak epaitzea da[2].
Eskumenak
aldatuHonako eskumen hauek dira nabermenenak:
- Estatu kideek Batzordearen (eta Europako Banku Zentralen) egintzen kontra jarritako errekurtsoen gainean.
- Pertsona fisiko eta juridikoek jarritako errekurtso guztiak ezagutzen ditu, ez-betetzeagatikoak izan ezik.
- Estatu kideek Kontseiluak estatu-laguntzen arloan hartutako erabakien aurka jarritako deuseztasun errekurtsoak eta ez-egiteagatiko ondoriozko errekurtsoak esleitzen zaizkio.
- EB-aren instituzio edo organoak edota haien agenteen egintzen aurreko kalte ordaina eskatzeko prozedurak aurrera eramaten ditu.
- EB-aren instituzio edo organoen eta haien langileen arteko auziak (lan-harremanak, segurtasuna soziala, eta abar) epaitzen ditu, hau da, funtzio-publikoaren kasuak.
- Europar Batasunak ospaturiko kontratuetan eskumena izango du, bakarrik espresuki aurreikusten dutenean.
Kasazio helegitea
aldatuJustizia Auzitegian kasazio helegitea jarri ahal izango da, Auzitegi Orokorrak emandako ebazpenen aurka, lehen auzialdian, errekurtsoak ebazten badituzte. Betiere, zuzenbide-arazoetara mugatuta eta estatutuan ezarritako baldintzetan eta mugen barruan ezarriko da. Bi hilabeteko epea dago[2] helegite hori jartzeko eta ez du Auzitegi Orokorreko ebazpena eteten.
Kasazio helegitea ezartzeko legitimazio aktiboari dagokionez, honako hauei aitortzen zaie gaitasun hori: auziak erabat edo partzialki ezetsi zaizkien edozein alderdiri; estatu kide edo instituzio ez diren alderdi laguntzaileei, baldin eta gatazkan parte hartu ez badute; eta Prozesua martxan zegoenean parte hartu duten alderdiek (Espainiar Konstituzioa eta instituzioez aparte) sententziak eragina badu beraiengan[2].
Halaber, salbuespen gutxi batzuk kenduta, kasazio helegitea zuzenbideko arazoetara mugatzen da. Aipagarriak diren arrazoiak hauek dira; AO-ren eskumen gabezia, prozeduraren irregulartasuna eta EB-eko Zuzenbidearen urraketa.
Azkenik, kasazio helegite bat konpontzeko hiru aukera ditu Justizia Auzitegiaren instantzia gorenak; lehendabiziz, helegitea deuseztatu egiten da AO-ren ebazpena irmoa bihurtuz, bigarrena, ebazpena baliogabetu eta behin-betiko erabakia hartzen da, helegitea onartuz eta, hirugarrena auzia AO-ra bueltatu[2].
PROZEDURA
aldatuIdatzizko fasea
aldatuProzesuaren idatzizko fasean, epaile eta Abokatu orokorrei egitateak eta auziaren arrazoiak zehatz-mehatz aurkeztu nahi zaizkie, bai eta tartean dauden alderdien argudioak eta eskaerak ere. Idatzizko fasea prozesuaren arabera desberdina izan daiteke.
Izan ere, zuzeneko errekurtsoetan, idatzizko fasea demanda jartzeko idazkiarekin hasten da, eta idazki hori auzipetuari jakinarazten zaio, erantzuna aurkez dezan. Helegiteen kasuan, idatzizko fasea errekurtsoa jartzeko idazkiarekin hasten da, eta ondoren erantzun-idazkia dator. Epaitu aurreko arazoetan aitzitik, idatzizko fasea arazo prejudiziala planteatzen duen jurisdikzio-organo nazionalaren ebazpena bidaltzearekin hasten da. Azken prozesu horietan, idatzizko fasean ez dago batak besteari erantzuteko aukerarik[2].
Idatzizko fasearen barnean, behin behineko neurriak eska ahal dituzte alderdiek. Neurri horiek auziko alderdiei prozeduraren ahozko fasearen aurretik frogak biltzeko aukera ematen dieten tresnak dira[3]. Neurri horiek erabiltzen dira Auzitegiak erabaki informatua hartzeko behar den informazio guztia izango duela bermatzeko. Prestatzeko neurrien adibide batzuk informazio-eskaerak, galdeketak eta in situ ikuskapenak dira.
Azkenik, epaile txostengileak kasuaren azken erabakiaz arduratuko den jurisdikzio-formazioa proposatuko du. Baita, Abokatu Orokorraren ondorioak behar diren ere erabaki behar du, gaiak arazo juridiko berririk ez duenean izan ezik[2].
Ahozko fasea
aldatuAhozko fasea idatzizko prozeduraren osagarria da, baina garrantzi gutxiagoa du. Hori dela eta, aukera ematen da ikustaldia ezabatzeko zuzeneko errekurtsoetan, baldin eta alderdiek ez badute eragozpenik jartzen.
Teorian, ahozko aldian, epaile txostengileak aurkeztutako txostena irakurriko da, Auzitegiak agenteei, aholkulariei eta abokatuei entzungo die eta Ondorioak jasoko dira, eta horren ostean, hala badagokio, lekukoak eta perituak aztertuko dira. Praktikan, ordea, agindu horien aplikazioa aldatzen da. Ikustaldirako txostena, ez da ikustaldian irakurtzen, baizik eta ikustaldia baino hiru aste lehenago alderdien abokatuei bidaltzen zaie. Bestetik, Abokatu orokorraren Ondorioak beti idatziak dira, eta ikustaldia egin ondoren aurkezten dira.
Egia esan, ikustaldiaren helburua eta erabilgarritasuna abokatuek auziaren kontu konplexuenak aztertzea eta epaileek galderak egin edo zehaztapenak eskatzea da.
Abokatu Orokorraren ondorioak, deliberazioa eta sententzia
aldatuFormalki, Abokatu orokorraren Ondorioak prozeduraren ahozko fasearen zati dira, baina JA-ren praktika aldatu egin da, eta ondorio horiek prozeduraren atzeko fasean daude. Izan ere, jada ez da ondorioen testuaren irakurketa osoa egiten, abokatu nagusiak epaileei aurkeztutako ebazpen-proposamena baizik.
Beste alde batetik, zuzenbide-arazo berri bat sortu ahal duten gaiek Abokatu orokorraren Ondorioak aurkeztea eskatzen dute, nahiz eta ez den ikustaldirik egin. Ondorio horiek irakurrita, prozedura amaitu eta gaia eztabaida-fasean sartuko dute epaileek, epaia emateko.
Epaileek epaia prestatzeko egiten dituzten deliberazioak modu desberdinetan has daitezke, epaile txostengilearen irizpidearen arabera. Abokatu orokorrak proposatutako konponbidearekin bat egiten duen kasuetan, txostengileak epai-proiektu bat egin ohi du, prestakuntzako gainerako epaileei aurkezteko. Beste kasu batzuetan, eztabaidarako sarrera-ohar baten bidez hasten da, epai-proiektua idazteko adostasun-oinarria lortzeko. Eztabaidak biziak dira, ez dagoelako boto partikularrik, ez iritzi indibidualik ezta planteatzeko abagunerik. Horrek zaildu egiten du epaiak idaztea iritzi desberdinak daudenean[2].
Epaia loteslea da eta auzi-epaituaren efektua du. Justizia Auzitegia azken auzialdian ebazten duen jurisdikzioa denez, bere epaien aurka ezin da errekurtsorik aurkeztu beste ezein epaitegitan.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/2/28 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Tribunal de Justicia de la Unión Europea | Unión Europea» european-union.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-05-11).
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n MANGAS MARTÍN A y LIÑÁN NOGUERAS D.J., “Instituciones y derecho de la Unión Europea”, Tecnos, 2020, 449-454. orrialdeak
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) «Página principal - Tribunal de Justicia de la Unión Europea» CURIA (Noiz kontsultatua: 2023-05-11).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Gaztelaniaz) Tribunal de Justicia de la Unión Europea. 2023-03-02 (Noiz kontsultatua: 2023-05-11).