Edukira joan

Mendi-pinu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pinus uncinata» orritik birbideratua)
Mendi-pinu
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
KlaseaPinopsida
OrdenaPinales
FamiliaPinaceae
GeneroaPinus
Espeziea Pinus uncinata
Banaketa mapa

Mendi-pinua edo leherra (Pinus uncinata) Pinaceae familiako espezie bat da, nahiko pinu txikia, normalean ez baitu 20 metrotako tamaina gainditzen. Mendi garaietan hazten da, 1.700-2-4.000 metroko altueratan. Oso ondo jasaten du hotza eta Euskal Herrian soilik Pirinioetan hazten da, Larra-Ukerdi inguruan eta Zuberoako hego ekialdea, Orhi mendia izanik Pirinioetako sartaldeko muga. Euskal Herrian, altuera handienean hazteko gai den bertako zuhaitz espeziea da. Hagitz poliki hazten da eta 500 urtetik gora bizi daiteke. Azikula edo orratzak 8cm artekoak, binaka elkartuak oinarrian eta berde ilun kolorekoak. Pinaburu txikiak, 6cmtik beherakoak eta ia pedunkulurik gabekoak. Loralditik 3 urtetara heltzen edo ontzen dira haziak. Aldaketa klimatikoarekiko bereziki sentsiblea izan daitekeen espeziea.

Alpetan, Vosgetan eta Pirinioetan hazten den espezie hau aditu batzuen arabera pinus mugo espeziearen azpiespezie bat besterik ez da, Pinus mugo subsp. uncinata izen trinomiala hartuz.

Bonsaiak egiteko erabiltzen dute[1].

Mendi-pinua zuhaitz txikia da eta ez ditu normalean 20 metroak gainditzen. Adakera koniko edo piramidala du eta hostotza oso dentsoa eta iluna. Enbor zuzena du, normalean zutabekara, baina haize bortitzak dauden eskualdeetan okertu egiten da elurraren pisuaren eraginez. Oinarritik adarkatzen da eta enborrak azal gris ilun edo arrea izaten du.

Enborra hiru dimentsiotan, Fossil Plastics proiektuaren baitan.[2]

Hosto azikulatuak ditu, berde ilun kolorekoak eta 3-8 cm x 1,5-2 mm-koak. Ertz latza dute eta binaka elkartzen dira, beste pinu batzuetan ez bezala adarrak ia erabat estaliz eta hosto-egitura dentsoak osatuz. 2-5 urte bitartean mantentzen dira zuhaitzean eta zurrunak dira baina ez oso zorrotzak.

Pinuak monoikoak dira, hau da, lore ar eta emeak dituzte baina zuhaitz berdinaren baitan. Pinuaren loreak kono motako infloreszentziatan multzokatzen dira, arren kasuan polen konoak eta emeen kasuan hazi konoak deiturikoak.

Kono arrak zuhaitzaren oinarrian garatzen dira eta helizean kokatzen diren mikrosporofilo ugariz eraturik daude. Mendi pinuaren polen konoak gorrixkak dira. Estamineek pedikulu txiki bat eta bi polen-zaku dituzte (mikrosparangio deiturikoak, bertan daudelarik polenaren ama zelulak). Polen aleek bi zaku aerifero dituzte.

Kono emeak (estrobiloak) ezkata obulifero batzuez eratuta daude, bakoitzak bi obulu dituelarik. Zuhaitzaren goialdean kokatzen dira eta bertan gertatzen da ernalkuntza.

Pinaburua
Pinus uncinata

Pinaburuak ia eseriak dira, aobatuak edo aobatu-konikoak eta kolore arre distiratsukoak. 5-7 x 2-3 cm neurtzen dituzte eta erabat asimetrikoak dira, alde bateko ezkatak bestekoak baino handiagoak direlarik. Pinaburu arren ezkaten apofisiak ezkutu izenekoa du, konkor txiki moduko bat, begiz ikus daitekeena. Mendi-pinuaren ezkutua kakoduna eta atzerantz kurbatua da, hortik datorkio hain zuzen ere 'uncinata izena, kakoduna esan nahi duena. Pinaziak kolore gris-arrekoak edo beltzak dira, 4-5 mm-koak eta 1,6 cm-rainoko hegala dute.

Bereziki Alpeetan eta Pirinioetan hazten da, baina Vosgeetan ere aurki daiteke. Iberiar Penintsulan Gudar (Teruel) eta Cebollera (Soria eta Errioxa) mendietan ere aurki daiteke, baina bereziki ugaria da Girona, Lleida eta Huescako mendietan.

1.600-2.400 metroko altueratan bizi da baina ale solteak ikusi izan dira 2.700 metroko altueran, baita 1.400 metrokoa. Ia edozein substratu motatan haz daiteke, baita hartxingadi eta arroka arrailetan ere. Oso ondo jasaten du hotza eta lurzoru hezea behar du, ez ditu udako lehorteak jasaten.

Loratzea ekaina eta uztaila bitartean ematen da eta pinaburuek udan lortzen dute heldutasuna. Hala ere, pinaziek bi urte behar dituzte erabat garatzeko eta udaberri horretan hozituko dira.

Hazkuntza moteleko pinua da eta bizitza luzekoa, 600 urte baino gehiago bizi daitekeelarik. Bere zura zurruna da, arina eta lantzeko erraza, erretxinatsua, baina ez da gehiegi erabiltzen zuhaitz honen eskasia dela eta. Lur subalpetarra birpopulatzeko oso erabilia izan da, lurzorua babesten eta berreskuratzen paper garrantzitsu bat betetzen baitu bertan.

Espezieen arteko elkarrekintzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere beheko mailan Pinus sylvestris eta izei eta pagoekin aurkitzen da. Arrunta da ere Vaccinium myrtillus, Rhododendron ferrugineum eta Salix pyrenaica-rekin aurkitzea.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. J.-C. Rameau, D. Mansion, G. Dumé. (2006). Flore forestière française. 2: Montagnes Institut pour le développement forestier.
  2. «Elurmaluta.net - Fossil Plastics - Alegiazko Enborrak» www.elurmaluta.net (Noiz kontsultatua: 2021-01-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]