Nancy Fraser
Nancy Fraser | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Baltimore, 1947ko maiatzaren 20a (77 urte) |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Hezkuntza | |
Heziketa | CUNY Graduate School and University Center (en) |
Hezkuntza-maila | doktoretza |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | filosofoa, unibertsitateko irakaslea, soziologoa, politologoa eta feminista |
Parte-hartzailea
| |
Enplegatzailea(k) | Northwestern Unibertsitatea Stanford Unibertsitatea University of Georgia (en) Groningengo Unibertsitatea New School (en) |
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | Michel Foucault |
Kidetza | Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia |
Nancy Fraser (Baltimore, 1947ko maiatzaren 20a) filosofo eta feminista estatubatuarra da, hainbat saiakera-libururen egilea. Batez ere, identitate-politikei egindako kritikengatik eta justiziaren kontzeptua garatzen egindako lanagatik da ezaguna; era berean, feminismo liberal garaikidea gogor kritikatzen du, baita horrek justizia soziala alde batera utzi izana ere. Hiru herrialdetako lau unibertsitatetako ohorezko doktore-tituluak dauzka, eta 2010ean American Philosophical Association elkartearen Alfred Schutz Prize saria jaso zuen Filosofia Sozialaren eremuan. Gaur egun, politika- eta gizarte-zientzien eta filosofiako irakaslea da New Yorkeko The New School unibertsitatean.
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1969an Filosofian lizentziatu zen Pennsylvaniako Bryn Mawr College unibertsitatean, eta 1980an filosofiako doktoretza-titulua lortu zuen The City University of New York (CUNY) unibertsitatean. Hainbat urtez Northwestern Unibertsitateko filosofia-departamentuan irakasle jardun ostean, New Yorkeko New School unibertsitatera joan zen, eta han dihardu gaur egun ere, politika- eta gizarte-zientzien eta filosofiako irakaslea. Edonola ere, AEBetatik kanpoko zenbait unibertsitatetan egona da irakasle bisitari legez, hala nola Alemanian, Frantzian, Espainian eta Herbeheretan.
Hainbat liburu argitaratu ditu, eta hitzaldiak ere maiz ematen ditu. Stanford Unibertsitateko itzal handiko Tanner Hitzaldietan parte hartzera gonbidatua izan da, baita Amsterdameko Unibertsitateko Spinoza Hitzaldietara ere.[1]
Teoria kritikoari eta teoria demokratikoari buruzko nazioarteko Constellations aldizkariaren koeditorea izana da, eta gaur egun aldizkariko Argitaratze Batzordeko kidea da.[2]
Hiru herrialdetako lau unibertsitatetako ohorezko doktore-tituluak dauzka (bi Argentinan eta bana Herbehereetan eta Danimarkan), eta 2010ean American Philosophical Association elkartearen Alfred Schutz Prize saria jaso zuen Filosofia Sozialaren eremuan.[3]
Ikerketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batez ere, identitate-politikei egindako kritikengatik eta justiziaren kontzeptuaren alorreko lan filosofikoagatik da ezaguna; era berean, feminismo liberal garaikidea gogor kritikatzen du, baita horrek justizia soziala alde batera utzi izana ere.[4][5]
Justizia: banaketa ez-zuzena eta aintzatespen ez-zuzena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fraserrek bi justizia mota bereizten ditu, elkarrekin lotuta daudenak: justizia banatzailea (baliabideen banaketa zuzena) eta aintzatespenaren justizia (gizarte bateko identitate/talde ezberdinen aintzatespen zuzena).[6] Era berean, bi justizia mota horiei kontrajartzen zaizkien bi injustizia mota zehazten ditu: banaketa ez-zuzena eta aintzatespen ez-zuzena.[1] Fraserren ustez, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako justizia sozialaren aldeko mugimendu ugarik arrazaren, generoaren, sexualitatearen eta etnizitatearen aintzatespena aldarrikatu zuten, eta aintzatespen ez-zuzenari konponbidea emateko ahalegin horrek bazterrean utzi zituen banaketa ez-zuzenak eragindako arazoei erreparatzeko saiakerak.[7] Beste era batera esanda, identitate-politikez gehiegi arduratzeak ekarri du kapitalismo neoliberalak eta gorabidean dagoen aberastasun-desberdintasunak eragiten dituzten kalteei erreparatzeko auekerarik ez izatea.[8]
Feminismo liberala, “kapitalismoaren neskame”
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fraserren ustez, Ameriketako Estatu Batuetan, Ingalaterran eta munduko leku askotan gaur egun indarra duen mugimendu feminista feminismo liberala da, berak "kapitalismoaren neskame" deritzona [4]; ez dute zalantzan jartzen gaur eguneko egitura sozioekonomikoa, eta, beraz, bide horretatik ezinezkoa da emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak gainditzea. Esate batera, Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtsaren buruari erreferentzia eginez, Fraserrek dio “munduaren zati bat kanpoan uzten badu doitze estruktural eta politikoak eginda, eta hori egiten duena emakumea bada, hori ez da aurrerapena”.[9]
Bere iritziz, han-hemen sakabanatuta dauden hainbat emakumez —oso pribilegiatuak, heziketa-maila altukoak eta prestakuntza handikoak— osatutako multzo txiki batek baino ez du lortu boterera iristea, eta, gainera, genero-mendekotasunean oinarritutako gizarte patriarkalaren egiturazko oinarriak zalantzan jarri gabe, gizonekin lehiatuz eta gizonen jarrerak imitatuz; “sozialki maskulinoak” bihurtuz. Gainera, emakume horiek goi-mailako postuetan egon ahal izateko, beste norbaitek egiten ditu gizarte kapitalistak emakumeen lepo jartzen dituen erreprodukzio-lanak; hots, “(…)emakume etorkinak, beltzaranak, herrialde pobrekoak, nekazaritza-eremuetakoak. Ohikoa da emakume horrek soldata oso murritza izatea, bere haurrak utzi izana edo bera baino are pobreagoa den norbaiti utzi izana zaintzeko”. Alta, Fraserrek dioenez, botere-postuetan dauden emakumeek beste emakume horien bizkar lortzen dute arrakasta profesionala, produkzioa erreprodukzioaren gainean eraikiz. Beraz, orain arte lortu den bakarra da “emakume pribilegiatu gutxi batzuk toki batetik bestera mugitu direla”. Baina gizarte kapitalistaren egiturak bere horretan jarraitzen du, produkzio ekonomikoa eta erreprodukzio soziala uztartu barik.[9]
Fraserren aburuz, "egitura produktibo eta erreproduktiboa, genero-banaketaren ezaugarri hori, erdi-erdian dago, oinarrizkoa da; gizarte kapitalistetan menpekotasun femeninoak hartzen duen formaren oinarri instituzionala”. Egitura hori aldatzeko, bestelako mugimendu politiko baten beharra ikusten du, esango duena “lan-egitura hau ez da bidezkoa, eta aldatu egin behar dugu”. Norbanakoaren borrokaz baino gehiago, elkarte eta mugimenduen egitura birdiseinatzeaz ari da.[9]
Facebook-eko operazio-buru den Sheryl Sandbergen 2013ko Lean In liburuan jasotakoei buruz, Fraserrek zera esan zuen:
« | "Nire ustez, feminismoa ez da, besterik gabe, emakume batzuk han-hemenka sakabanatuta egotea, non eta gaur eguneko hierarkia sozialetako botere- eta pribilegio-postuetan. Ezinbestekoa da gizarte kapitalistan genero-nagusitasuna eragiten duten oinarrizko egiturak zalantzan jartzea; nagusiki, ustez ezberdinak diren bi jarduera motaren bereizketa instituzionala: alde batetik, lan "produktiboa" deritzona, historikoki gizonekin lotua eta soldaten bidez ordaindua; eta, bestetik, "zaintza" ekintzak, askotan historikoki ordainik gabeak eta oraindik ere nagusiki emakumeek eginak. Nire iritziz, "produkzioaren" eta "erreprodukzioaren" arteko generoaren araberako bereizketa hierarkiko hori gizarte kapitalistaren oinarrizko egitura da, bai eta horrekin zuzenean lotutako genero-asimetrien sorburu amaigabea ere. Emakumeak ezin izango dira "emantzipatu" egitura horrek bere horretan irauten duen bitartean."[5] | » |
Emantzipazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2013an “A triple movement?” (“Mugimendu hirukoitza?”) artikulua argitaratu zuen New Left Review aldizkari ingeles erreferentzialean, liberalismo ekonomikoaren aurkako Karl Polanyi ekonomialari eta antropologo hungariarrak 1944an argitaratutako The Great Transformation (“Eraldaketa Handia”) liburuan proposatutako merkatua/jendartea mundu bi-polarrari hirugarren hanka bat gehituz: emantzipazioa.[10]
Polanyiren ustez, XX. mende hasieran krisia inguratu zuten borroka sozialek “mugimendu bikoitza” sortu zuten: batetik, merkatuen desarautzearen eta merkantilizazioa zabaltzearen alde egin zuten alderdi politiko eta interes komertzialak zeuden; bestetik, merkatuaren txikizioaren aurrean “jendartea babestea” bilatzen zuen klase sozialen nahasketa bat –nekazaritza-eremuetako eta hirietako langileak, lur-jabeak, sozialistak, kontserbadoreak...–. Fraserrek ez du horrelako mugimendu bikoitzik ikusten XXI. mendean, ez du ikusten “gizartea eta natura babestera bideratutako hegemoniaren kontrako proiekturik”.[10]
Fraserren aburuz, 1960ko hamarkadan eta hurrengo urteetan lehertu ziren mugimendu emantzipatzaileak —arrazismoaren kontrako borroka, inperialismoaren eta gerraren kontrakoa, ezker berria, feminismoaren bigarren olatua, LGBTren liberazioa, kultura-aniztasuna, eta abar — oso kritikoak izan ziren gerraosteko estatuen ongizatean sortutako babes sozial moldeekin, hierarkia injustuak eta gizarte-bazterketa eragiten zituztelakoan; halere, horrek ez zuen esan nahi mugimendu emantzipatzaileak liberalismo ekonomikoaren aldekoak zirenik, hau da, gizartearekiko haustura eragin nahiak ez zituen “ekonomiaren” aldeko bihurtzen. Hortaz, orokorrean, gerraosteko mugimendu sozialak ez dira egokitzen Polanyik proposatutako mugimendu bikoitzaren alde batean ez bestean, ez merkantilizazioaren defentsan, ezta babes sozialarenean ere.[10]
Izan ere, mugimendu haiek hirugarren proiektu politiko bat besarkatu zuten, Fraserrek ‘emantzipazioa’ deritzona. Bere ustez, “Polanyiren lanean agertzen ez den arren, proiektu honek posizio zentrala okupatu behar du XXI. mendeko borroka sozialen gramatika argitzeko orduan”. Horregatik, Fraserrek proposatzen du konstelazio hori aztertzea irudi diferente baten bidez, hots, “mugimendu hirukoitza”, non tokia izango duten merkantilizazioaren defendatzaileek, babes sozialarekin bat egiten dutenek eta emantzipazioaren aldekoek. Fraserren ustez, hirugarren hanka horrek neoliberalismoarekiko erlazio arriskutsua hautsiko du eta aliantza berriak egingo ditu babes sozialaren printzipioekin.[10]
Argitaratutako lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Liburuak
- Unruly practices: power, discourse, and gender in contemporary social theory (1989)
- Justice interruptus: critical reflections on the "postsocialist" condition (1997)
- Redistribution or recognition?: A political-philosophical exchange (Axel Honneth-ekin batera, 2003)
- Scales of justice: reimagining political space in a globalizing world (2009)
- Fortunes of feminism: from state-managed capitalism to neoliberal crisis (2013)
- Transnationalizing the Public Sphere (beste autore batzuekin batera; ed.: Kate Nash; 2014)
- Domination et émancipation, pour un renouveau de la critique sociale (Luc Boltanski eta Philipee Corcuff-ekin batera; 2014)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Nancy Fraser, Hanne Marlene Dahl, Pauline Stoltz and Rasmus Willig, "Interview: Recognition, Redistribution, and Representation in Capitalist Global Society, an Interview with Nancy Fraser, Acta Sociologica Vol. 47, No. 4, Recognition, Redistribution, and Justice (Dec., 2004), pp. 374-382: https://www.jstor.org/stable/4195051?seq=1#page_scan_tab_contents
- ↑ "About Constellations." Constellations Journal. The New School, n.d. Web. 23 Mar. 2015. Fraser, Nancy (2013). Fortunes of feminism: from state-managed capitalism to neoliberal crisis. Brooklyn, New York: Verso Books.
- ↑ Nancy Fraser homepage: http://www.newschool.edu/nssr/faculty/?id=4e54-6b31-4d41-3d3d
- ↑ a b Nancy Fraser, “How feminism became capitalism's handmaiden - and how to reclaim it,” The Guardian.com, October 14, 2013 http://www.theguardian.com/commentisfree/2013/oct/14/feminism-capitalist-handmaiden-neoliberal
- ↑ a b Interview with Nancy Fraser in the New York Times, “A Feminism Where ‘Lean In’ Means Leaning On Others,” http://opinionator.blogs.nytimes.com/author/nancy-fraser/?_r=0
- ↑ Nancy Fraser, Rethinking Recognition, New Left Review 3, May–June 2000. http://newleftreview.org/II/3/nancy-fraser-rethinking-recognition
- ↑ Martha Palacio Avendaño, Interview with Nancy Fraser: Justice as Redistribution, Recognition and Representation, Monthly Review, May 19, 2009: http://mrzine.monthlyreview.org/2009/fraser160509.html
- ↑ NANCY FRASER, ROQUE URBIETA HERNANDEZ, and FABIOLA NAVARRO, "The battle for neoliberal hegemony: an interview with Nancy Fraser" Open Democracy, January 19, 2016: https://web.archive.org/web/20170827052749/https://www.opendemocracy.net/roque-urbieta-hernandez-fabiola-navarro-nancy-fraser/battle-for-neoliberal-hegemony
- ↑ a b c [|Irureta Azkune, Onintza]. Nancy Fraser. (Noiz kontsultatua: 2017-08-27).
- ↑ a b c d [|Apaolaza Avila, Urko]. Emantzipazioaren hanka. (Noiz kontsultatua: 2017-08-27).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Proposamen antikapitalistaren abangoardian dago feminismoa" Maite Asensio Lozano (Berria, 2019ko martxoaren 31n)
- "Emantzipazioaren hanka" Urko Apaolaza Avila (Argia, 2016ko martxoaren 27an)
- "Elkarrizketa: Nancy Fraser" Onintza Irureta Azkune (Argia, 2015eko urtarrilaren 9an)