Lockheed Martin
Lockheed Martin estatubatuar enpresa aeroespaziala, 1995 arte munduko aireontzi militar eta arma-fabrikatzailerik handienetako bat. 1995ean Martin Marietta enpresarekin batu zen, eta munduko armagintza-talderik handiena eratu zuen horrela.
1913an Loughead izeneko anaia irlandar batzuk ur-hegazkinak egiten hasi ziren, eta 1926an Allan Lougheadek Lockheed konpainia berria sortu zuen, eta harrezkero hegazkin militar eta zibil ugari egin ditu. Lehenengo hegazkinak, Vega-k, arrakasta handia lortu zuen. Ondorengoak ere garrantzitsuak izan ziren: 1930eko Orion-ek adibidez, helize-sistema berritzaile bat zuen. Handik gutxira finantza-talde batek bereganatu zuen konpainia. 1934ko L.10 Electra modeloak hamar bidaiari eraman zitzakeen, eta 1939ko P-38 Lighting-a Bigarren Mundu Gerrako hegazkinik ikaragarrienetako bat izan zen. 1950ean sortutako Super Constellation L. 1049 merkataritzako hegazkina garraio-konpainia askorentzat eredu izan zen, erreaktorea iritsi arte. Hain zuzen ere Lockheed enpresak sortu zuen estatubatuar armadarako lehen borroka-erreaktorea. Hamarkada horretan bertan beste zenbait modelo sortzeaz gainera, espioi-lanetarako hegazkinak egiteari ekin zion: U-2 eta 1960. hamarraldiko A-12 Blackbird (geroago SR-71 izenez ezagutua) modeloak adibidez. 1970ean aurkeztu zuen lehen merkataritzako erreakzio-hegazkina, L-1011 TriStar-a, baina arrakasta handirik izan ez zuenez, merkataritzarako hegazkinak egiteari utzi zion, eta armadarako borroka-hegazkinetara itzuli zen: 1980ko hamarraldian adibidez, F-117A Nighthawk-a egin zuten, gerra elektronikoan espezializatua, eta radarrari ihes egiteko teknologia berrienak zituena. Martin enpresarekin elkartu aurretik, Estatu Batuetako armadak ehiza-hegazkintzat aukeratutako F-22 modeloa egiten parte hartu zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.