Edukira joan

Kondor operazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kondor operazioan parte hartu zuten herriek. Partaide aktiboak, berde ilunez: Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Paraguai, Uruguai. Noiz-behinkako partaideak, berde argiaz: Kolonbia, Peru, Venezuela. Laguntza eta finantzazioa, urdinez: Ameriketako Estatu Batuak

Kondor operazioa (gaztelaniaz: Operación Cóndor; portugesez: Operação Condor) Hego Amerikan egindako errepresio politikoko eta estatu terrorismoko kanpaina bat izan zen. Hilketak eta inteligentzia operazioak barneratzen zituen, ofizialki 1975ean hasi zen ezartzen, diktadore eskuindarren bidez. Programaren xedea zen Hego Amerikan errotzen zebilen pentsaera eta filosofia sozialista eta komunista erauztea, haien aurkako oposizio potentziala edota ideien gainean kontrol aktiboa ezarriz. Kondor operazioa egiteko elkarrekin aritu ziren Hego Amerikako hainbat gobernu, Txile, Argentina, Brasil, Paraguai, Uruguai eta Bolivia, batez ere. Kasu batzuetan Peru, Kolonbia eta Venezuelak ere lagundu zuten. Ameriketako Estatu Batuen laguntzarekin aritu ziren, 1970 eta 1980ko hamarkaden artean.[1]

Kanpaina honen klandestinitatea zela eta, zuzenean eragindako hildakoen zenbatzea ezinezkoa da. Koordinazioaren helburua ofizialki zen herrialde horretako erregimenek "ezarritako ordenarekiko pertsona subertsiboak, edo Ameriketako Estatu Batuetako gobernuaren eta, beraz, eskualdeko diktadura militarren politikekiko pentsamendu politiko kontrajarria edo ideologikoki aurkakoa" zuten pertsonak "jarraitzea, zelatatzea, atxilotzea, torturatzea, herrialdez aldatzea eta desagertzea edo erailtzea". Gehien bat ezker politikoaren parte ziren eta, beraz, diktadura militar horien opositore ziren hamarnaka mila pertsona desagerrarazi zituzten, nazioarteko sare bat eratuz prozesua egin ahal izateko. Paraguain 1992an aurkitutako Terrorearen agiritegiek aipatzen dute 50.000 lagun erail zituztela, 30.000 desagerrarazi, eta 400.000 kartzelatu.[2]

2007an, AEBko Long Island Unibertsitateko Patrice McSherry irakasleak, 1976an sinaturiko CIAren ezkutuko agiri bat argitaratuta, Buenos Airesen babesturiko Txileko eta Uruguaiko herritarrei eginiko bahiketa eta torturak azaleratu zituen. Plan horiek 1960ko hamarkadan School of Americasen eta Ameriketako Armaden Konferentzian ernaldu zirela dio agiriak. McSherryk desklasifikaturiko 1976ko agiri batean aurkitu zuenez, "1974ko hasieran Buenos Airesen Argentina, Txile, Uruguai, Paraguay eta Boliviako segurtasun ofizialak batzartu egin ziren itu subertsiboen aurkako ekintza koordinatuak prestatzeko".

1954ean Alfredo Stroessner jeneralak Paraguayko kontrola hartu zuen. Brasilgo militarrek 1964ean João Goularten herri gobernu demokratikoa eraitsi zuten. Kolpe saio batzuen ondoren Hugo Bazner jeneralak Boliviako agintea hartu zuen 1971n. 1973ko irailaren 11an Augusto Pinochet jeneralak Txileko lehendakariaren egoitza, Moneda jauregia, bonbardatu zuen demokratikoki hautaturiko Salvador Allende lehendakaria hila suertatu zelarik. Inguru-mari horretan, hiru urte beranduago, martxoaren 24ean Jorge Rafael Videla jeneralaren junta militarrak Argentinako agintea indarrez hartu zuen.

Henry Kissinger, AEBko Estatu Idazkaria, askoren ustez operazioaren ideologoa.

1975eko azaroaren 25ean Argentina, Bolivia, Txile, Paraguay eta Uruguaiko inteligentzia militarretako buruak Txileko DINAko (Dirección de Inteligencia Nacional) buru zen Manuel Contrerasekin batzartu ziren diktaduren aurka ari ziren alderdi, sindikatu, ikasle mugimendu edo nolanahiko ekintzen aurka egiteko.[3] Indar errepresiboek elkar laguntzea adostu zuten, Txileko Santiagon ezkutuan Kondor operazioa ofizialki sortzeko. Hala ere, seguritate zerbitzuen arteko lankidetzak "subertsio Marxistaren" aurkako borrokan lehenagotik ere martxan ziren. 1973ko irailaren 3an Caracasen antolatu zen Amerikako Armaden X. batzarrean Brasilgo armadaren buru zen Breno Borges Fortes jeneralak "subertsioaren aurkako borrokan" eragingarria litezken informazioen herri eta zerbitzu arteko trukaketa proposatu zuen.

Are gehiago, 1974ko martxoan Txileko, Uruguaiko eta Boliviako polizi indarretako goi ordezkariak Alberto Villarrekin (Argentinako polizia federalaren buru, eta A hirukoitzeko heriotza brigaden sortzaileetariko bat) batzartu ziren. Batzar hartan, subertsiboen lehertzeko asmotan lagunkidetza bermatzeko lerrobidea ezarri zen, eta Argentinan bizi ziren milaka iheslari politikoren etorkizuna erabaki zen. Abuztu hartan Kondor operazioaren lehen biktimen gorpuak agertu ziren Buenos Airesko zabortegietan boteak, boliviar iheslariak izan ziren.

Marie-Monique Robin frantziar kazetariak (Escadrons de la mort liburuaren egile, 2004) adierazi zuenez, Kondor operazioaren ekimena Rivero jeneralari zegokion (Argentinako Armadako inteligentzia ofiziala). 1976ko ekainetik, Condor operazioa Buenos Aireseko Automotores Orletti garajetik koordinatu zen, gainera, Argentinako eta hainbat herrialde mugakideetako pertsona deserosoen hilketa eta torturarako leku bihurtuta.

Guda Hotzaren testuingurua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondor Operazioa Guda Hotzaren testuinguruan kokatzen da, hori zela eta AEBek parte hartze aktiboa eta onarpen taktikoa eduki zituen. 1968an AEBko Robert W. Porter jeneralak baieztatu zuen:

« Latin Amerikako herrien barne segurtasun indarren eta zerbitzu ezberdinen arteko elkarlana bultzatu nahi dugu integratutako komando eta kontrol zentroen bidez lagunduaz; operazio prozedura komunak eratuz; eta hezkuntza eta entrenamendu metodo berak erabiliz haien artean. »

Kondor Operazioa esfortzuon fruitu suertatu zen.

Ofizialki, ituak talde armatuak ziren, Txileko Ezker Mugimendu Iraultzailea (MIR) kasu, edo Argentinako Montoneroak eta Herriaren Armada Iraultzailea (ERP), Uruguaiko Tupamaroak eta abar, hori bai, aurkari politiko guztiak barne hartuta, bai eta haien senitarteko nahiz adiskideak ere, Valech Batzordeak dakarrenez. Argentinako gerra zikinak, adibidez, gutxi gorabehera 30.000 hil eragin zituen.

Hegoamerikako diktaduren bizi-iraupen denborak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondor Operazio inguruko jakinarazpenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1992ko abenduaren 22an Kondor Operazioaren inguruko informazioa franko argitaratu zen José Fernández, Paraguayko epaileak Lambaré, Asuncion hiriko auzoko komisaldegia bertan izaniko preso politikoen fitxategiengatik galdezka bisitatu zuenean. Agertu zirenak gerora "Terrorearen agiritegiak" izenekoak izan ziren, bertan, milaka Hego Amerikarren isilpeko bahiketa, tortura eta hilketen xehetasunak agertzen ziren ekintzok Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Paraguay eta Uruguaiko zerbitzu sekretuek burutu zituztelarik. Fitxategiok azalean 50.000 hildako, 30.000 desagertu eta 40.000 espetxeratu utzi zituzten.

Fitxategion arabera beste herri batzuek, Peruk kasu, zenbakiok handitzen lagundu zuten zerbitzu sekretuei inteligentzia informazioa eskainiz Hego Konoko herriei. Nahiz eta Peruk ez zuen Santiagoko 1975eko batzar sekretuan parte hartu ez, harreman frogak badira. 1980ko ekainean Peruk Argentinako 601 Inteligentzia batailoia (Batallón de Inteligencia 601) lagundu zuen Liman, erbestean, bizi ziren Montonero talde bat bahitu, torturatu eta desagerrarazten.

Gertaera nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carlos Prats txiletar jeneral eta Salvador Allenderen gobernuko ministro ohiaren erailketa Argentinan, eta Orlando Letelierrena AEBn, operazio honen parte izan ziren.[4] Erroman, Stefano Delle Chiaie italiarra, Gladio Operazioaren barruan, Bernardo Leighton erailtzen saiatu zen. Kubatar jatorriko Orlando Bosch Ávilak egin zuen tiro, eta larri zauritu zituen Bernardo Leighton eta haren emaztea. Madrilen Txileko MIR alderdiko pertsonak bahitzen saiatu ziren, eta Erroman argentinar disidentziaren aurka aritu ziren. Kondor operazioaren agenteak aukera zuten Hego Amerika zein Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan aritzeko.

Vincenzo Vinciguerraren eta Stefano Delle Chiaieren arabera Prats eta Leteleirren erailketetan Michael Townley CIAko agenteak parte hartu zuen. Luis Posada Carriles kubatar-estatubatuar terroristak ere parte hartu zuen Orlando Letelier erailtzeko bileran. Eduardo Frei Montalva ere Colonia Dignidad delakoan sortutako pozoi batekin erail zutela jakin da azken urteotan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]